Albistea entzun

Israelek 131 milioi eskaini dizkio PANi, aurrez hari kendutako dirutik

Maileguan emango dio dirua Tel Avivek, urtebeteren buruan bueltan jasotzeko baldintzarekin. 11 urtean lehen aldiz bildu da Mahmud Abbas Israelgo Gobernuko goi kargudun batekin
Benny Gantz Israelgo Defentsa ministroa, abuztu hasieran, Jerusalemen.
Benny Gantz Israelgo Defentsa ministroa, abuztu hasieran, Jerusalemen. ABIR SULTAN / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Julen Aperribai -

2021eko abuztuak 31

Etxeko lanekin itzuli zen Naftali Bennett Israelgo lehen ministroa Joe Biden AEBetako presidentearekin joan den ostiralean egindako bileratik. «Palestinarren bizitzak eta egoera ekonomikoa hobetzeko urratsak» eskatu zizkion bilkura horretan Bidenek. Horrez gain, Jerusalemgo Xeikh Jarrah auzoko etxegabetzeak amaitzea ere galdegin zion Israelgo lehen ministroari, AEBen enbaxada Tel Avivetik Jerusalemera eramateko asmoa berresteaz gain.

Azken bi gai horiei entzungor egin zien Bennettek, baina ez, antza, lehenengoari. Izan ere, lehen ministroa Washingtonetik itzuli eta hurrengo egunean, herenegun, bildu zen Israelgo Defentsa ministro Benny Gantz PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasekin, Ramallahn, Zisjordania okupatuan. 2010etik lehen aldiz bildu zen Abbas Israelgo Gobernuko goi arduradun batekin, eta, Israelgo Defentsa Ministerioak ohar batean azaldu zuenez, «segurtasunarekin, diplomaziarekin, ekonomiarekin eta auzi zibilekin lotutako gaiak» izan zituzten hizpide. Aurrerago «komunikazioa» mantentzea ere adostu zuten. Bilera horretan izan ziren Ghassan Alian Israelgo armadako jenerala, Majid Faraj PANeko inteligentzia zerbitzuetako burua eta Hussein al Xeikh PANeko Arazo Zibiletako ministroa ere.

Atzo, bileraren inguruko xehetasun gehiago eman zituen Gantzek, eta jakinarazi zuen 500 milioi shekel berri 131 milioi euro baino gehiago— eskaini zizkiola Abbasen gobernuari, Zisjordania berreraikitzeko. Diru sail horrek, ordea, ez lioke inolako gasturik sortuko Tel Avivi. Izan ere, Israelek PANi kendutako funtsekin ordaindu nahi dio mailegua. Zauritutako, atxilotutako, espetxeratutako eta hildako palestinarrengandik PANek ematen duen dirua konfiskatzen du Israelek, 2018an onartutako lege batean oinarrituta eta diru hori «terroristei» bideratzen zitzaiela argudiatuta. Gainera, PANek itzuli egin beharko lioke dirua Israeli, urtebeteko epean.

Halaber, Gantzek konpromisoa hartu zuen Zisjordania okupatuan bizi diren milaka palestinarren egoera erregularizatzeko; ministroak berak azaldu zuenez, betiere dokumentazioa eguneratuta baldin badute. 16.000 palestinarrei Israelen lan egiteko baimena emango dietela ere iragarri zuen; baita Zisjordanian palestinarrentzat etxeak eraikitzeko asmoa agertu ere.

Zisjordaniako ekonomia suspertzea —%11,5 jaitsi da aurten— Israelen interesekoa ere badela azaldu zuen Gantzek, eta, hortaz, Tel Avivek PANekin dituen loturak «indartzearen» alde hitz egin zuen: «PANen gobernantza indartzeaz batera, Hamas ahuldu egingo da, segurtasun handiagoa izango dugu, eta gutxiago esku hartu beharko dugu». Adostutakotik kanpo geratu zen, berriz, bake prozesu bat abiatzeko aukera. Bennetten oso gertuko funtzionario batek hala berretsi zuen: «Ez dago prozesu diplomatikorik palestinarrekin, eta ez da egongo».

Bazkide asko eta oreka zaila ditu Israelgo Gobernuak, ordea. Gehienek PANekiko harremanari berriz heldu izana ontzat jo bazuten ere, izan zen aurrerapauso handiagoetarako borondaterik agertu ez izana kritikatu zuenik ere. Gantzek emandako mezua «amorragarria» dela adierazi zuen Mossi Raz Meretz alderdiko parlamentariak. «Zergatik ez dugu prozesu diplomatiko bat izango? Israelen interesekoa litzateke», gaineratu zuen.

Bi estatuko irtenbidearen aurka eta Israelen okupazioa betikotzearen alde suharki hitz egin izan du Bennettek, ordea, aukera izan duen guztietan, eta bere gobernukide txikienen presioek ez dute inolaz ere iritziz aldatuko; are, kontuan izanda Bidenekin izandako bilkuran ere hitz egin zutela horretaz. Etxe Zuriak bileraren ondorengo oharrean bi estatu egitearen aldeko mezua eman bazuen ere, Bennettek erabat itxi zion atea aukera horri The New York Times egunkariari emandako elkarrizketan. Palestinarrekiko gatazkari «epe hurbilean» aterabiderik ez zaiola emango adierazi zuen lehen ministroak, eta bere gobernuak ez duela Zisjordaniako zatirik anexionatuko, ezta Palestinako Estaturik onartuko ere.

Hamasen gaitzespena

Palestinako herritar askoren artean PANekiko eta Al-Fatah alderdiarekiko haserrea areagotzen ari denean heldu da gobernuko buruaren eta Israelgo Defentsa ministroaren bilera. Uztailean protesta handiak izan ziren hainbat hiritan, Nizar Banat aktibistaren heriotzak hauspotuta. Gainera, herritar askok hauteskundeetara deitzeko eskatzen diote presidenteari, Israelek Jerusalem ekialdean bozkatzeko bermerik eman ez badu ere. Haren aurkariek diote ez duela bozetara deitzen boterea galtzeko beldurragatik. Gantzekin bilduta Abbasek halako kritikak apaldu nahi izan dituela egotzi dio zenbaitek.

Antzeko kritika egin zion Hamas alderdi eta mugimendu islamistak. «Era honetako bilerek erakusten dute PANek ilusioa saltzen jarraitzen duela, negoziazioaren bide itsuaren bidez Palestinako herriarentzat zerbait lor daitekeen ideia zabalduz», adierazi zuen Hazem Qasem bozeramaileak, eta erantsi zuen «Palestinako zatiketa politikoan» sakontzen dutela halako «jokabideek».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Montanan atzeman zuten globoa. ©BERRIA

AEBek Txinaren bigarren globo bat atzeman dute Latinoamerikan

Julen Otaegi Leonet

Pentagonoak Montanan atzeman zuen atzo ustezko lehen globo espioia; gaurko ordu txikietan, beste bat, Latinoamerikan. Ez du zehaztu non. Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak Txinara egitekoa zen bidaia bertan behera utzi du.

 ©MARCO SANTOPADRE

«Itsasoan hiltzen direnak dira larrialdia, ez bizirik iristen direnak»

Marco Santopadre

Ekintzailearen esanetan, «bisa politika bidegabeen biktima» izaten jarraitzen dute oraindik ere joan-etorriak libre eta seguru egiteko eskubidea behar luketen milaka pertsonak.
Italiako Polizia hilik aurkitutako zortzi migratzaileen gorpuak daramatzan ontziaren zain. / ©Concetta Rizzo, EFE

Kostazainek 42 pertsona erreskatatu dituzte Lampedusatik gertu

Arantxa Elizegi Egilegor

Zortzi lagun hilik atera dituzte ontzitik. Erreskatatutako migratzaileen esanetan, hotzez hil ziren. Beste bi desagertutzat jo dituzte.

Montanako zeruan ikusi duten ustezko globo espioia. ©BERRIA

AEBek Txinako ustezko globo espioi bat atzeman dute beren aire eremuan

Berria

Txinak «ez espekulatzeko» eskatu du, baina gertakariak korapilatu egin dezake igandetik aurrera Antony Blinken AEBetako Estatu idazkaria Txinara egitekoa den bi eguneko bisita.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.