Albistea entzun

Estu hartu dute IPCC, klimari buruzko ondorioak alda ditzan

BBCk zabaldutako filtrazioaren arabera, Saudi Arabia, Australia eta Japonia leudeke, besteak beste, esku hartzeen atzean. Helburua litzateke erregai fosilak alde batera uzteko presioa indargabetzea
Ikatz errekuntza bidezko instalazio termiko bat, Mazedoniako Bitola hirian.
Ikatz errekuntza bidezko instalazio termiko bat, Mazedoniako Bitola hirian. GEORGI LICOVSKI / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Elizegi Egilegor - Gorka Berasategi Otamendi -

2021eko urriak 22

Klima larrialdia lehentasunezko gai bilakatzen ari da nazioarteko agendan, eta horrek nabarmen handitu du agintarien gaineko presioa. NBE Nazio Batuen Erakundeak antolatuta, COP26 goi bilera garrantzitsua hasiko dute bi aste barru Glasgown (Eskozia), eta estatuek klima larrialdiaren aurkako beste urrats bat adosteko erronka izango dute aurrez aurre, besteak beste, erregai fosilen erabilera ahalik eta azkarrena etetea. Jendaurrean guztiak etorri dira bat neurriarekin, baina ateak itxita jarrera bestelakoa izan da. Erresuma Batuko BBC hedabideak zabaldu duenez, hainbat estatu eta enpresa handi presio egiten ari zaizkie NBEko adituei, IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeko kideei, datorren urtean argitaratzekoa duten seigarren ebaluazio txostenean aldaketak egin eta neurrien premiazkotasunari pisua ken diezaioten.

Mundu osoko gobernu, konpainia eta bestelako interesdun taldeek egindako 32.000 iruzkin jasotzen dituzte dokumentuek. Greenpeace erakunde ekologistak utzi ditu BBCren esku, eta hark filtrazioaren berri eman zuen, atzo. Hedabidearen arabera, iruzkin gehienak azken txostena hobetzeko ekarpen «eraikitzaileak» dira, baina beste batzuek agerian utzi dituzte «presioak», IPCCk txostenean klima aldaketaren egoerari buruzko larritasun maila apaldu dezan.

Galde horietako zenbait erregai fosilen ingurukoak dira. Filtrazioak azaleratu duenez, hainbat herrialdek argudiatu dute erregai horien erabilera murriztea ez dela txostenaren zirriborroak jasotzen duen bezain presazkoa. Estatu horien artean leudeke Australia, Japonia, India eta Saudi Arabia, esaterako. Ikatz ekoizle edota erabiltzaile handiak diren herrialde horiek eta beste zenbaitek —Txinak, Argentinak eta Norvegiak— erregai fosilen karbono isuriak biltegiratzeko teknologien aldeko apustua defendatu dute, IPCCko zientzialarien irizpideen kontra. Aditu taldearen zirriborroak jasotzen duenez, karbonoa biltegiratzeko teknologiek «egiteko bat izan dezakete etorkizunean», baina ez dira apustu «fidagarria» Lurraren berotzea 1,5 edo 2 gradutik behera mantentzeko.

Beste herrialde batzuek bestelako arrazoi batzuk izan dituzte txostenean jasotako ebidentzien aurka egiteko. Argentinak eta Brasilek, adibidez, ukatu egin dute haragi kontsumoaren eta berotegi gasen arteko harreman zuzena. Bi herrialde horiek dira munduko behi haragi eta pentsu ekoizlerik handienak.

Europa ekialdeko herrialde batzuek, berriz, energia nuklearrak egin dezakeen ekarpenarekiko ikuspegi baikorragoa eskatu dute. Txekiaren, Poloniaren eta Eslovakiaren iritziz, NBEk ezarritako helburu gehienak betetzeko erabilgarri izan daiteke. Txostenak, berriz, 17 puntuetatik bakarra lortzeko jo du erabilgarritzat.

Filtrazioa ezagutarazi ostean, IPCCk ez du kezkarik agertu aditu taldeek jaso dituzten iruzkinengatik. Are gehiago, estatuen oharrak txostena ontzeko «gakoak» dira, haren iritziz, «berrikuspen prozesua txostenaren indar eta sinesgarritasun iturri garrantzitsua» den heinean. Nabarmendu duenez, adituek ez dute inolako beharrik iruzkin horiek azken txostenean jasotzeko.

IPCCk hiru ataletan argitaratuko du ebaluazio txostena. Lehena, klimaren baldintza fisikoei dagokiena abuztuan argitaratu zuen, eta bigarrena eta hirugarrena, klima aldaketaren ondorioei eta horiei aurre egiteko neurriei buruzkoak, 2022ko otsailean eta martxoan argitaratzea espero da. Azken bi horietako zirriborroen eduki batzuk ezagun egin dira COP26ko bileraren aurretik, horiek ere filtrazio bidez.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Erdogan Turkiakoa (erdian), Niinisto Finlandiakoa (eskuinetik hirugarrena) eta Andersson Suediakoa (eskuinetik bigarrena), atzo, Madrilen. ©KIKO HUESCA /

NATOn sartzeko betoa kendu die Turkiak Finlandiari eta Suediari

Igor Susaeta-Mikel O. Iribar

Ankararen arabera, Stockholmek eta Helsinkik «PKKren aurkako borrokan» lagunduko diote. Mendebaldeko aliantza militarrak goi bilera egingo du gaur eta bihar Madrilen
Pertsona bat armak debekatzeko eskatuz, eta ez abortua, Gorenak hartutako erabakiaren kontra joan den larunbatean Los Angelesen egindako manifestazio batean. ©ETIENNE LAURENT / EFE

Legearen zirrikituetan igeri egiten

Urtzi Urrutikoetxea

Babes federala galduta, AEBetako estatu bakoitzeko legediarekin lortu nahi dute abortatzeko eskubidea babestea. Louisianan, Utahn eta Texasen debekua geldiarazi dute, eta beste estatu batzuetan ere helegiteak jarri dituzte.
Polizia, atzo goizaldean, kamioia topatutako eremua hesitzen. ©ADAM DAVIS / EFE

Gutxienez 50 migratzaile topatu dituzte kamioi batean hilik AEBetan

Erredakzioa

Mexikoko mugatik 250 kilometrora aurkitu dute ibilgailua. Beroak itota hil direla uste dute agintariek. Lopez Obradorrek gertaera kritikatu du
 ©Kiko Huesca, EFE

NATOn sartzeko betoa kendu die Turkiak Finlandiari eta Suediari

Igor Susaeta-Mikel O. Iribar

Ankararen arabera, Stockholmek eta Helsinkik «PKKren aurkako borrokan» lagunduko diote. Mendebaldeko aliantza militarrak goi bilera egingo du, bihar eta etzi, Madrilen

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.