Trumpek NATOko kideei eskatu die defentsara bideratzeko BPGaren %4

2024rako %2ra igotzea da egungo xedea, baina, aurreikuspenen arabera, soilik hamabost herrialde iritsiko dira kopuru horretara. 29 estatuek «entrenamendu misio bat» jarriko dute martxan Iraken

NATOko kide diren herrialdeetako estatuburu eta gobernuburuetako batzuk, atzo, Bruselan, helikoptero bati begira. IAN LANGSDON / EFE.
ander perez zala
2018ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Bruselara iritsi eta berehala, Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak protagonismoa bereganatu nahi izan du, nazioarteko goi bilera guztietan bezala. Eta lortu egin du, horretan esperientzia handia baitu. Kontua da orain ea protagonismo horrek zerbaitetarako balioko dion, izango al duen haren mesederako ondorio praktikorik.NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen urteroko bileran argi zuten AEBetako presidentea proposamen berri batekin iritsiko zela Belgikako hiriburura, eta hala izan da: NATOko kideek BPG barne produktu gordinaren %4 defentsara bidera dezaten nahi du orain Trumpek. Gainontzeko 28 gobernuburu eta estatuburuek ez dute harriduraz hartu AEBetako presidentearen eskari berria eta berriz ere eztabaida bere eremura eraman nahi izana. Baina, lerro artean bada ere, agintariek iradoki dute keinuetan arreta jartzea dela garrantzitsuena, eta horrelako hitzei kasu askorik ez egitea. Trumpen nahi horri erantzuteko, erakundeak orain arteko «aurrerapausoak» aldarrikatu ditu bi eguneko hitzorduaren lehen bilera amaitzean. «NATOren lanak fruituak eman ditu; emaitzak hor daude, eta gure ia mila milioi herritarrak seguru sentiarazten jarraitzeko konpromisoa dugu», adierazi zuen atzo NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek.

2014ko goi bileran adosturikoaren arabera, 29 estatuen helburua da 2024rako euren BPGaren %2 bideratzea defentsa gastuetara. Gaur-gaurkoz, 29 estatuek argi dute ezinezkoa izango dela kopuru horretara iristea, eta, aurreikuspenen arabera, hamabost herrialdek soilik lortuko dute zenbaki hori bideratzea. Aurten, 29 estatuetatik bostek izango dute gastu hori —AEBak, Greziak, Estoniak, Erresuma Batuak eta Letoniak—, eta beste hiru kopuru horretatik hurbil izango dira —Polonia, Lituania eta Errumania—, NATOren datuen arabera. Beraz, kontuan harturik 29 estatuakez direla iritsiko ehuneko horretara 2024rako, Trumpen erakundeko aliatuek ezinezkotzat jo duteAEBetako presidentearen nahia. Ikusteko dago, ordea, gaurko bileraren ostean konpromiso hori hartzeko prest egongo diren, praktikan saiatuko ez diren arren.

Oraingoz, eta gaurko bileraren emaitzaren zain, badirudi Trumpek ez duela arreta handia jarriko haren proposamenean. AEBek gastatzen duten diru gehien kideen artetik —BPGaren %3,5, Trumpek egindako eskaria baino gutxiago—, eta NATOko indar nagusia izan dira historikoki. Baina AEBetako presidenteari ez zaio komeni Europako aliatuak estutzea, eta horixe bera gogorarazi zion aste honetan Europar Kontseiluko presidente Donald Tuskek: «Trump laztana, AEBek ez dute Europa baino aliatu hoberik izango. Estima itzazu zure aliatuak».

Giro horretan, NATOko idazkari nagusiak onartu zuen desadostasunak daudela aliatuen artean, baina nabarmendu zuen «aurrera» doazela. Hori justifikatzeko, gogorarazi zuen azken urteotan handitzen ari dela defentsara bideraturiko gastua, aurreko urteetako beheranzko joeraren kontrara: «NATOk frogatu du garrantzitsua dela Europarentzat eta munduarentzat».

Desadostasunak desadostasun, kideek zenbait neurri adostu zituzten atzoko bileran: Bagdaden eskariari erantzunez, Iraken «terrorismoari» aurre egiteko «entrenamendu misio bat» jarriko dute martxan, eta kuartel gehiago eraikitzeko konpromisoa hartu dute, esaterako. Stoltenbergen iritziz, erabaki horiek NATO «indartu eta bultzatu» egingo dute.

Alemania jomugan

Alemania kritikatzea izan zen Trumpek arreta bereganatzekoestrategiaren lehen plana. Eta hori egin zuen goi bilera hasi aurretik: Errusiaren morroi izatea egotzi zion Berlini, Alemanian erabiliko duten energiaren ia %70 Errusiatik iritsiko baita —Gazprom enpresaren Nordestram II kanalaren bidez—. AEBetako presidentearentzat «ez da bidezkoa» Alemaniak milioiak ordaintzea Errusiari energia hartzekoAEBak Errusiaren kontrako borrokan dirua inbertitzen ari diren bitartean. Adierazpen horien ostean batzartu zen Merkelekin, eta hitzordua bukatzean adierazi zuen «harreman oso-oso ona» duela Alemaniako kantzilerrarekin, nahiz eta jakina den bi agintarien arteko harremana ez dela oso ona.

Gaurko bileran, Errusia eta Vladimir Putin presidentea izango dira eztabaidagaiak —zehazki, kontinente zaharrean duten gero eta eragin handiagoa—. Hori mehatxutzat du Mendebaldeak eta, beraz, baita NATOk berak ere. Atzo zabaldutakoaren arabera, erakundeak tropa gehiago bidaliko ditu Baltikoko herrialdeetara, Errusiari presio egiteko. Goi bilera horren ondoren batzartuko dira Trump eta Putin, astelehenean, Helsinikin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.