Trumpek muga zergekin konpondu nahi du Mexikoko etorkinen auzia

Etxe Zuriak mehatxu egin du Mexikoko produktuei %5 igoko dizkiela muga zergak hilero, urrian %25era iritsi arte. Lopez Obradorrek «elkarrizketa» eskaini dio, baina ez da «besoak gurutzatuta» geratuko

Pertsona batzuk korrika Mexikoren eta AEBen arteko muga gurutzatzeko, Ciudad Juarezko Rio Bravo ubidean, joan den astean. DAVID PEINADO / EFE.
Jon Fernandez.
2019ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Txinaren kontrako frontean bete-betean sartuta, AEBek bandera zuria aterata zeukaten gerra komertzialaren beste bi fronteetan, Europakoan eta Ipar Amerikakoan: hiru hilez atzeratu dute EBren autogintzarentzako muga zergak jarri ala ez erabakitzeko garaia, eta Kanadari eta Mexikori altzairuaren eta aluminioaren muga zergak kendu berri dizkiete, Donald Trumpek berridatzitako NAFTA merkataritza itun berria sina dezaten. Bada, azken fronte horretan jo zuen atzo erasora AEBetako presidenteak, noiz eta Andres Manuel Lopez Obradorren gobernuak Mexikoko Senatuan NAFTA berritzea eskatu zuen egunean.

Trumpek xantaia egin dio Mexikori, esanez haren inportazio guztiei %5eko muga zergak jarriko dizkiela ekainaren 10etik aurrera, baldin eta Mexikoko Gobernuak ez badu konpontzen legeari izkin eginda muga igarotzen duten etorkinen auzia. Lopez Obradorrek «elkarrizketa» eskaini dio, baina ohartarazi ez dela «besoak gurutzatuta» geratuko mehatxua ikusita.

Etxe Zuriak, gainera, azaldu du hilabetetik hilabetera %5 gehiago handituko dizkiela muga zergak Mexikoko produktu guztiei—%10era uztailean, %15era abuztuan eta %20ra abuztuan— urrian %25era ailegatu arte.

Tarifak igotzeak sekulako eragina izango luke Mexikoren ekonomian, baina baita AEBetakoan ere, AEBetako enpresen lehen merkatua Mexiko baita, Txinaren aurretik. OECren datuen arabera, 2017an AEBen esportazioen %15 joan ziren Mexikora, %12 Kanadara, eta %11 Txinara.

AEBen hornitzaileen artean, berriz, bigarrena da Mexiko—2017ko inportazioen %14 handik zetozen—, Txina baino ez duelaaurretik (%22). Aurtengo lehen hiruhilekoan, esate baterako,AEBek 23.300 milioi euroren esportazioak egin zituzten Mexikora, eta 94.000 milioi euroren inportazioak jaso bertatik.

Atzo bertan, eta mehatxu hutsarekin, Mexikoko diruak, pesoak, bere balioaren %3,3 galdu zuen, azken zazpi hilabeteetako beherakada handiena.

Trumpek muga zergen bataila baliatu nahi du Mexikon lantegiak dauzkaten AEBetako konpainiek produkzioa jatorrizko lurraldera eraman dezaten. «Mexikok ez badu konpontzen etorkinen auzia , muga zergak gorenean egongo dira, eta Mexikon dauden konpainiak has daitezke AEBetara bueltatzen berton ekoizteko produktuak eta ondasunak», adierazi du Etxe Zuriko ugazabak.

Lopez Obradorrek «elkarrizketa» eskaini dio Trumpi. «Elkarrizketan sakondu nahi nuke, immigrazioaren arazoari sakoneko alternatibak bilatu», erantzun dio Mexikoko presidenteak. Bakarrik apirilean, AEBetako Poliziak agiri ofizialik gabeko 98.977 etorkin atxilotu zituen mugan. Jesus Seade Mexikoko kantzilerordearen ustez, zuzenena «begia begi truk» egitea litzateke, eta AEBei %5eko tarifak jartzea, «baina hori oihanera bueltatzea izango litzateke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.