Langile gazteen ia erdiak ari dira behin-behineko kontratu batekin

Mila euroko kopurua gainditzen du gazteen batez besteko soldatak, Eusko Jaurlaritzaren ikerketa baten arabera. Gazteen Euskal Behatokiak dio enplegua aurkitzeko esperantza handiagoa dutela

Langile gazte bat beharrean, industria sektoreko lanpostu batean. GOTZON ARANBURU / FOKU.
xabier martin
2019ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Ez dira asko bere enpleguari eutsiko diotelako segurtasuna duten gazteak. Ez da erraza lan merkatuan sartzea, eta alderantziz, sartu ondoren, erraza izaten da berriro ateratzea. Alegia, lan finko bat lortzea ametsa bihurtu da askorentzat gaur egun, eta utopia da kasik gazte gehienentzat. Eusko Jaurlaritzaren Gaztetasuna eta Enplegua Euskadin 2017 ikerketak esperantzarako printzak marraztu ditu urte askoan beltzez jantzitako esparruan, baina lan horrek errealitate argi bat islatu du gazte landunen inguruan: ia erdiak (%47,6) behin-behineko kontratu batekin ari dira. Gainera, azken urteetan indartzen ari da behin-behinekotasuna, eta emakumeek nozitzen dute hori gehien.

«Langabezian dauden gazteen kopuruak behera egin du; lanaldi partzialek ere bai; eta beren soldatek gora egin dute», azaldu zuen Jaurlaritzako Enplegu sailburuorde Marcos Murok, atzo. Sailaren ikerketa plazaratzeko agerraldian, Murok esan zuen gutxiago direla orain atzerrira joan beharko duten ustea duten gazteak, baina uste horrek oso zabaldurik jarraitzen du. «Epe laburrean enplegua aurkitzeko duten esperantza hobetu egin da».

Hala eta guztiz ere, gazteen lan errealitatea gogorra da, eta sailburuordeak berak horrela gogorarazi zuen, «zuhurtzia»eskatu eta gero: «Datuek erakusten dute gazteen zeregin nagusia ikasketak direla, eta, lanean ari direnen artean, behin-behinekotasun kopuruak handiak dira oraindik, baita lanaldi partzialak ere».

Batez besteko soldata

Sindikatuek sarritan salatu dutenez, gazteen enplegua prekaritatez jantzia iristen ari da gehienetan. Aski ezaguna da langabeziak bereziki gazteen artean eragiten duela gehien. Euskal Herriko langabezia tasa %10etik behera jaitsi da jadanik, azken urteetako susperraldiarekin batera, baina gazteen tasa (16 eta 29 urte bitartekoak) bost puntu handiagoa da, portzentajeak behera egin duen arren.

Gazteen Euskal Behatokiaren ikerketak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egindako 2.000 inkesta ditu oinarrian, 16 eta 34 urte arteko pertsonekin eginak; lanak erakutsi duen beste datu azpimarragarri bat gazte landun horien soldata da. Marcos Murok esan zuenez, hilero mila eurotik gora jasotzen dute batez beste. Zehazki, 16 eta 29 urte arteko gazte landunek 1.093 euro jasoko lukete, 2.000 inkesten erantzunei jarraiki. Muroren arabera, langile gazteen artean hamarretik bederatzi ari dira kotizatzen Gizarte Segurantzan, «eta lanaldi osoko enpleguak hazi egin dira, batez ere emakumeen artean». Horrek ekarri ei du batez besteko soldatak gora egitea; aurreko inkestetan ez zen mila eurora iristen.

Jaurlaritzako Enplegu sailburuordeak azaldu zuen 30 eta 34 urte arteko langileen batez besteko soldata 1.297 eurokoa dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horrek esan nahi du 29 urtetik azpikoen (gazteen) batez besteko lansaria baino 200 euro gehiago jasotzen dutela multzo horretako langileek.

Lana eta ikasketak loturik

Bestalde, bukatu al da gazteentzat lan bila atzerrira derrigorturik joatea? Bukatu ez, baina Murok dio gutxiago joan behar izaten dutela. «Zertxobait» jaitsi da, halaber, urtebete baino lehen enplegua galduko dutela uste dutenen kopurua, eta apur bat hazi da beste multzo bat: lortutako enplegua egindako ikasketekin lotura duela dioten gazteena. Horrekin batera beste datu bat: iaz baino gutxiago dira esaten dutenak enplegua aldatu nahi dutela, eta gutxiago dira, era berean, beste lanpostu baten bila dabiltzanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.