NATOk uste du Polonian lehertutako misila Ukrainak bota duela

Aliantzak Moskuri egotzi dio gertatutakoaren erantzukizuna. Kievek oraindik ere esaten du Errusiak egin zuela erasoa. Zelenskik eskatu du leherketa gertatu den eremuan «ikerketa bateratua» egiteko

Khersongo herritar batzuk, atzo, hiriko plaza batean, laguntza humanitarioa jasotzeko zain. OLEG PETRASIUK / EFE.
Mikel O. Iribar - Igor Susaeta
2022ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Polonian herenegun lehertutako misila Ukrainako armadarena zela dioen hipotesia gero eta indar handiagoa hartzen ari da. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak egindako lehen azterketak erakusten du Ukrainak botatakoa dela Poloniako Przewodow herriko etxalde batean —Ukrainako mugatik gertu— lehertu eta bi hildako eragin zituen misila. Jens Stoltenberg Mendebaldeko aliantza militarreko idazkari nagusiak atzo nabarmendu zuen Ukrainako aireko indarrek misilak jaurti zituztela «Errusiako misil bat erorarazteko». NATOko beste kide batzuek, Polonia kaltetu nagusiak eta AEB Ameriketako Estatu Batuek, kasurako, iradoki dituzten ondorioen bide beretik jotzen dute ondorio horiek ere.

Gertatutakoaren «erantzukizuna», hori bai, Kremlini egotzi zion NATOko idazkari nagusiak. Ukrainaren aurka hasitako gerraren eta erasoen oldearen «emaitza zuzena» dela argudiatuta. «Ukrainak, jakina, eskubidea du herrialdeko hiriak eta azpiegiturak suntsitzea helburu duten misil errusiarren olatua eraisteko», erantsi zuen. «Ukrainak ez du errurik».

Stoltenbergek agerraldia egin baino ordu batzuk lehenago, Poloniako presidente Andrzej Duda Varsovian mintzatu zen hedabideen aurrean, eta esan zuen «ziurrenik» Ukrainak jaurti zuela misila. Aitzitik, gaineratu zuen «ezerk» ez duela adierazten «Poloniaren aurka nahita egindako erasoa» izan zenik. Gobernuko bilera egin eta jasotako frogak aztertu ostean, Dudak adierazi zuenjaurtitako «S300 misila Sobietar Batasunaren garaian» egin zutela, «ziurrenik».

Horrekin guztiarekin lotuta, Poloniako lehen ministro Mateusz Morawieckik baieztatu zuen ez dela beharrezkoa izango NATOren IV. artikulua indarrean sartzea; horrek aliatuen arteko kontsultak aurreikusten ditu, lurraldearen osotasuna, independentzia politikoa edo edozein alderdiren segurtasuna arriskuan dagoenean.

Joe Biden AEBetako presidenteak G20koen bileran, Balin (Indonesia), nabarmendu zuenez, «ziurrenik» ez zuten Errusiatik jaurti. «Zantzu batzuek diotenez, Ukrainaren misil antiaereo bat zen. Lehen informazioen arabera, eta egin duen bidea aintzat hartuta, ziurrenik ez zuten Errusiatik jaurti».

Kievek «berehalako» eskaera egin du leherketa gertatu den eremura joateko eta bertan «ikerketa bateratua» egin ahal izateko, Ukrainako Defentsako goi funtzionario eta segurtasun nazionaleko kontseiluko idazkari Oleksii Danilovek atzo azaldu zuenez. Gaineratu zuen Ukrainak espero duela bere «aliatuek» ondorioetarako oinarri izan duten informazioa helaraztea.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak errepikatu zuen «Errusiako misilak» zirela Polonian lehertutakoak. Herenegun ere Kremlini egotzi zion erasoa, eta adierazi zuen gatazka «beste koska bat» estutzea eragingo zuela gertatutakoak.

Bide horretan, Reuters berri agentziak jaso zuenez, Zelenskiren aholkulari Mikhailo Podoliakek atzo Moskuri leporatu zion «aurreikusi ezinezko gudu zelai bilakatzea» Europako ekialdeko zati bat. «Nire ustez, logika bakar bati heldu behar zaio. Errusiak hasi du gerra, eta Ukrainari masiboki erasotzen dio».

Errusiak hasieratik ukatu zuen bere erantzukizuna, Defentsa Ministerioak kaleratutako ohar baten bidez. Azpimarratu zuen «nahita» egindako «probokazio bat» zela gertatutakoa, eta, atzo ziurtatu zuenez, Polonian lehertutako misila Ukrainako armadarena da; hori esan dute jaurtigaiaren zatien argazkiak aztertu dituzten aditu errusiarrek. Hain zuzen ere, Errusiako armadako bozeramaile Igor Konaxenkovek atzo zehaztu zuen S-300 aireko defentsaren misil zatiak direla, eta gehitu zehaztasun handiko erasoak «Ukrainako lurraldean bakarrik» egin zituztela atzo, «eta ez Ukrainaren eta Poloniaren arteko mugatik 35 kilometrora».

Ebakuatzeko asmorik gabe

Errusiako armadak herenegun Ukrainako energia azpiegiturei egindako erasoak gorabehera, Kievek ez du herritarrak ebakuatzen hasteko intentziorik. Herrialdeko presidentearen bulegoko buru Kirilo Timotxenkok elkarrizketa batean adierazi zuen argindar sarea «egonkortzeko ahaleginean» ari direla. Zazpi milioi herritar argindarrik gabe geratu ziren.

Bestalde, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak atzo Balin esan zuen Vladimir Putin Errusiako presidentea prest dela zerealen esportazioen akordioa berritzeko. Etzi amaituko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.