Independentistek botoen %80 bildu dituzte Groenlandiako bozetan

Inuit Ataqatigiit alderdiak lortu du garaipena, Greenland Mineralsek Kuannersuit eremuan egin nahi duen proiektuaren aurkako kanpaina eginda. Meategian, besteak beste, uranioa ustiatu nahi dute

Inuit Ataqatigiit alderdiko kideak, hauteeskundeetan lortutako garaipena ospatzen. EMIL HELMS / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Independentismoa aise nagusitu da Groenlandiako hauteskundeetan. Hiru alderdi nagusiek botoen %79,8 eskuratu dituzte, eta eurenak izango dira Inatsisartut herrialdeko parlamentuko 31 eserlekuetatik 26. Halere, hauteskunde kanpainako gako nagusia ez da Danimarkarekiko harremana izan, Greenland Minerals enpresak irlan eraiki nahi duen metal arraroen meategia baizik. Hala, IA Inuit Ataqatigiit (Inuit Komunitatea) alderdi indigena, sozialista eta ekologista, proiektuaren aurkako protesten gidaritza eraman duena, izan da bozkatuena.

Groenlandiako herritarren gehiengoa Danimarkatik banandu eta herrialde independente bihurtzearen aldekoa da. Argi utzi dute hori herenegun eginiko bozek. Lehen hiru alderdi bozkatuenak independentistak dira, eta duela hiru urteko emaitzak hobetu dituzte: bost eserleku gehiago eurentzat. IAk botoen %37,4 eskuratu ditu, azken hauteskundeetan baino 11,6 puntu gehiago, eta hamabi diputatu izango ditu. Uharteko gobernuaren gidaritzan zegoen alderdiak ere, Siumutek (Aurrerantz), gora egin du, hamar eserleku eskuratuta, eta Naleraqek, berriz, lau diputatu izango ditu, orain arteko kopuru bera.

Unionisten artean, Demokratiit (Demokratak) eta Atassut (Komunitate Sentipena) alderdiak izan dira legebiltzarrean sartzea lortu duten bakarrak. Lehenak botoen ia erdiak galdu ditu, eta hiru diputatu izango ditu. Bigarrenak, berriz, bi eserlekurekin jarraituko du.

Hala, aldaketa nagusia independentismoaren lidergoan egon da, eta, uharteak 1979an autonomia eskuratu zuenetik bigarren aldiz, litekeena da Siumut gobernutik kanpo geratzea. Alderdi barruko arazoek eta, batez ere, Australiako Greenland Mineralsek—Txinako Shenghe Resources enpresarena da haren %80— Kuannersuit eremuan egin nahi duen biltegiaren proiektuak dimisioa ematera behartu zuen Kim Kielsen lehen ministroa.

Lurraldea aberatsa da mineraletan, eta, enpresaren arabera, lur arraroen mendebaldeko biltegi handiena bihurtuko litzateke, munduko bigarren garrantzitsuena. Egun, Txinak kontrolatzen du metal horien ustiaketaren %80, eta, besteak beste, produktu elektronikoak eta armamentu militarra garatzeko erabiltzen dira.

Horrez gain, baina, besteak beste, zinka, fluorita eta uranioa ere ustiatuko lituzkete, eta azken elementu hori maneiatzeak ingurunean eragin dezakeen kalteak sortu du harrabotsa.

Aurrez, 2013an, Urani? Naamik (Uranioa? Ez, eskerrik asko) plataforma sortu zuten herrialdean, elementu horren ustiaketa gerarazteko, eta protesta horiek hauteskunde kanpainara eramateko gai izan da IA, Siumut gobernuko alderdia, Demokratiit unionistarekin batera, proiektuaren alde agertu den bitartean. Haien aburuz, meategiak Groenlandiak Danimarkarekiko duen dependentzia ekonomikoa murrizten lagunduko luke.

Australiako enpresak 2007an lortu zuen meategia ustiatzeko lizentzia, baina uharteko agintariek lanak hasteko baimena eman zain dago. Hori hurrengo gobernuaren esku geratuko da, eta ezkerreko alderdiaren garaipenak zaildu egin dezake halakorik gertatzea, IAk adierazi baitu proiektua geldiaraziko duela.

Gobernua osatzeko negoziazioak hasiko dituzte orain, eta, IAko buru Mute Egedek adierazi duenez, «hainbat aukera» aztertuko dituzte. Horietako bat Naleraq alderdiarekin bat egitea litzateke, hango hedabideen arabera. Biak independentistak eta uranioa ustiatzearen aurkakoak dira, eta gehiengo osoa izango lukete.

Noizko jakin gabe

Danimarkako Parlamentuak 2009anonartutako Groenlandiako estatutuaren arabera, lurralde hark eskubidea du independentzia aldarrikatzeko, herritarren gehiengoak hala nahi izanez gero. Uharteko 56.000 biztanleen zatirik handiena baiezkoaren alde dago, baina alderdiak orain arte ez dira ados jarri prozesua gauzatzeko eman beharreko pausoetan eta epeetan. Lurraldearen diru iturri nagusiak ehiza eta arrantza dira, eta aurrekontu publikoaren zati handi bat —500 milioi euro—Danimarkak emandako diru laguntzetatik iristen dira. Ondorioz, burujabetza ekonomikoa lortzetik urrun daude.

Hori iraultzeko asmoz, estatutua indarrean sartzearekin batera, Nuukeko gobernuaren esku geratu zen bi milioi kilometro karratu dituen uharteko baliabide naturalen kudeaketa, eta horien balizko ustiaketarako baimenak ematea. 2013an, parlamentuak uranioa ustiatzeko debekua altxa zuen —Danimarkak ezarria—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.