Brasilgo Auzitegi Gorenak martxan jarri du indigenen lur eskubideen auzia

Gorenak asteazkenean emango du epaia. Indigenek lurralde historiko guztien aitortza eskatu dute. Bolsonarok legea aldatzearen aurka egin du

Indigenak asteazkeneko manifestazioan, Brasilgo Gobernuaren egoitzaren aurrean, Brasilian. JOEDSON ALVES / EFE.
maddi iztueta olano
2021eko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Brasilgo Auzitegi Gorenak ostegunean hasi zuen Epealdiaren Legea izenez ezagutzen den legea aldatu edo bere horretan mantentzeko auzia. Indarrean dagoen araudiaren arabera, Brasilgo indigenek 1988 arte fisikoki okupatu zituzten lurren eskubidea dute soilik. Indigenek, baina, eskatu dute data zehatzik ez ezartzeko eta lurralde historiko guztien aitortza emateko. Gorenak datorren asteazkenean emango du ebazpenaren berri.

Brasilgo hegoaldeko xokleng komunitateak aurkeztu du salaketa. Tribuak gobernuari egotzi zion indigenen eskubideen interpretazio hertsia egitea, soilik 1988an okupatutako hiru eremuak aitortu baitzituen. Tribuak adierazi du 1988ko data ezartzeak mugatu egiten dituela lurrak urte hori baino lehen utzi zituzten indigenen eskubideak.

1950eko hamarkadatik aurrera, tribu andana beren eremuetatik kanporatu zituzten tabako etxaldeak eta meategiak eraikitzeko, baita zuhaitzak mozteko ere. Indigenek lur jabeei egotzi diete beren aurkako «ehiza» abiarazi izana. «Gure lurrak utzi genituen lur jabeek hil egin nahi gintuztelako. Prezio bat jarri ziguten. Jendea kontratatzen zuten gu hiltzeko, eta, ondoren, hildakoen belarriak eramateko eskatzen zuten, proba gisa», dio Xokleng tribuko buru Woie Pattek.

Hainbat gobernuz kanpoko erakundek ere legea baztertu edo aldatzeko eskatu diote Brasilgo Kongresuari. HRW Human Rights Watchek, besteak beste, adierazi du legeak indigenen eskubideak urratzen dituela, eta bere horretan mantentzea «atzerapauso handia» izango litzatekeela. Gainera, gehitu du komunitate indigenak «arrisku larrian» daudela Brasilgo presidente Jair Bolsonaroren gobernuak beren aurka hartutako neurriengatik.

Azken egunotan 170 etniatik gora elkartu dira Brasilgo Gobernuaren egoitzaren aurrean, indarrean dagoen legearen aurka manifestatzeko. Brasilgo 2010eko erroldaren arabera, 305 tributako 900.000 indigena inguru bizi dira herrialdean.

Xokleng tribuak aurkeztutako salaketaren harira, Bolsonarok herenegun adierazi zuen indigenei ezezkoa eman behar lieketela. Haren arabera, Gorenak tribuaren alde egin eta herrialdeko indigenei lurren jabegoa aitortzen badie, litekeena da «elikagai eskasia» zabaltzea eta ekonomiak okerrera egitea: «Gorenak ez luke araudian aldaketarik egin behar; bestela, arazo handiak izango ditugu merkatuan».

Halaber, Bolsonaroren lantaldea eta nekazaritzaren lobbya zain daude ea kongresuak beren lege proposamena onartzen duen. Duela hainbat aste aurkeztutako neurriaren helburua zera da, Amazonian nekazaritza proiektuak eta meategiak sustatzea. Horretarako, lurralde horietan bizi diren tribuak kanporatu beharko lituzkete. Bolsonaro agintean dagoenetik, nabarmen egin dute gora Amazoniako deforestazio proiektuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.