Putinek esan du Ukrainako laboreak ez direla iristen «herrialde pobreenetara»

Errusia ekialdeko Vladivostok hirian egiten ari diren Ekialdeko Ekonomia Foroan da egunotan Errusiako presidente Vladimir Putin, eta han ere Ukrainako gerra izan du hizpide. Estatuburuak atzo salatu zuen uda hasieran Turkia eta NBE Nazio Batuen Erakundearen bitartekaritzarekin lortutako labore esportaziorako akordioa bere mesedetan baliatzen ari dela Europa: «Ukrainatik ateratzen den laborea ez da herrialde pobreenetara joaten. Orain arte ateratako 87 itsasontzietatik bi bakarrik heldu dira garatzeko bidean dauden estatuetara». Hori dela eta, iragarri du Turkiako presidente Recep Tayyip Erdogani eskatuko diola esportazioak «herrialde pobreenetara» mugatzeko.
Hala, «kolonizazio politikekin» jarraitzea egotzi dio EB Europako Batasunari, eta ohartarazi jarrera horrek elikadura arazoak ugarituko dituela. «NBEren arabera, 2019an 135 milioi pertsona zeuden gosez munduan; orain kopuru hori 145 milioikoa da. Izugarria da, herrialde pobreenek gero eta zailagoa dute elikagaiak erostea. Inoiz ikusi gabeko giza hondamendi bat gerta liteke», esan zuen Putinek.
Zigor ekonomiko eta teknologikoen bidez «Errusiari eraso egitea» ere egotzi zion Putinek atzo Mendebaldeari, baina berretsi zuen herrialdea «subiranoago eta indartsuago» irtengo dela gatazkatik. Haren esanetan, Mendebaldeak «jokabide eredu bat» ezarri nahi die herrialdeei zigorren bitartez, modu horretan estatuen «subiranotasuna murriztuz», eta politika horiek «mehatxu bat» dira nazioartearentzat. Baina aldaketak hasiak direla ohartarazi zuen Putinek, eta horiek AEBen hegemoniaren galera eta Asiako herrialdeen gorakada ekarri dituela: «Apurka uko egin diogu dagoeneko fidagarriak ez diren dibisa horiek erabiltzeari. AEBen aliatu direnak ere dolarretan dituzten aktiboak murrizten ari dira».
AEBetako informazio agentzien arabera, otsailean hasitako erasoaldian milaka soldadu galdu ditu Errusiak, eta Mendebaldeak ezarritako zigorrek ere milioika euroren galerak eragin dizkiote. Izan ere, nazioarteko enpresa handiek itxi egin dituzte herrialdean zituzten azpiegiturak eta herrialde askok eten egin dituzte inportazioak.
Ukrainako armadako bi goi kargudunek nabarmendu zuten atzo herrialdeko hedabideetan kaleratutako artikulu batean gerra 2022az haratago luzatuko dela eta Errusia berriro ahaleginduko dela Kiev hartzen.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.