Uztailean 212.000 pertsona atxilotu dituzte AEBetan paperik gabe sartzeagatik

Aste hasieratik migratzaileak Mexiko hegoalderaino eramaten dituzte. Asilo eskubidea urratzea egotzi diete AEBei giza eskubideen aldeko erakundeek

AEBetatik Mexikora deportatutako migratzaile talde bat, atzo, Tapachulako nazioarteko aireportuan. Handik Guatemalara eraman zituzten. J. M. BLANCO / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Orotara 212.672 pertsona atxilotu zituzten AEBetako segurtasun indarrek uztailean. Guztiak kanporatu dituzte: 42. titulua baliatuta horietatik 95.788, zeinak migratzaileak kanporatzea ahalbidetzen duen, «osasun larrialdia» argudio gisa erabilita; beste 116.884ak deportatu egin dituzte, araudiaren 8. puntuaren arabera, asiloa eskatzeko baldintzak betetzen ez dituztelako. DatuokAEBetako Segurtasun Nazionalerako arduradun Alejandro Mayorkasek zabaldu zituen herenegun iluntzean, mugara egindako bisitan.

Osasun arrazoiak direla medio, muga paperik gabe igarotzen duten herritarrak kanporatzea ahalbidetzen duen neurria Donald Trumpek jarri zuen indarrean aurreko legealdian. Joe Biden presidenteak eutsi egin dio neurriari, pandemia oinarri gisa hartuta, baina salbuespena eginez herrialdean bakarrik sartzen diren adingabeekin. Neurriak, hala ere, kritika sorta eragin du, batez ere aste honetan Etxe Zuriak berak onartu duenetik hegoaldeko mugatik sartzen diren migratzaileak Mexiko hegoaldera eramaten hasi direla, muga berriz igarotzen saia ez daitezen. Izan ere, 42. titulua baliatuta kanporatutako herritarrek ez dute, berez, lege oztoporik nahi adina aldiz AEBetan sartzen saiatzeko.

ACHR Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak kezka agertu du AEBetako Gobernuaren jarrerarekin, eta ohartarazi neurri horiek oztopatu egiten dutela asiloa eskatu ahal izatea. «Mexiko hegoaldera eraman dituzte hainbat asilo eskatzaile, eta haietako batzuk handik Guatemalako mugara lekualdatu. Halakoek ezinezko egiten dute, asiloa eskatzeko eskubidea bera ez ezik, babesa behar duten pertsonak identifikatzea ere», salatu du erakundeak idatzi batean. Izan ere, arauak urratu egiten du pertsona arriskuan egon litekeen herrialdera ez itzularazteko printzipioa. Hala, erakundeak eskatu dio Washingtoni eten ditzala osasun larrialdia aitzakia gisa hartuta egindako kanporatzeak, eta bete ditzala pertsonen babesa helburu duten printzipioak.

Batzordearen eskariari erantzunez, Mayorkasek aurreratu du asiloa Internet bidez eskatu ahal izateko baliabideak jarriko dituztela abian, baina zehaztu gabe eskatzaileek zer-nolako baldintzak bete beharko dituzten horretarako. Programa hori jarri zuten indarrean aurreko legealdian ere, baina eskatzaileek denbora luzea egin behar izaten zuten zain mugaren Mexikoko aldean, erantzuna jaso arte, urtebete eta urte eta erdi artean, batez beste.

Auzitara

ACLU Ameriketako Askatasun Zibilen Batasunak hainbat bilera egin ditu azken asteetan Bidenen administrazioarekin, bertan behera utz dezaten 42. titulua deritzona, baina alferrik. Hori dela-eta, auzitara joko duela iragarri du. Auzitegiek salaketa tramiterako onartuko balute, eten egingo lirateke berehalako kanporatzeak. «Bidenen gobernuak ez digu auzitara jotzea beste aukerarik utzi. Badira zazpi hilabete 42. titulua indarrean dela. Gure irtenbide bakarra dela uste dugu», salatu du Lee Gelernek, ACLUko abokatuetako batek.

AEBetako presidenteak defendatu du «arazoaren muinera» jo nahi dutela. Helburu horrekin Mexiko eta Guatemalako gobernuetako ordezkariekin bildu da azken hilabeteetan Kamala Harris, eta gizarte gaietan inbertitzeko diru laguntzak ere iragarri ditu. Bide hori, baina, epe ertain edo luzerako irtenbidea izango litzateke, asko jota. Bien bitartean, ehunka dira Mexikoko mugatik gertu AEBetara sartu zain pilatzen diren pertsonak. Haietako askok behin baino gehiagotan egin dute bidea, berriz ere kanporatuak izateko. Pandemiarekin, gainera, ugaritu egin da mesfidantza. Texasen, non aterpe bereziak jarri behar izan dituzten bakarrik heldu diren adingabeei lekua egiteko, Greg Abbott gobernadore errepublikanoak koronabirusa zabaltzea egotzi die migratzaileei. Hain zuzen ere, hark eskatuta joan zen herenegun Mayorkas hegoaldeko mugara.

Mexikora igaro ahal izateko, baina, askok beste herrialde batzuk ere zeharkatu behar izaten dituzte, eta bide horretan gero eta gehiago dira Kolonbia eta Panama arteko 575.000 hektareako oihana gurutzatzea erabakitzen dutenak. Kuba eta Haititik joandakoak dira asko, baina badira urrunagotik heldutakoak ere, besteak beste, Senegaldik. Azken hilabeteetan, baina, ugaritu egin da ibilbide hori aukeratzen duten pertsona kopurua —55.000, urte hasieratik—. Hori dela eta, Kolonbiako eta Panamako gobernuek akordio bat egin dute pertsonen mugimendua mugatzeko: abuztuan egunean 650 pertsonak zeharkatuko dute muga, eta 500ek irailaren 1etik aurrera. Horrez gain, Panamako Migrazio ministro Samira Gozainek ez du baztertu AEBetara heldu nahi dutenak itsasoz eramatea Costa Ricara, oihana zeharkatu behar izan ez dezaten. «Ezin dugu migrazioa geldiarazi, baina bermatu genezake iparraldera joan nahi dutenek pasabide seguru bat izatea», adierazi du Gozainek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.