Ukrainako Defentsa ministroak dimititu egin du, Zelenskik bultzatuta

Estatuburuak Reznikov kargugabetzeko asmoa zuen, argudiatuta «ikuspegi berri bat» behar duela ministerioak. Errusiak bigarren egunez jarraian eraso egin die Ukraina ekialdeko portuei

Oleksii Reznikov azkeneko 22 hilabeteotan Ukrainako Defentsa ministro izandakoa prentsa agerraldi batean, aurreko otsailean. OLEG PETRASIUK / EFE.
Igor Susaeta.
2023ko irailaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak herenegun gauean iragarri zuenez, Oleksii Reznikov Defentsa ministroa kargugabetzea proposatzeko asmoa zuen herrialdeko parlamentuan, eta Reznikovek berak eman zuen dimisioa atzo, X sare sozialaren bidez jakinarazi zuenez. «Ohore bat izan da azkeneko 22 hilabeteetan, Ukrainaren historia modernoko aldirik gogorrenean, ukrainar herria zerbitzatzea eta Ukrainako armadarentzat lan egitea». Ukrainako presidenteak argudiatu du ministerioak «ikuspegi berri bat» eta gizartearekin zein militarrekin erlazionatzeko «beste formatu batzuk» behar dituela. Rustem Umerov proposatu dute Reznikoven lekua hartzeko. Aldaketa iritsi da, hain justu, Ukraina gerra frontean kontraerasoan ari denean.

Ez Zelenskiren jarrerak, ez Reznikoven erabakiak inor ez du ezustean harrapatu. Izan ere, aurreko urtarrilean jopuntuan egon zen ministroa, ministerioan gertatutako ustelkeria kasuen berri eman zutelako herrialdeko hedabideek. Presidenteak zenbait goi kargudun kanporatu zituen orduan, eta Reznikov ere kaleratua izateko zorian egon zen. Prentsa agerraldi batean azpimarratu zuen karguari uko egingo ziola Zelenskik hala eskatuz gero. Zortzi hilabete geroago hartu du erabakia, estatuburuak bultzatuta. 2021eko azarotik zegoen karguan.

Gerrari dagokionez, Errusiakbigarren egunez jarraian bonbardatu zituen Ukraina ekialdeko portuak. Herenegun goizaldean Renikoari eraso zion, eta atzo, Izmailgoari. Bi portu horietatik abiatuta, zerealak esportatu ohi ditu Ukrainak. Moskuk atzo argitu zuen Ukrainako armadaren erregai biltegiak zituela helburu.

Danubio ibaiaren bidez, Errumaniarekin muga egiten dute bai Renik, baita Izmailek ere, eta, Ukrainako Atzerri ministro Oleg Nikolenkok Facebooken idatzi zuenez, droneetako batzuk Errumanian erori eta lehertu ziren. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kidea da Errumania. Hango Defentsa Ministerioak, ordea, Kievek esandakoa gezurtatu zuen. Ukrinform hedabideak Ukrainako iturri militarrak aipatuz kaleratu duen informazioaren arabera, atzo hamazazpi drone erorarazi zituzten aireko defentsa sistemek; Errusiak jaurtitako beste drone batzuek, ordeak, beren helburuak jo zituzten.

Putin eta Erdogan, zerealez

Errusiak ugaritu egin ditu portuetako azpiegituren aurkako erasoak, joan den uztailean zerealen garraiorako ituna bertan behera uztea erabaki zuenetik. Moskuk eta Kievek sinatu zuten iazko uztailean, NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Turkiaren bitartekaritzarekin. Besteak beste, horri buruz hitz egiteko batzartu ziren atzo Sotxin (Errusia) Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea eta Vladimir Putin Errusiakoa. Aurrenekoak aktibatu egin nahi du atzera, eta horretarako lanean ari da. Batzarraren ondoren egin zuten agerraldi bateratuan esan zuen uste duela laster irtenbide bat topatu ahal izango dutela akordioa, berriro, martxan jartzeko. Hori bai, eskatu zion Kievi «baretu» dezala auzi horretan Errusiarekiko duen jarrera.

Kremlinek indargabetu egin zuen ituna, ordea, iritzita ez direla bere eskariak aintzat hartzen. Izan ere, salatu izan du Mendebaldeak ezarri dizkion zigor ekonomikoek kalte egiten dietela beren nekazaritza esportazioei. Itunari eusteko, neurri horiek kentzea exijitzen du. Eta Putinek hori bera berretsi zuen, atzo, bileraren ondoren. Akordioari esker, 32 milioi tona labore ale eta ongarri esportatu ahal izan dituzte Itsaso Beltzetik azkeneko urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.