Tubacexeko langileek ez dute onartu Lan Sailaren eskaintza, enpresari «men egin» diolako

Astelehenean aurkeztu zuen eskaintza aldatu duela salatu dute sindikatuek. Jaurlaritzak ez dio muzin egin artekaritzari, baina ez dago berriz biltzeko datarik

Tubacexeko langileek enpresak Erandion duen egoitzaren aurrean eginiko protestaldia. AIARALDEA.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Tubacexeko langile batzordeak ez du onartu Eusko Jaurlaritzak hiruko azken bilerara eramaniko eskaintza. Sindikatuek salatu dutenez, Lan Sailak aldatu egin du iragan astelehenean langile eta zuzendaritzarekin eginiko bilerara eraman zuen «sintesi proposamena». Batzordearen ustez, Jaurlaritzak «men egin» die enpresak azken hiru egunetan eginiko presioei. Horrenbestez, eutsi egingo diote duela zazpi hilabete hasitako grebari.

Negoziazioa gertutik jarraitu duten iturrien arabera, aldaketa handiena prozesuaren hasieran egin ziren borondatezko 22 kaleratzeren trataeran dago. Sindikatuen arabera, langile horiek egoerak behartuta onartu zuten kaleratzea, enpresak haien lanpostuak desagertuko zirela esan zielako. Batzordearen ustez, EAEko Auzitegi Nagusiak erregulazio espedienteko 129 kaleratzeak indargabetu zituenean, 22 kaleratze borondatezko horiek kaleratze behartuak bilakatu ziren. Sindikatuek esana zuten ez dutela onartuko kaleratze beharturik, eta ez dituzte atzean utzi nahi22 kide horiek.

Tubacexeko zuzendaritzaren, langile batzordearen (ELA, CCOO, STAT, LAB eta ATAL) eta Lan Sailaren arteko bileren arteko giro ona hautsi egin da. Jaurlaritza enpresak hala eskatuta sartu zen, eta sindikatuek haren artekaritza onartu zuten. Iragan astean egoera azaltzeko bi bilera egin zituzten Elena Perez lan sailburuordearekin. Bi aldeak entzun ondoren, astelehenean, Jaurlaritzak sintesi proposamen bat jarri zuen mahai gainean ordezkariek eta zuzendaritzak azter zezaten. Langileen ordezkariek nahiko begi onez ikusi zuten.

Atzoko bileran, baina, sindikatuaren arabera, proposamena aldatu egin zen. Enpresak beharturiko kaleratzerik ez egitea onartu zuen, borondatezkoak bakarrik, baina 2022tik aurrera. Ondorioz, ez luke izango obligaziorik prozesuaren hasieran, aurten alegia, kaleraturiko 22 langileak berriz hartzeko. Sindikatuentzat hori marra gorri bat da. Berez ñabardura txikia da, baina egoera gaiztotzeko modukoa.

Lan Sailak, berriz, «diskrezioa» ezinbestekoa dela nabarmendu du. Ondorioz, ez du baloraziorik egin nahi izan enpresa eta zuzendaritzaren jarrerari dagokionez, ezta lehen eskaintzaren inguruan haiek eginiko«interpretazioei» eta azken hiru egunetan sarturiko «elementuei» buruz ere. Sailak gatazkarentzako konponbide adostu bat aurkitzeko asmoarekin jarraitzen du, baina egun ez dago bilera berrietarako datarik.

Lan Sailak interpretazio arazoak aipatu ditu, eta hala dirudi, baibehintzat enpresak atzo eginiko oharra irakurriz gero. Tubacexek Jaurlaritzaren eskaintza onartu zuen, eta «harriduraz» hartu zuen langile batzordearen ezezkoa. Enpresaren arabera, azken eskaintzak konponbidea ematen zien gatazkaren bi puntu «erabakigarriri». Batetik, beharturiko kaleratzeak egoteko arriskua alboratzen zuen, eta, bestetik, neurri batzuk ezartzen zituen kostuak murriztu eta Laudio eta Amurrioko (Araba) plantak bideragarri bihurtzeko.

Zein zen lehen eskaintza?

Baina zein zen lehen eskaintza? Zer zioen? Sindikatuek herenegun azaldu zizkieten baldintzak langileei, eta BERRIAk hainbaten berri izan du. Lehenbiziko biak, oinarrizkoenak: enpresak 129 kaleratzeen indargabetzeari Auzitegi Gorenean jarritako helegitea kendu behar du, eta langileek greba bertan behera utzi behar dute. Sindikatuentzat berebiziko garrantzia zuen helegitea kentzeak, epaitegiak ebatzi zuelako enpresak ez duela «erabaki traumatikoak» hartzeko arrazoirik.

Enpresak ezingo du egin beharturiko kaleratzerik, baina bai borondatezkoak. Lana nahita utzi nahiko lukeen langileak bidegabeko kaleratze trataera jasoko luke, eta haren araberako kalte ordaina. Kaleratzerik ez egiteko konpromisoa 2024ra artekoa da, baina hasiera ez dago zehaztua. Hor katramilatzen da prozesu hasierako 22 kaleratzeen egoera.

Hortik aurrerakoak hiru urterako lan hitzarmen berri batean oinarritzen dira. Langileek soldata hiru urtez izoztea onartu beharko lukete —2021ean ere izoztea erantsi zuen atzo Lan Sailak—, eta urtean berrogei ordu gehiago lan egitea. Jarduna astebetez luzatzea litzateke hori. Baldintza orokorren okertze hori hiru urtez emango litzateke bakarrik, 2025ean lan itun berria negoziatzeko garaia iritsiko litzakeelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.