Errusiaren azpiegitura militarretatik urruntzeko eskatu die Kievek herritarrei

Erdoganekin eta Zelenskirekin bilduko da gaur NBEko idazkari nagusia Lviven. Moskuk ohartarazi du IAEAren misioak ezin duela desmilitarizazioa agindu

Langile bat atseden hartzen Butxako hilerrian, Kiev iparraldean. Dozenaka hilotz agertu ziren hirian, Errusiako tropak erretiratu ostean. ROMAN PILIPEY / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2022ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Aste bakarrean Errusiaren arma biltegiek eta azpiegitura militarrek gutxienez hiru eraso jasan dituzte. Orain arte Kievek ukatu egin du horiekin inolako zerikusirik izatea, baina atzo onartu zuen bere aldeko partisanoek egindako sabotaje ekintzak izan direla guztiak. Donbassen, Ukraina hegoaldeko korridorean eta Krimean izan dira erasook. «Gure estrategia da logistika, hornidura bideak, arma biltegiak eta azpiegitura militarrak suntsitzea. Horrek nahasmena eragiten du errusiar soldaduen artean», onartu zuen Mikhailo Podoliakek, Ukrainako presidentearen aholkulariak. Horren helburua litzateke Errusia Donbassen egiten ari den erasoaldia moteltzea, modu horretan Mendebaldeak Ukrainara arma gehiago bidaltzeko denbora izan dezan. Podoliakek berak aitortu zuenez, sabotaje ekintzetan jardungo dute, gutxienez neguaren hasierara arte. Horiek hala, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik eskatu zien herritarrei ez daitezela gerturatu Errusiaren azpiegitura militarretara.

Bien bitartean, nazioarteak Errusiaren aurka onartutako zigorrek espero zen eraginik ez dutela izan ikusita, diplomaziaren bidetik jo dute estatuek. Uztailaren 22an eman zuten lehen pausoa, Ukrainako laboreak esportatzeko asmoz Errusiarekin sinatutako akordioaren bitartez. Turkiaren eta NBE Nazio Batuen Erakundearen parte hartzearekin sinatu zuten hura, eta indarrean da geroztik. Bigarren urratsa gaur egin nahi dute, Europako zentral nuklearrik handienaren segurtasuna bermatzeko, batetik, eta gatazkari nolabaiteko irtenbide politikoa aurkitzeko lehen ahalegina egiteko, bestetik.

Asmo horrekin heldu zen atzo Lvivera NBEko idazkari nagusi Antonio Guterres. Guterres gaur bilduko da Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganekin eta Zelenskirekin, laboreen esportazioa ahalbidetu zuen akordioaz aritzeko; horren ostean, baina, Zelenskirekin bakarka elkartuko da, gatazkari irtenbide politiko bat eman beharraz eta Zaporizhiako zentral nuklearraz aritzeko.

Azken asteetan kezka eragin du Ukrainako zentral nuklearrak. Zaporizhia eskualdearen hegoaldean dago zentrala, eta Moskuren kontrolpean dago martxoaz geroztik, baina oso gertu du gerra frontea, eta azken asteetan hainbat bonba erori dira inguruetan. Hori dela eta, NBEk eskatu dio Moskuri utz diezaiola IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziari zentrala gainbegiratzen. Errusia prest agertu da horretarako, baina bestelako oztopo bat aurkitu dute: Ukrainak baldintza gisa jarri du misioak Kievetik igaro behar duela zentralera heldu aurretik. Errusiako presidente Vladimir Putinen gobernua ez dator bat baldintzarekin. «Zentzugabea da. Misioak Kievetik igaro behar badu zentralera heltzeko, frontearen erditik pasatu beharko du», ohartarazi du Errusiako Atzerri Ministerioko ordezkari Igor Vixnevetskik. Horrez gain, Moskuk iragarri du halako misio batek ez lukeela zilegitasunik zentralaren «desmilitarizazioa agintzeko», Kievek eskatu bezala, eta soilik segurtasun neurriak betetzen direla bermatu ahalko lukeela.

Itsasontzi gehiago

Ekilore irina, ekilore olioa eta artoa zeramatzaten lau itsasontzi irten ziren atzo Ukrainako portuetatik. Turkiako Atzerri Ministerioak zabaldu zuenez, Odessa eta Txernomorskeko portuetatik irten ziren ontziak. Herenegun, berriz, Sirian porturatu zen Ukrainatik laboreekin irtendako lehen ontzia. Abuztuaren 1az geroztik, 21 itsasontzi irten dira Ukrainako portuetatik.

Bestalde, Donetskeko gobernadoreak jakinarazi zuen atzo bi zibil hil zirela, Errusiaren bonbardaketen ondorioz. Ukraina hegoaldeko Kherson eskualdean, berriz, Nova Kakhovka base militarra bonbardatu zuten Ukrainako indarrek, eta, Kieven arabera, gutxienez hamabi soldadu errusiar hil zituzten.

Gerra betean, agintariak hasiak dira neguari begira. Lviv hiriko alkate Andrij Sadovjik eskatu die herritarrei presta daitezela «negu gogor bat» igarotzeko. Halaxe dio Sadovjikek sare sozialetan zabaldutako bideo batean: «Itxura du negua zaila izango dela. Logikoa da, ezer ezin da erraza izan independentziaren alde borrokan ari den herrialde batean. Edozertarako prest egon behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.