Amiantoaren biktimentzako funtsa eratzea onartu du Kongresuak

Eusko Legebiltzarraren eskaera azaldu dute hiru legebiltzarkidek, eta Madrilgo ganberak ontzat jo du lege egitasmoa tramitatzea, Voxen abstentzioarekin. Funtsa nola elikatu, hor egongo da lokarria

Amiantoaren biktimen elkarte baten protesta, atzo, Espainiako Kongresuaren aurrean, Madrilen. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
xabier martin
2021eko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Amiantoaren biktimentzako konpentsazio funts bat eratuko du Espainiako Estatuak, Madrilgo Kongresuak aintzat hartu baitu Eusko Legebiltzarrak 2017. urtean adostutako akordioa. Itun horrek dio konpentsazio funts bat sortu behar dela, 1950. hamarkadatik gaur egunera amiantoarekin harrema edukitzeagatik gaixotu eta hildakoentzako, eta Espainiako Kongresua izango dela «amiantoaren injustizia historikoari aurre egiteko» legea onartuko duena. Bada, lege egitasmoa onartu zuten atzo, Madrilgo ganberako talde politiko guztien baietzarekin, eta Voxen abstentzioarekin, «separatistek estatu zapaltzaileari pasatu nahi diotelako fardela».

Maitane Ipiñazar (EAJ), Eva Blanco (EH Bildu) eta Gloria Sanchez (PSE) euskal legebiltzarkideek defendatu eta azaldu zuten, Madrilen, lege egitasmoaren edukia eta espiritua, eta ezkerreko zenbait talde politikoren aitortza eta eskertza jaso zuten Legebiltzarrean «egindako lanarengatik». Horiek horrela, amiantoak minbizia eragindako beharginentzat eta behargin izan ez direnentzat ere konpentsazio funts bat sortzeko bidea hartu du Kongresuak, eta hura kudeatzeko organismo bat ere bai, arautegi zehatz batekin. Baina tramiterako onartu den lege egitasmoan zenbait zuzenketa iragarri dituzte alderdi batzuek, PPk esaterako, funts hori elikatzeko moduan aurreikusten baita lokarririk gogorrena aurrerantzean.

Izan ere, Eusko Legebiltzarraren idatziak jasotzen du, estatuaren ekarpenez harago, enpresek ere beren alea jarri beharko dutela funts hori elikatzeko, eta zenbait hizlarik iradoki dute lokarri hori legea tramitatzean askatu beharko dela. Baina, atzo, Iñigo Barandiaran diputatu jeltzaleak azpimarratu zuen lege proiektua onartzea zela «garrantzitsuena», eta «aurrerago» eztabaidatuko dela «funtsa nola elikatu». Amiantoak sortu dituen biktimen auzia «justizia sozialaren kontua» dela gaineratu zuen, eta eskerrak eman zizkien Madrilgo Kongresuan zeuden Asviamieko kideei, «egindako lan handiarengatik». Gogoratu zuen Belgikak, Herbehereek eta Frantziak pareko konpentsazio funts ereduak garatu dituztela, eta Espainian ere garatuko dela bat, eta hori dela oinarrizkoa orain, konpentsazio batekin aitorturik egon daitezen «biktima guztiak, amiantoarekin lan egin zuten enpresetako beharginak eta beste hainbat; beren bikotekideak, adibidez».

Arropa garbitzen zutenak

Oskar Matute EH Bilduko koalizioko ordezkariak Asviamie amiantoaren Euskadiko biktimen elkarteari eskaini zion hitz egiteko bere denbora, elkartearen gutun bat irakurriz. Funtsa eratzeak esan nahi du «amaiezinak diren prozesu judizialak» saihestuko direla, hein handi batean; Asviamiek esplikatu zuen, gutun horretan, «ateak ireki» zaizkiela biktima askori aitortza jasotzeko, «ez bakarrik enpresa handietan aritutako biktimei». Lan kontratuz jardundako behargin horien lan arropak, amiantoz zipriztindurik, «beren emazteek, amek eta alabek» garbitu zituztelako.

Dena den, Asviamiek, ezeren aurretik, nahi du 2017an gertatutakoa «berriro ez gertatzea»; Kongresuak antzeko proposamen bat tramitatzea onartu zuen, aurretik Eusko Legebiltzarrean onartua izan zena, baina bertan behera geratu zen, 2019ko apirilean hauteskundeetara deitu eta gero. Gutxienez beste bi alditan ere eten dute tramitazioa, epe eta forma arazoak argudiatuta.

PSEko Maria Guijarro bizkaitarra harro azaldu zen Eusko Legebiltzarrean lortutako akordioarekin, eta gogoratu zuen Patxi Lopez lehendakari zen garaian hasi zuela bere bidea ganberan. Vox taldeari «biktimentzako errespetua» eskatu zion, eta 2001etik amiantoa Espainian debekatua dagoen arren «oraindik aitortzarik gabeko biktima ugari» daudela esan zuen; «horietako asko, lan kontraturik gabe aritu ziren emakumeak».

Adituek diote 125 milioi pertsona daudela munduan amiantoaren arriskupean. 88.000 hil dira hark eragindako minbiziarekin Europan, agiri mediku batek horrela esana. 1999tik 2018ra bitartean, 825 pertsona hil dira Hego Euskal Herrian; 2019an, 30 langile hil ziren, baina biktimen elkarteak ohartarazi du kasuen %10 baizik ez direla horiek.

Konpentsazio funtsa eratzeko lege egitasmoa tramitatzean ez dira faltako oztopoak, ordea, eta handiena izan daiteke enpresek funtsa elikatzeko izan dezaketen derrigorrezko ekarpena. Asviamieren arabera, «ez da zalantzarik enpresen erantzukizun bat badela amiantoak eragindako minbizien epidemian». Enpresa askok urratu zuten legea, baina elkarteak uste du «estatuak ere» baduela erantzukizuna, hamarkadetan gertatutakoan «modu pasiboan» jokatu zuelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.