Trumpi 34 delitu leporatu dizkiote, enpresa kontuak faltsutzeagatik

AEBetako presidente ohiak errugabetzat jo du bere burua epailearen aurretik pasatu denean. Agintari ohiak sare sozialetan esan du «sorgin ehiza bat» dela bere kontrako prozesua

Donald Trump AEBetako presidente ohia, atzo, New Yorken, Trump dorretik atera zenean. PETER FOLEY / EFE.
Arantxa Elizegi Egilegor - Ander Perez Zala
2023ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Ordu batzuez atxilo eta zaintzapean, eskuburdinarik ez eta hari ateratako argazkirik ere ez. Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohia (2017-2021) modu berezian tratatu zuten atzo, herrialde horren historiako unerik esanguratsuenetako baten protagonista bilakatu zenean: Juan Manuel Merchan epailearen aurretik pasatu zen Trump, eta hark jakinarazi zion 34 delitu leporatzen dizkiotela, enpresa kontuak faltsutzeagatik, 2016ko presidentetzarako hauteskundeen kanpainarekin zerikusia zuen ordainketa batengatik. Estatuburu izandakoak, aurrez iragarri bezala, errugabetzat jo zuen bere burua atzoko saioan.

AEBen historian lehen aldiz, presidente ohi bat auzipetu dute. Estatuburu izandakoa atzo goizaldean heldu zen New Yorkera, eta arratsaldean joan zen Manhattango Auzitegi Kriminalera; Poliziak, auzitegi horretako segurtasun indarrek eta zerbitzu sekretuetako kideek lagunduta egin zuen bidea, Trump dorretik irten zenean. Bide hori egiten ari zela, zera idatzi zuen Truth Social sare sozialean: «Oso surrealista dirudi. Atxilotu egingo naute. Ezin dut sinetsi hau Amerikan gertatzen ari denik».

Auzitegira iristean, presidente ohiak ez zuen adierazpenik egin. Autotik atera, jarraitzaileak agurtu, eta berehala sartu zen eraikinean. Epailearen aurrean egin zuen agerraldia ez zen publikoa izan, baina areto barnean zegoeneko argazki bat argitara atera zuten, eta Trump oso serio agertzen zen, kamerari begira, abokatuak alboan zituela.

Kanpoan presidente ohiaren zaleak zeuden; goizean goizetik hasi ziren biltzen hiriko bazter guztietan, baina baita harekin kritikoak direnak ere. Eric Adams New Yorkeko alkateak jarraitzaileei eskatu zien «lasai» egoteko, eta ohartarazi zuen Poliziak esku hartuko duela istiluak sortzen bazituzten. Lerro hauek idazterako, ez zen ezer larririk gertatu; hori bai, Trumpen jarraitzaile oso gutxi agertu ziren, aurreko manifestazioekin konparatuz gero.

Haren kontrako prozesuaz aritzerakoan, berriz, «sorgin ehiza» idatzi zuen Trumpek sare sozialetan, atzo goizaldean, Miami Beacheko bere etxetik (Florida) New Yorkerako bidea hartu zuenean—Euskal Herriko gaurko ordu txikietan zen etxera itzuli eta agerraldi bat egitekoa atzo gertaturikoaz—.

Estatuburu ohiak ukatu egin duen arren, ikerketak zera dio: 2016ko presidentetzarako hauteskunde kanpaina betean zirela, buruzagi errepublikanoak, kanpainako funtsak erabiliz, 120.000 euro ordaindu zizkion pornografian aritzen zen Stormy Daniels aktoreari, Michael Cohen abokatuaren bitartez, Danielsek ez zezan zabaldu Trumpek eta biek harremanak izan zituztela 2006an. Presidente izandakoak esan du ez zuela sexu harremanik izan Danielsekin, baina aktoreak baietz dio.

Berez, isilik egotearen truke diru kopuru bat ordaintzea ez da legez kanpokoa, baina, Manhattango fiskal Alvin Braggen arabera, litekeena da Trumpek bere enpresaren kontuak faltsutu izana ordainketa hori ezkutatzeko. Joan den ostiralean jakinarazi zuten estatuburu ohia eroskeriagatik auzitara eraman zutela; harrezkeroztik, Trumpek 7,3 milioi euro bildu ditu, Jason Miller haren aholkularietako baten arabera.

2024rako kanpaina

Baliteke Braggek zabaldutako ikerketak zuzenean eragitea datorren urteko presidentetzarako hauteskundeetarako kanpainan; izan ere, Trumpek iragarria du asmoa duela boz horietara aurkezteko —2016koak irabazi zituen, eta 2020koak galdu—. Ikusteko dago auzipetzeak mesede edo kalte egingo ote dion, adituek aurreikusten baitute gutxienez urtebete igaroko dela epaiketa hasi artean.

Hala ere, Danielsen auzia ez da Trumpen inguruan ikertzen ari diren bakarra. Georgian, Fulton barrutiko fiskala ikertzen ari da Trumpek funtzionarioak estu hartu ote zituen 2020ko hauteskundeetan hautagai errepublikanoa garailetzat jo zezaten. Bestalde, kontseilu federal berezi bat osatu dute argitzeko haren etxean aurkitutako dokumentu klasifikatuak zergatik eraman zituen hara Trumpek, eta zer zerikusi izan zuen 2021eko urtarrilaren 6an Kapitolioaren aurka izandako erasoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.