Gerra Ukrainan

Zamaontzi batek berriro garraiatu ditu laboreak Itsaso Beltzean barrena

Ukrainaren arabera, atzera zerealak esportatzen hastea «munduarentzako aringarri bat» izango da. Errusiarentzat, «positiboa» da albistea. 'Razoni' ontzia 26.000 tona artorekin atera da Odesatik

Emakumezko bat, atzo, Odesan (Ukraina), parean Razoni zamaontzia duela. Atzo abiatu zen 26.000 tona zereal barruan zituela, eta Tripoliko portura (Libano) iristea du helburu. EFE.
Igor Susaeta.
2022ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Joan den otsailaren 24an Errusiako armadak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik lehendabiziko aldiz, zamaontzi batek berriro garraiatu ditu Ukrainako zerealak Itsaso Beltzean barrena. Ukrainako Azpiegitura Ministerioak jakinarazi zuenez, atzo goizean Sierra Leonako bandera duen Razoni itsasontzia Odesako portutik abiatu zen, barruan 26.000 tona arto zeramatzala. Kievek atzo nabarmendu zuen «munduarentzako aringarri bat» izango dela Errusiak azkeneko bost hilabeteetan zerealak Itsaso Beltzetik esportatzeari jarritako blokeoa kentzea.

Ukrainako portuetan 22 milioi tona zereal —artoa, garia eta beste— pilatu dira otsail bukaeraz geroztik. Labore horiek ez merkaturatzeak handitu egin du munduko elikagai krisia, eta aintzat hartu behar da, gainera, horreketa Mendebaldeko herrialdeek Kremlini jarritako zigor ekonomikoek ekarri dutela bai inflazioa, bai eta energiaren eta elikagaien prezioak gora egitea ere.

Blokeoa kentzeko akordioa sinatu zuten Ukrainak, Errusiak, Turkiak eta NBE Nazio Natuen Erakundeak uztailaren 22an, eta zamaontzi batek atzera Itsaso Beltzetik zerealak garraiatzea «positiboa» dela adierazi zuen, atzo, Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek. «Espero dugu alde guztiek akordioa betetzea eta [esportazioen] mekanismoak modu eraginkorrean funtzionatzea».

Itunaren arabera, Itsaso Beltzean Ukrainak eta Errusiak minak jarri dituztenez, aldeek aurrez zehaztutako korridore batetik nabigatuko dute zamaontziek, eta egoitza Istanbulen izango duen koordinazio zentro batek behatuko ditu joan-etorriak. Akordioa aintzat hartuta abiatutako aurreneko ontzia Tripoliko (Libano) portura iristekoa da, eta zamaontzi guztiek Bosforo itsasartea zeharkatu behar dute, Istanbulen.

Ukrainako Atzerri ministro Dmitro Kulebak zera erantzun zion atzo Errusiari, Ukraina «bazkide fidagarria» dela, eta hala izango dela Errusiak akordioa errespetatzen duen bitartean. Ituna sinatu ondorengo asteburuan, ordea, Errusiak Odesako portua bonbardatu zuen, eta horrek zalantzak piztu zituen. Akordioak dio, hain zuzen, Errusiak eta Ukrainak adostu dutela erasorik ez egitea ez ontziei, ez portuetan.

Odesatik, Pivdennytik eta Txornomorsketik ateratzekoak dira zamaontziak, eta Kievek adierazi izan du hamasei ontzi jada zerealez beteta daudela, horiek esportatzeko moduan. Oleksandr Kubrakov Azpiegitura ministroak atzo azaldu zuenez, blokeoa kenduta Ukrainak uste du 1.000 milioi dolar —975 milioi euro— poltsikoratu ahal izango dituela dibisetan. Otsail amaieraz geroztik, Ukrainak lau bat milioi tona labore esportatu ditu Danubio ibaitik edo trenez, baina helburu izango luke inbasioaren aurreko kopuruetara heltzea; hau da, hilero sei-zortzi milioi tona esportatzea. Nolanahi ere, Volodomir Zelenski Ukrainako presidenteak iragarri du litekeena dela aurtengoan Ukrainak normalean biltzen duen uztaren erdia jasotzea.

Turkiak bitartekari lanak egin ditu akordioa ontzeko, eta Mevlut Cavusoglu Atzerri ministroak atzo adierazi zuen «behar dena» egingo dutela esportazioek etenik gabe jarrai dezaten. «Espero dugu akordioak su eten eta bake iraunkor bat ekartzea».

NATOren esker ona

Erreakzioak eragin zituen zamaontzi bat Odesatik ateratzeak, eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek, esaterako, adierazi zuen herrialde aliatuek «guztiz» babesten dutela «elikadura krisia arintzeko» akordioa, eta eskerrak eman zizkion Turkiari, «ezinbesteko rola» jokatu duelako ituna egitean. Istanbulgo koordinazio zentroa ere zuzentzen du Ankarak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.