Eusko Jaurlaritzak eutsi egiten dio Euskaltelen sarean sartzeko asmoari

MasMovilek oraindik ez du erabaki zuntz optikoaren sarearen zati bat salduko ote duen, baina saltzen badu, gobernuak aukera aztertuko du. EH Bilduren ustez, «Euskal gizarteari egindako lapurreta bat da»

Euskaltelen egoitza nagusia, Bizkaiko Parke Teknologikoan, Derion. JAVIER TEJIDO / EFE.
Iker Aranburu.
2021eko martxoaren 31
00:00
Entzun
MasMovilek Euskaltel erosteak ez du zertan itxi haren eta Jaurlaritzaren arteko loturaren historia. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuak ziurtatu du gobernua prest legokeela Euskaltelek gaur egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erabiltzen duen zuntz optikoaren sarearen zati bat erosteko, betiere MasMovilek salgai jarriko balu. Telekomunikazio enpresako buru Meinrad Spengerrek azaldu du oraindik ez dutela hartu erabaki hori. MasMovilek maileguen bitartez ordaindu nahi du Euskaltel irenstearen kostua: 2.000 milioi euro.

Eusko Jaurlaritza bera hasi zen eraikitzen zuntz optikoaren sarea, 1990eko hamarkadan, eta erabat publikoa izan zen 2012an saldu zuen arte, Patxi Lopez (PSE-EE) lehendakari zela. Diru behar gorrian zen orduan Gasteizko gobernua, eta 68 milioi euro jaso zituen trukean. Orduan ahots askok salatu zuten kopuru hori oso txikia zela, baina Eusko Legebiltzarrak oniritzia eman zion operazioari, EAJren, PSE-EEren eta PPren aldeko botoekin; Aralarrek eta EAk aurka bozkatu zuten.

Tapiak aitortu du azken urteetan Jaurlaritzaren aukeren artean izan dela Euskaltelen zati bat erosteko aukera, baina operazioa ez zen inoiz gauzatu, konpainia hori burtsan izanik «ez delako hain erraza hor erostea edo norbaiti enkargua ematea akzioak erosteko». Euskaltelen bertan ez ezik, haren sarean ere inbertitzeko aukera aztertzen ari zen Jaurlaritza, telekomunikazio enpresak iragarria baitzuen sare horren zati bat salgai jarri nahi zuela, dirua lortzeko sare hori berritu ahal izateko, zaharkitua geratu delako. Aukera hori berriz zabalduz gero, esku hartzeko prest legoke Jaurlaritza, Finkatuz-en bitartez. Funts hori sortu zuen euskal enpresetan akzioak erosi eta haien errotzea sendotzeko, baina bi operazio baizik ez ditu egin: CAFen eta Kaikun. Finkatuz-ek 130 milioi euro inbertitzeko gaitasuna du gaur egun.

EH Bilduren haserrea

Maddalen Iriarte eta Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideek oso gogor salatu dute Jaurlaritzak Euskaltelen izan duen jarrera: «Euskal gizarteari eginiko lapurreta bat da. Urkulluren gobernuak gezur sare bat eraiki du, zuntz optikoaren sarea baino luzeagoa, pribatizazio prozesu hori babesteko, guztion begien bistan dagoena ukatu nahian». Iriartek hau gaineratu du: «Herri gisa galdu dugu, lau katuk lotsa barik etekin ikaragarriak izan ditzaten; hori da EAJk eta Eusko Jaurlaritzak bultzatu eta sustatu dutena, espekulaziorik gordinena». Iriarteren iritziz, «Euskaltel auziak frogatu du Jaurlaritzak ez duela planik sektore estrategikoak garatzeko».

Casanovak nabarmendu du «interes pribatuek etekin erraldoia» egitea baimendu duela gobernuak, besteak beste, Jaurlaritzak 68 milioitan saldutako sareak «1.000 milioiko balioa duelako». Hiru arduradun seinalatu ditu: Alberto Garcia Erauzkin presidente ohia, «pribatizazio prozesua abian jartzeagatik»; Gregorio Billalabeitia Kutxabankeko presidentea, «ezinbesteko laguntzailea» izan delako, eta Tapia eta Iñigo Urkullu, «Jaurlaritzak afera honetan izan duen jarrera onartezina izan delako».

Euskal Herriak Kapitalari Planto taldeak protesta bat deitu du gaurko, Bilboko Gregorio de la Revilla kaleko bulegoan, Euskaltelen «pribatizazioa» salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.