Tubacexeko batzordeak aurreakordioa berretsi du, baina CCOOk bozketa nahi du

Itunak gehiengoaren babesa lortu du ELAren eta CCOOren aldeko bozei esker. CCOOk langileek berrets dezaten nahi du. Oraindik ez da greba amaitu

Tubacexek Laudion duen plantako kanpoaldea, atzo. Bozketa eguna izanda, une batzuetan ez zen piketerik egon. AIARALDEA.EUS.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Tubacexeko lan gatazkaren korapiloa ez da askatu oraindik. Langile batzordearen gehiengoak herenegun sinaturiko aurreakordioa berretsi du, eta, ondo bidean, greba bertan behera utzi beharko luke. Ondo bidean izango dela zehaztu behar da, ELAk eta CCOOk bakarrik berretsi dutelako ituna —hamahiru ordezkarietatik zazpi dituzte—, eta CCOOk langile guztiek bozkatu dezatela eskatu dio langile batzordeari, filiazio sindikalik gabekoak barne. Horiek hala, balizko bozketa horretan erabakiko da grebaren etorkizuna. Batzordeak ez balu galdeketa eskaera onartuko, atzoko gehiengoaren pisua gailenduko litzateke, eta orduan bai, langileak lanera itzuliko lirateke.

Bozketa estuak ezustekoa izan ziren, eta orain ikusi beharko da Jaurlaritzaren Lan Sailak nola kudeatzen duen emaitza, hark egin baitu artekaritza enpresarekin. Ezustekoaren seinale, Idoia Mendia sailburuak atzo goizean goiz eginiko adierazpen baikorrak: esan zuen alde guztien akordioa «albiste bikaina» zela, eta «negoziazioaren fruitua». Legebiltzarrean hartu zuen hitza, haren sailaren artekaritza erabakigarria izan baita azken asteetan.

Baikortasun giroa, baina, apurka deseginez joan zen. Zazpi hilabeteko greban mantenduriko batasuna desagertu egin baitzen. Ezezkoak goizeko lehen bileretan agertu ziren. LABek herenegun ez zuen aurreakordioa sinatu, eta atzo ez zen espero afiliatuek ordezkarien jarrera aldarazterik. San Anton ermitan elkartu ziren (Laudio). Bere jarrera ohar bidez azaldu zuten. LABen iritziz, akordioak «bidesari» bat ordaintzera behartzen ditu, «onartezina» dena. Hiru puntu nabarmendu zituen: soldatak ia lau urterako izoztuko direla, lanaldia 40 orduz handituko dela, eta enplegu bermeak langile kopuruez hitz egiten duela, baina ez pertsonei buruz.

STAT izan zen aurka bozkatzen hurrengoa, eta eguneko ezusteko handienetakoa. Enpresa sindikatua da. 114 afiliatu bildu ziren, eta 67k aurka bozkatu zuten eta 47k alde. Sindikatuak herenegun aurreakordioa sinatu zuen, baina afiliatuek bizkarra eman zioten ordezkariek sinaturikoari. STATek pisu handia du Laudio eta Amurrioko plantetako bulegoetan, baita arduradunen artean ere. Horietako batzuk lanera joan dira grebak iraun bitartean, lanuzteak ekoizpena eten baitu, baina bulegoetako jardun osoa ez.

ELA izan zen baiezkoa ematen aurrenekoa. Hark lau ordezkari ditu, batzordeko presidentea barne. 178 afiliatu elkartu ziren Laudioko futbol zelaian, eta 125ek aldeko boza eman zuten. 50ek ezezko boza eman zuten, bi boto zuri egon ziren, eta bat baliogabea. ELAk bere azalpenean nabarmendu zuen akordio honekin enpresak egin asmo zituen kaleratzeak bertan behera gelditu direla, eta lan itun berriko baldintzak «behin-behinekoak» direla.

CCOOren zain

ATAL sindikatu independenteak eta CCOOk arratsaldean eman zuten beren jarreraren berri. ATALek ordezkari bakarra du, eta ez zuen bozketarik egin. Herenegun aurreakordioa sinatu zuen, baina, bere jardun sindikalean ez du onartzen langile guztien arteko bozketa batean berresten ez den neurririk. Batzorde barruko aritmetikarako baiezko bozek balio dute bakarrik; beraz, ezin da babes moduan zenbatu.

CCOO izan zen erabakitzen azkena. Afiliatuen %67k begi onez ikusi zuten lan ituna (50 boz alde eta 25 aurka). Batezbesteko hori, baina, bere garaian greban sartzearen alde egin zuen baino gutxiago da —%80 inguru— eta horregatik iritzi dio bozketa bat beharrezko dela. Dena den, xehatu zuen batzordeak egin nahiko ez balu ez duela bere jarrera aldatuko. Beraz, ondo bidean, bozketa horrek jarriko dio amaiera auziari, atzoko barne bozak ikusita gehiengoa alde baitago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.