Desobedientziagatik auzipetutako seiak Katalunian epaituko dituzte

Prozesu subiranistaren aurkako epaiketa «arintzeko» banatu du kausa Auzitegi Gorenak. Defentsen argudioak baztertuta, Gorenak berretsi du berari dagokiola matxinadagatik auzipetutakoak epaitzea

Estelada bat, joan den abenduaren 15ean Auzitegi Gorenaren aurrean egindako elkarretaratze batean. L. PIERGIOVANNI / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
«Banaezina» da Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako auzi judiziala. Manuel Marchena Espainiako Auzitegi Goreneko magistratuak, makroepaiketaren epaimahaiko presidenteak, horixe adierazi zuen auto batean, atzo. Halere, eta epaiketa «arintzeko» helburuarekin, desobedientziagatik auzipetutako seien kontrako epaiketa Kataluniako Auzitegi Nagusiaren esku uztea deliberatu du. Lluis Guino, Lluis Corominas, Anna Simo, Joan Josep Nuet eta Ramona Barrufet Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kide kargugabetuak eta Mireia Boya CUPeko diputatu zena dira sei auzipetu horiek. Haientzat isun ekonomikoak eta 16-20 hilabete arteko inhabilitazioa eskatzen ditu fiskaltzak.

Prozesu subiranistaren harira matxinadagatik edo diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik, edo biengatik, auzipetuta dauden hamabi buruzagi politikoen defentsek ere eskatu zuten beren bezeroek Katalunian epaituak izan behar zutela, iritzita, besteak beste, egozten zaizkien ustezko delituak Katalunian egin zituztela, forudunak zirela, eta ez dagokiola Gorenari horiek epaitzea. Baina Marchenak erantzun die ustezko delituak Kataluniako mugak gainditzen dituela —epaimahaiak aho batez hartu du erabakia—, eta aldebakarreko independentzia aldarrikapenaren eraginak handik kanpo zabaldu direla. Beraz, eta espero bezala, Gorenak epaituko ditu Oriol Junqueras, Carme Forcadell, Jordi Sanchez, Jordi Cuixart, Raul Romeva, Joaquim Forn, Jordi Turull, Josep Rull, Dolors Bassa, Santi Vila, Carles Mundo eta Meritxell Borras. Horiei zazpi eta 25 urte arteko kartzela zigorra ezar diezaietela eskatzen du fiskaltzak.

Gorenak atzo kaleratutako autoari ezingo diote helegiterik jarri. Defentsek hamar egun dituzte idazkiak aurkezteko —absoluzioa eskatzekotan dira—, eta alde guztiek frogak eskatu ahal izango dituzte. Gorenak ondoren erabakiko du horiek onartuko dituen ala ez, eta epaiketa noiz abiatuko duen jakinaraziko du —urtarril amaieran da hastekoa—.

Desobedientziagatik auzipetutakoen kausa Kataluniara eramateko, «eraginkortasun arrazoiak» argudiatu ditu Gorenak, «lotuta daudenak aurreikus daitekeen epaiketaren iraupenarekin eta konplexutasunarekin». Irizpide aldaketa azaltzean, ordea, ez dio auziaren funts juridikoari heldu.

Matxinadagatik eta diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik auzipetuta daudenei dagokienez, autoak dio «sistema konstituzionalak» ez duela aitortzen «etxetik gertu epaituak izateko eskubiderik». Bestalde, epaiketa aldibereko itzulpen sistema baten bidez egitea eskatu dute defentsek, auzipetuek katalanez mintzatzeko aukera eduki dezaten. Marchena magistratuak —hark idatzi du autoa— «irekita» utzi du aukera hori, eta eskaera horren inguruan xehetasun gehiago eskatu dizkie abokatuei. «Bat-batean» jasotako eskaera hori kritikatu du, ordea, nabarmenduz, horri dagokionez, prozesuak iraun duen «denbora luzean» akusatuek ez dutela «babesgabetasun kexarik» azaldu.

«Barren huste legitimoak»

Gorenak akusatuen eskubideak urratzen zituela argudiatu zuten defentsek joan den abenduaren 18an, epaiketaren aurretik egindako saioan. Andreu Van den Eynde Junquerasen eta Romevaren abokatuak orduan nabarmendu zuenez, adibidez, auzipetuak «politikariak dira politika egiten». Eta Boyaren abokatu Carlos Lopezek salatu zuen, berriz, «estatu arrazoi bat» dagoela buruzagi subiranisten aurkako epaiketaren atzean: «Ez dago arrazoi juridikorik gertakariak epaituak izan daitezen». Horren guztiaren harira, Marchenarentzat «barren huste legitimoak» dira abokatuenak, baina ez dute «inongo argudioen bermerik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.