Ukrainan bozkatzen hasi dira Errusiak okupatutako lurrak anexionatzeko

Luhansken, Donetsken, Zaporizhian eta Khersonen hilaren 27ra arte edukiko dute bozkatzeko aukera. Mendebaldeak zilegitasuna kendu die galdeketei. Kieven arabera, «propaganda ikuskizun bat» dira

Herritar batzuk, atzo, erreferendumerako propio prestatutako autobus batean bozkatzen, Luhansken. EFE.
Igor Susaeta.
2022ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Bozkatzen hasi ziren atzo Moskuk Ukrainan partzialki okupatutako eremuetan; hau da, Donetsk eta Luhansk herri errepubliketan, eta Zaporizhia eta Kherson eskualdeetan. Bozketa horien helburua da Errusiak modua edukitzea lur horiek anexionatzeko, 2014an Krimeako penintsularekin egin zuen bezala. Mendebaldeak eta Ukrainak adierazi dute galdeketek ez dutela zilegitasunik, eta NBE Nazio Batuen Erakundeak nabarmendu izan du edozein eremu indarrez hartzeak nazioarteko zuzenbidea urratzea dakarrela.

Hilaren 27ra arte bozkatu ahal izango dute herritarrek. Galina Katiuxenko Zaporizhiako hauteskunde batzordeko buruak Interfax Errusiako berri agentziari azaldu zionez, aurreneko lau egunetan bozkatzeko aukera egongo da bizilekuetan edo horretarako propio prestatutako lekuetan—autobusetan, esaterako—, eta, azken egunean, datorren asteartean, hauteslekuak irekiko dituzte. Iturri horren arabera, «segurtasuna bermatzeko» eman da bizitokietan bozkatzeko aukera. Dena den, ez dago argi nola egingo dituzten bozketak gerra betean eta hainbeste pertsona desplazatuta daudela. Asteartea pasatuta dira emaitzak ematekoak.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen aholkulari Mikhailo Podolyakentzat, «propaganda ikuskizun bat» dira galdeketak, eta, Twitterreko bere kontuan atzo idatzi zuenez, «legez kanpoko» ekintza bat. «Lurralde horiek askatzea behar dute».

Eremu horietan Moskuk ezarritako administrazio militarrek joan den asteartean jakinarazi zuten erreferendumak egitekoak zirela herritarrei galdetzeko ea bat egin nahi duten Errusiako Federazioarekin. Vladimir Putin Errusiako presidenteak hurrengo egunean adierazi zuen babestu egingo zituela. «Ukrainako hainbat eremutan bizi direnek ez dute neonazien menpe bizi nahi». Kremlineko buruak uste du, bide batez, eremu horiek Errusiako Federazioaren parte izan beharko luketela, eta Sobietar Batasuna zeneko agintariek egindako hutsegite batzuengatik galdu zituztela.

2014tik, 'de facto'

Donbassko Donetsk eta Luhansk herri errepublika errusiazaleak 2014az geroztik dira de facto independenteak, Ukraina ekialdean gerra hasi zenetik alegia, nahiz eta nazioarteak ez dien estatus hori aitortzen. Otsailaren 24an, Errusiak Ukrainako inbasioa hasi baino egun batzuk lehenago aitortu zuen Moskuk lurralde horien independentzia. Modu horretan, Putinek aukera zuen tropak Ukraina hego-ekialdeko eremu horretara bidaltzeko. Nolanahi ere, azken zortzi urteetan han borrokan aritutako milizia errusiazaleak babestu ditu.

Errusiak Luhansken zati handi bat du kontrolpean, %66 inguru, eta Donetsken erdia baino zerbait gehiago: %60. «Guk guztiok zortzi urte luze daramatzagu itxaroten Errusiarekin bat egiteko», adierazi zuen Leonid Pasetxnik, Luhanskeko herri errepublikaren liderrak. «Errusiaren parte gara, baina zerbait falta da oraindik: [gerra] irabaztea». Denis Puxilin Donetskeko buru errusiazaleak ere hitz egin zuen: «Etxera itzuli gara. Donbass Errusia da». Hau da, galdeketa egin aurretik irabazitzat jo dute. Zaporizhiaren eta Khersonen %66 dago Errusiako tropen menpe. Ukraina hegoaldean daude bi oblast horiek.

Bestalde, mobilizaziorako deiarekin batera Putinek hauspotutako mehatxu nuklearraren harira, Sergei Riabkov Errusiako Atzerri ministrordeak esan zuen, atzo, Kremlinek ez duela inor mehatxatu arma nuklearrekin: «Halakoak erabiltzeko irizpideak zehaztuta daude Errusiaren politikan, euste nuklearraren eremuan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.