Egun batetik besterako kolpea

Olatzagutiko Apoyos Metalicosek ateak itxi ditu, 73 langileek kaleratze agiria jaso ostean. Langile batzordeak salatu du Nafarroako Gobernuak ez diela bermerik eman bestelako irtenbideak bilatzeko

Olatzagutiko Apoyos Metalicos lantegia, atzo. JUANAN RUIZ / FOKU.
joxerra senar
2019ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Ateak itxi ditu betiko. Uztailaren 5ean jakinarazi zien Olatzagutiko (Nafarroa) Apoyos Metalicoseko zuzendaritzak 73 langileei fabrika itxiko zuela. Egun hartan hiru urterako lan hitzarmenari azken ukituak emateko bilera zuten deitua, eta bat-batean, egun batetik bestera, itxieraren zartakoarekin topatu ziren langileak. Hala ere, ez da erabateko ustekabea izan, langileen batzordeak salatu baitu Apoyos Metalicosek ez duela Sakanako fabrikaren aldeko apusturik egin. Bi hilabete pasatu eta gero, herenegun jaso zuten kaleratze gutuna, eta atzo itxi zituen ateak.

2007an, Gamesa Eolicaren menpeko Apoyos Metalicos enpresak Daniel Alonso talde asturiarrarekin indarrak batu zituen. Bien arteko sozietate hura dorre eolikoen ekoizpenaz arduratuko zen. Daniel Alonsok akzioen %68 zituen, eta Gamesak, %32. Ordu hartan, lau lantoki zituzten—bata Olatzagutian eta beste hiru Espainian: Linaresen (Andaluzia), Cadreten (Aragoi) eta Avilesen (Asturias)—. Denborarekin Daniel Alonsok Cadretekoa itxi du, eta orain Olatzagutikoa. Produkzioa Asturiasen bildu nahi du.

Sakanako fabrikan batik bat itsasoko parke eolikoak hornitzeko hodi handiak ekoizten zituzten, eta jarduerarekin jarraitzeko lantokia txiki geratzen ari zela azaldu zien enpresak langileei. Langileak ahalegindu dira Nafarroako Gobernuarekin berrindustrializazio plan baten bidez irtenbide bat bilatzen, baina ez dute lortu. Gobernuaren berme falta salatu dute.

Azkenean, enpresak proposatu du lan egindako urteko 27 laneguneko kalte-ordaina eta, horrez gain, langile bakoitzari 1.000 euro emango dizkio; 55 urtetik aurrerako langileen kasuan, 5.000 euro, lana topatzeko izan ditzaketen arazoak direla eta. Batez beste 41.000 euro jasoko dituzte. Batzarrean, langile gehienek —50 alde eta sei kontra— proposamena onartzea erabaki zuten. Orain ikusi beharko da itxierak zer beste ondorio dituen Sakanan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.