Albistea entzun

2023an ekonomia moteldu arren enplegua sortuko dela iragarri du Confebaskek

Langabezia tasa %7ra jaitsiko dela uste du, 2008az geroztik egon den daturik txikiena. BPGa %1,5 baino ez da igoko, eta bigarren seihilekoa hobea izango da
Confebasken urteroko txostena aurkezteko prentsaurrekoa. Erdian, Isabel Busto enpresarien erakundeko presidentea.
Confebasken urteroko txostena aurkezteko prentsaurrekoa. Erdian, Isabel Busto enpresarien erakundeko presidentea. MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Magro Eizmendi -

2022ko abenduak 24 - Bilbo

Ekonomia asko motelduko den arren, enplegua sortu egingo da, nahiz eta aurten baino gutxiago sortu. Hori da Confebask enpresarien elkarteak 2023rako eginiko iragarpena. Patronalak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiaren egoeraren inguruko iragarpen eta azterketak egiten ditu, eta, haren ustez, hiru lurralde horietako BPGa %1,5 igoko da hurrengo urtean. Aurten izandako hazkundearen erdia baino gutxiago da (%4,2); hala ere, Europan espero den baino handiagoa. Motelaldiak, dena den, ez du etengo enplegu sorrera, eta hurrengo urtean langabezia tasa %7ra jaitsiko dela uste du.

Confebaskek urte amaieran testuinguru ekonomikoaren inguruan egin ohi duen txostena aurkeztu zuen atzo. Hona hemen ondorio eta iragarpen horiek xeheago emanda:

HAZKUNDEA: %0-%2,5

Hurrengo urterako BPGaren hazkunde iragarpena %0 eta %2,5 artean kokatu du. «Ziurgabetasun handiko urtea izango da. Lehengaien, energiaren eta langileen kostuen bilakaerak zail egiten du iragarpen oso zehatzak egitea». Horrela argudiatu du Isabel Busto Confebaskeko presidenteak hain tarte zabala eman izana iragarpenean. «Hiruhilekoz hiruhileko monitorizatu beharko dugu», nabarmendu du. Hala ere, atzeraldian sartzeko arriskua baztertu du. Datu zehatz bat eman nahian, BPGa %1,5 igoko dela iragarri dute, esaterako Europarentzat (%0,5) iragarri duten baino hiru aldiz gehiago.

MILIOI BAT LANGILE

Confebasken arabera, 2023an 10.000 herritar gehiago izango dira Gizarte Segurantzan kotizatzen. Hala, milioi bat langileren langa igaroko da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Pablo Martin patronaleko ekonomia arduradunak onartu du zaharkitua geratu dela enplegua sortzeko ekonomiak gutxienez %2 hazi behar duela zioen ustea: «Urte amaierako datuak dira, eta uste dugu bigarren seihilekoa hobea izango dela. Era berean, lan erreformen eraginez, ikusi da %2ko datu hori ez dela beharrezkoa enplegua sortzeko». Lanpostu berrien eraginez langabezia tasa %7ra jaitsiko dela iragarri du. Egun %8 da, eta 2008az geroztik %7tik gorakoa izan da.

2022: %4,2, ETA POZIK

Bustok honela laburbildu du amaitzear dagoen urtea: «Hasieran iragarri baino okerragoa izan da, baina duela hilabete batzuk espero genuen baino hobea». Urteak bi zati ezberdin izan ditu: lehen sei hilekoan hazkundea handia izan zen, baina bigarrenean motelaldia iritsi zen. Horren erakusgarri, hirugarren hiruhilekoan %0,1 handitu zen BPGa.

OKERREN, ERAIKUNTZA

Sektoreei dagokienez, merkatu zerbitzuena %5,8 handitu da aurten, baina kontsumoaren motelaldia nabaritu du azken asteetan. Industria, berriz, %4,5 hazi da, «inoiz ikusi gabeko kostuen gorakadaren eraginpean». Gutxien handitu den sektorea, «berriz ere», eraikuntza izan da: %1,8. Confebaskek nabarmendu du hainbat lan publiko adjudikatu gabe gelditu direla, eskaintzak ez zirelako kostuak ordaintzeko adinakoak.

ENERGIA, GARESTI

Confebasken ustez, energiaren, lan kostuen eta lehengaien garestitzea da enpresen arazo larriena. Energiarena nabarmendu du Eduardo Aretxaga zuzendari nagusiak: «Ardura nagusia da, eta hori arintzeko neurriak behar ditugu». Esaterako, gasaren prezioa iaz halako zazpi izan da, iaz halako lau argindarrarena, eta bikoitza petrolioarena. Confebasken barruan energia enpresak daude, baina haiei askorik ezin zaiela eskatu uste du, garestitzearen oinarria lehengaien jatorrizko prezioan dagoelako.

INFLAZIOA, BI URTE GEHIAGO

2023an inflazio handia izango dela uste dute enpresariek, eta eurogunekoa ez dela %2ra gerturatuko 2024a amaitu arte edota 2025a hasi arte. 2023an interes tasak %5,5era arte igoko direla uste dute. Horrek finantzaketa lortzea zailduko die enpresei. Egun, hamarretik batek bakarrik onartu ditu tankera horretako arazoak, baina datuak goraka egingo du.

GIROA LASAITU BEHARRA

Confebasken iritziz, lan harremanetako eta politika arloko giroa lasaitu beharra dago. Politikaz mintzatzean, zehaztu dute Espainiaz ari dela. Lan harremanetan, berriz, nabarmendu du aurten hainbat sektore hitzarmen sinatu direla eta hamalau negoziazio mahai irekita daudela. Alde horretatik, kritikatu egin du sindikatuek Bizkaiko metalgintzako itunaren negoziazioan duten jarrera, bere ustez FVEMen eskaintza ona delako. Era berean, ez du uste akordio faltak Gipuzkoako negoziazioa gaiztotuko duenik.

FISKALITATEAREN URTEA

2023a zerga sistemaren inguruko eztabaida irekitzeko urtea izan daitekeela uste du enpresarien elkarteak. Aurrerago emango du bere jarreraren berri, baina Aretxagak aurreratu du zerga sistemaren eztabaida lasai egin behar dela, «gure lehiakide diren beste lurraldeetako sistemekin alderatuz». Era berean, berretsi egin du ondasun handien zerga ez litzatekeela existitu beharko, «anakronikoa» delako.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Onnera Groupen erakusmahai bat, industria azoka batean. ©BERRIA

Onnera Groupek lantegi berria zabalduko du Oñatin, 17 milioi euroko inbertsioa eginda

Aitor Biain

Garbigailu industrialak fabrikatuko dituzte, egungo ekoizpen gaitasuna handituta. Kooperatibak inoizko salmenta handienak lortu zituen iaz: 380 milioi euro denera.

Langile bat Haizea Winden lantegian, artxiboko irudi batean. ©Marisol Ramirez / Foku

Industriak ekonomiari bultzada eman dio urtearen hasieran

Iker Aranburu

Eustaten arabera, jardunaldi osoko baliokideak diren 3.400 enplegu sortu ziren lehen hiruhilekoan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Lanbideren bulego bat, Bilbon, artxiboko irudian. ©Monika del Valle / Foku

Maiatzean, 1.558 langabe gutxiago Hego Euskal Herrian

Iker Aranburu

Enpleguak indarrez egin du gora: apirilean baino 8.127 kotizatzaile gehiago ditu Gizarte Segurantzak.

Fagor Ederlaneko langile bat, Bergarako fabrikan. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Azkenean, legean jaso gabe geratu da kooperatibisten kotizazio eredua

Aitor Biain

Pentsioen erreformaren tramitazioa baliatu nahi zuten eredu mistoa testuari eransteko, baina ezbaian geratu da legealdia eten denez. Bazkideek Gizarte Segurantzan eta Lagun Aron kotizatzen dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.