Herbehereen erantzukizuna «%10ekoa» izan zen Srebrenican

Auzitegi Gorenak ebatzi du kasko urdinek oso aukera txikia izan zutela Bosniako sarraskia (1995) eragozteko. Biktimen senideak ez daude ados epaiarekin, eta Estrasbrugora joko dute

Bi emakume Srebrenicako sarraskian hildako senide batzuk identifikatu ondoren, artxiboko irudi batean. FEHIM DEMIR / EFE.
2019ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Bukatu da Srebrenicako biktimen senideek Herbehereetan hasi zuten auzibidea. Herrialde horretako Auzitegi Gorenak atzo ebatzi zuen azken helegitearen inguruan, eta murriztu egin zuen Herbehereetako kasko urdinek 1995eko sarraski horretan izan zuten erantzukizuna. Epaileen arabera, Herbehereetako tropek «%10eko» aukera izan zuten sarraskia eragozteko, eta ez «%30ekoa», duela bi urte beste auzitegi batek ebatzi bezala. Horregatik, auzitegiak dio estatua neurri horretan dela sarraskiaren erantzule, eta ez zuela legerik urratu. Murat Tahirovic Srebrenicako Amak elkarteko presidenteak atzo adierazi zuen Auzitegi Gorenaren erabakia «lotsagarria» zela; elkarte horren ustez, Herbehereak dira hilketa horien guztien «erantzule», eta kasua Giza Eskubideen Europako Auzitegira eraman ala ez aztertuko dute.

Bosnia eta Herzegovinako independentzia gerran (1992-1995), serbiarren indarrek 8.000 gizonezko bosniar hil zituzten Srebrenican, 1995. urteko uztailean. 1993. urtean, NBE Nazio Batuen Erakundeak «eremu seguru» izendatu zuen Srebrenica, eta NBEren Unprofor misioko seiehun militar nederlandarri eman zien inguru horiek zaintzeko ardura; hau da, errefuxiatuak Herbehereetako kasko urdinen zaintzapean zeuden hilketak gertatu zirenean. Kasko urdinek base militar bat zuten Srebrenicatik gertu zegoen Potocari herrian, eta 5.000 herritar inguru babestu ziren han. Ratko Mladic jeneral serbiarraren indarrak basera gerturatu zirenean, ordea, kasko urdinek haien esku utzi zituzten errefuxiatuak, eta 350 lagun hil zituzten, gizonezkoak denak.

Biktimen senide batzuek auzitara jo zuten, haientzat Herbehereak baitziren hilketen «errudunak». «Pena handia izan da erantzukizuna eragin zen kaltearen %10era bakarrik mugatu izana», azaldu zuen Simon van der Sluijs biktimen abokatuak. Aurreko epaian erantzukizuna %30ean ezarri zenez, kalte-ordainak %30ekoa izan behar zuela ebatzi zuen Hagako auzitegi batek.

«Auzitegi handiago batera»

«Eskubidea dugu genozidioa egin zutenen eta gerta zedila utzi zutenen erantzukizun osoa onartzeko», eskatu zuen atzo Kada Hotic Srebrenicako Amak erakundeko kideak. Iragarri zuen «auzitegi handiago batera» joango direla, Estrasburgora jotzeko bidea irekita.

Toon Heisterkamp Auzitegi Gorenaren bozeramaileak azaldu zuenez, erabaki hori arrazoi nagusi batengatik hartu zuten: kasko urdinek ukatu egin zieten errefuxiatuei haien base militarrera sartzea, baina erabakia kontrakoa izan balitz ere «serbiarrek basean sartzea lortuko zuketen». Izan ere, esan zuenez, serbiarren indarrek «baliabide guztiak» zituzten 350 pertsona horiek harrapatzeko. Hala ere, Heisterkampek ez zituen militarrak errugabetu: «Oso zaila zen handik bizirik ateratzea, baina ez zituzten arriskutik kanpo jarri, eta aukera txiki hori kendu zieten».

Hain zuzen, Herbehereetako Auzitegi Gorenak estatua ez duenez guztiz errugabetu, aurrekari bat sortu du NBEren nazioarteko misioetan estatuek izan duten parte hartzearengatik auzibideak irekitzeko. Camil Durakovic Srebrenicako alkatearen ustez, ordea, ondorioa kontrakoa izan da. «Gaurko erabakia biktimei iseka egitea izan da, baina mezu bat izan da nazioartearentzat: [Herbehereek] ez dute erantzukizunik hartuko NBEk babesten zuen eremuan gertatutakoagatik», adierazi dio Bosniako Klix webguneari. Durakovic bizirik atera zen Srebrenicako sarraskitik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.