Cebekek zerga jaitsiera nahi du, «konplexuak uxatuta» enpresak erakartzeko

Bizkaiko patronalaren ustez, Kontzertu Ekonomikoa lehiakortasuna hobetzeko erabili behar da. Garcinuñok dio sindikatuak «langileen aurka» doazela

Iñaki Garcinuño CEBEKeko presidentea, eta, haren ezkerretara, Francisco Javier Azpiazu idazkari nagusia. CEBEK.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun

«Euskal ekonomiak igoera epela izan du aurtengo lehen hiru hilekoan. Aurreikuspenak moteldu egin dira, baina ez gara ezkorrak. Lehenago edo geroago egingo du gora, ziur asko txertaketaren eskutik». Iñaki Garcinuño Cebek Bizkaiko enpresarien konfederazioko presidenteak horrela laburbildu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomiak izan duen urte hasiera. BPG %0,2 igo da, eta datu apala da hori, iazko azken hiruhilekoan %0,5 igo baitzen.

Ikusi gehiago. Analisia: Noiz da une egokia enpresarentzat? (Xabier Martin)

Garcinuñoren iritziz, pandemiaren laugarren olatuak eta txertaketa erritmoaren moteltzeak eragin zuzena dute eboluzioan. Hala ere, sinetsita dago ekonomia berpizten denean, prozesu egonkorra izango dela. Cebekek, halaber, aurtengo bere lehen inkesta plazaratu du, eta enpresa gehienen egoera abendukoaren antzekoa da: erdiek eskaera maila «txikia edo oso txikia» dute, eta hiru laurdenek ez dute kaleratzerik aurreikusten.

Aldi baterako erregulazioekin pozik dago Garcinuño, baina, haren ustez, berriro aztertu behar da «COVIDarengatik kaleratzeak egiteko debekua». Pandemia luzatzen ari da, eta lantaldeari buruzko erabakiak hartzeko garaian enpresek duten «ziurgabetasuna» ez da lagungarria: «Lan erregulazio bat eragozteko biderik onena aldi baterako erregulazioa da, eta aldi baterako erregulazioa saihestekoa, aurrez hitzarturiko malgutasuna».

Enpleguaz hitz egitean, kritika oso zorrotzak egin dizkie sindikatuei: «Langileen eta enpresen aurka doaz. Elkarrizketa Sozialerako Mahaia gutxiesten dute. Alderdi politikoek bezala jokatzen dute, eta ez ditu inork bozkatu». Zehazten hasita, sindikatu abertzaleei egotzi die jarrera hori, eta, bereziki, ELAri: «Hauteskunde sindikaletan babes sendoa duen heinean, ardura handiagoz jokatu beharko luke».

Egoera konplexu honetan enpresak «dopaturik» daudela onartu du. Laguntza publikoez aritu da, eta urrunago joan beharko lukeela eman du ulertzera: «Madrilen zergak jaistearen alde egiten duen alderdi batek irabazi ditu hauteskundeak, horrek fiskalitatearen inguruan hausnarketa bat eragin beharko luke. Konplexuak uxatu behar ditugu Kontzertu Ekonomikoa lehiakortasuna hobetzeko lanabes gisa erabiltzeko. Besteak beste, zerga tasa jaitsiz». Cebeken eskaera ezaguna da, eta berriro errepikatu du: zenbat eta tasa txikiagoak izan, orduan eta enpresa gehiago erakartzeko aukera dago, haien eskutik, enplegua sortzekoa.

Epe motzeko eskaerak ere egin ditu.«Lehentasuna orain enpresak berpiztea da. Ezin dugu prozesu hori oztopatu: ez da presio fiskala igotzeko unea». Garcinuñok gaur utziko du Cebekeko presidentetza zortzi urteko ibilbidearen ondoren, eta bere jardunaren balantze positiboa egin du. Carolina Perez Toledok ordezkatuko du. Euskal Herrian, lurralde mailako patronal bat zuzenduko duen lehen emakumea da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.