EBk ugaritu egin ditu Ekialde Hurbilerako arma salmentak

Jarrera Batuak debekatu egiten ditu salmentak, baldin eta giza eskubideen urraketak badakartzate. Berdeek proposatu dute akordioa betetzen ez duten estatuak zigortzea

Huthien aldeko matxino xiitak, joan den asteartean, Sanan. YAHYA ARHAB / EFE.
Ricard Gonzalez.
Aljer
2022ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Ukrainako gatazkak airean dauka oraindik ere mundu guztia, baina bada interes apurrik pizten ez duen beste gerra bat, zazpigarren urtea ondo betea duena: Yemengoa. Eta ez du interesik pizten nahiz eta NBE Nazio Batuen Erakundearen hitzetan munduko giza krisirik okerrena den, eta haren eraginez giza laguntza behar duten 20 milioi lagun inguruk —hango biztanleen %65ek baino gehiagok—. Txosten ugaritan jasota dagoenez, gatazkaren alde guztiek egin dituzte gerrako krimenak, baita Saudi Arabiak eta Arabiar Emirerri Batuek ere. Hala ere, EB Europako Batasuneko zenbait herrialdek eta AEBek milioi askoko kontratuak sinatu eta sinatu jardun dute Persiar golkoko bi petromonarkia horiekin.

Esaterako, nazioarteko eta EBko legedia urratzea izan liteke Frantziak Arabiar Emirerri Batuetara esportatzea Caesar kamioi artilleriadunak. «Legeak zenbait kontzeptu lauso darabiltza, hala nola arrisku eta larri, eta interpretazio ugari izan ditzakete. Baina, zehazki Yemengo gerran, argi dago armen esportazioak legea urratzen duela», adierazi du Eduardo Melanok, Delas Bakearen Aldeko Ikerketa Zentroko kideak.

Saudi Arabia

Atzeneko hamarkada honetan, aldi bereziki istilutsua izan dute Ekialde Hurbilean, lehendik ere gatazkak jotako eskualde bat izaki. Yemengo gerraz gain, Siriako eta Libiako gerra amaitu gabekoak dituzte, eta Egiptoko estatu kolpea. Suediako SIPRI gobernuz kanpoko erakundearen arabera, 2013tik 2017ra aurreko bosturtekoan halako bi gehitu ziren Ekialde Hurbileko arma inportazioak; hots, munduko merkataritzaren %32 izan ziren, eta ehuneko horrek bere hartan iraun du hurrengo urteetan ere.

Gaur egun, Saudi Arabia dago arma inportazioen sailkapen globalaren buruan, eta Egipto hirugarren dago zerrendan. Bai herrialde horiek biek eta bai Arabiar Emirerri Batuek —zeinek urteak baitaramatza lehenengo hamarren artean— Frantzia, Erresuma Batua, Alemania eta AEBak dituzte hornitzaile nagusi, nahiz eta giza eskubideen urraketa larriak egiten dituzten. Ekialde Hurbilerako salmenta gero eta sarriagoen ondorioa da, neurri batean, Europako arma industriaren bat-bateko goraldia: 2008an, 33.000 milioi euroko negozioa zen; 2018an, berriz, ia 170.000 milioikoa.

Estatu kideen esku

2014az geroztik indarrean den nazioarteko tratatu batek arautzen du armen merkataritza, eta debekatu egiten ditu horrelako salmentak, baldin eta gerra krimenak edota nazioarteko giza eskubideak urratzea badakarte. EBk, berriz, Jarrera Batua onartu zuen 2008an, zeinak zortzi irizpide ezarri baitzituen esportazioak baimentzeko, estatu kide guztiek bete beharrekoak. «Arazoa zera da, estatu kideek berek interpretatzen dituztela arau horiek, eta, eskuarki, oso laxo jokatzen dute horretan, esportazioak baimendu nahian interes ekonomiko eta geoestrategikoek hartaraturik», azaldu du Melerok. Hori eragozteko, Berdeak taldekoek proposamen bat aurkeztu dute Europako Parlamentuan, Europa barruan kontrol mekanismo bat sortzeko eta zigorra ezartzeko Jarrera Batuan jasotakoak betetzen ez dituzten estatuei.

Zenbait herrialdetarako esportazioen legezkotasuna alde batera utzita, bada aintzat hartu beharreko beste kontu bat ere: ea esportazio horiek arriskuan jartzen duten eskualdeko bakea eta segurtasuna. «Behatzaile gehienak bat datoz Saudi Arabiara eta Arabiar Emirerri Batuetara armak esportatu izanak sendotu egin diela Yemenen garaipen militarra lortu ahal dutelako ustea, eta horrek luzatu egin du gatazka», azaldu du SIPRIko ikertzaile Pietr Wezemanek.

Litekeena da Europako arma sektorearen oparoaldiak aurreko urteetan baino gehiago baldintzatzea oraintxe zenbait herrialderen kanpo politika. 2015etik 2019ra, arma esportazioak %72 ugaritu ziren Frantzian; hein handi batean, Egiptoko erregimen basatiarekin 2015ean egindako salmentei esker, hala nola 24 Rafale hegazkin bonbardatzaile saldurik, 5.000 milioi euroren truke. «Akordio haren bidez, Egiptok Rafale hegazkinen ekoizpen lerro oso bat salbatu zuen. Eta, hori jakinda, errazago ulertzen da Paris eta Kairo atzeneko urteotan hainbeste lerrokatu izana», adierazi du Egipton espezializatutako analista batek, Timothy Kaldasek.

Parisek jarri zion amaia Abdulfatah Al-Sisik kolpe odoltsuaz geroztik nazioartean izan zuen ostrazismo aldiari. Mendebaldean, François Hollande izan zen lehenbiziko buruzagia bere hiriburuan alfonbra gorria zabaldu ziona Egiptoko diktadoreari, Rafale hegazkinen salmentaren aurretixe. «Al-Sisik bere merkataritza itunak baliatu izan ditu —batez ere arma alorrekoak eta azpiegitura proiektuenak— nazioartean babes politikoa eskuratzeko», azaldu du Kaldasek. Arabiar Emirerri Batuak dira Frantziaren beste eskualde aliatu handia: abenduan, 80 Rafale hegazkin bonbardatzaile erosi baitzizkioten, 16.000 milioi euroren truke.

Frantziaren eta Alemaniaren ondoren, Espainia eta Italia dira EBn arma industria ahaltsua eta gero eta handiagoa duten bi herrialdeak: munduko arma esportatzaileen sailkapenean, zazpigarrena eta hamargarrena dira, hurrenez hurren. Biei adeitasun berezi bat sumatzen zaie bezero nagusi dituztenekin kanpo politiketan. Madrilek, adibidez, Turkiari ezartzekoa den edozein zigorren kontrako oposizio ororen buru jardun du, hura baitu defentsa alorreko bazkide nagusietako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.