Amnestyk EB egin du udan Mediterraneoan hil diren 721 lagunen heriotzen erantzule

Europako politiken ondorio hilgarriak salatu ditu gobernuz kanpoko erakundeak. Libiara itzularazi dituzten iheslarien kopurua bikoiztu egin da martxotik uztailera

Libiako kostazainek abandonatutako txanela batean aurkitutako gorpua. Proactiva Open Armsek uztailaren 17an aurkitu zuen ontzia. PROACTIVA OPEN ARMS / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Mediterraneoa hobi komun bat bilakatu dela maiz erabiltzen den metafora da, baina, lehorrean bezala itsas uretan ere inork ez daki zehazki zenbat diren gorpuak. Ekainean eta uztailean, gutxienez, 721 errefuxiatu ito dira itsasoan. Amnesty Internationalek atzo emandako datua da.Deabrua eta itsaso urdin sakonaren artean. Europak huts egin die errefuxiatuei eta migranteei Mediterraneoan izenekotxostenean itsasoan hildakoeta atzemandako lagunen kopurua areagotu egin dela ohartarazi du gobernuz kanpoko erakundeak.

Europako politika «suntsigarriak» egin ditu heriotzen erantzule. Matteo de Bellis AIko ikertzaileak zehaztu du ez dela soilik «tragedia bat», haren hitzetan «lotsagarria» ere bada: «Europako gobernuek dute heriotza hauen erantzukizuna; izan ere, kezkatuago daude errefuxiatuak euren lurraldetik kanporatzearekin, bizitzak salbatzearekin baino».

Iheslariak Libiara itzularazteko estatu kideak «konspiratzen» ari direla salatu dute ere txostenean. Afrika iparraldeko herrialde hartan errefuxiatuak «torturak eta abusuak jasateko» arriskua dutela, eta herrialde horretako zentroak «gainezka» daudela dio ere. AIk salatu du Libiara itzularazi dituzten pertsonen kopurua ere hazi egin dela. Martxotik uztailera bikoiztu egin da kopurua: martxoan 4.400 lagun lehorreratu zituzten itsasoratu ziren herrialde berean, eta, uztailean, berriz, 10.000, tartean 2.000 emakume eta haur.

Itsasoan atzeman eta momentuan bertan lehorreratzen dituzte. Libiako kostazainek egiten dute lan hori, eta, nazioarteko erakundeak berretsi duenez, estatu kideek trebatzen, hornitzen eta babesten dituzte: «Europako gobernuak elkarlanean ari dira libiarrekin errefuxiatuak etortzea saihesteko. Mugan kanporatzeko politika hedatzeko planak daude, eta hori oso kezkagarria da».

Salviniri kritikak

Italiarentzat da AIren kritika zorrotzena. Matteo Salvini Barne ministroak gobernuz kanpoko ontziei herrialdean lehorreratzeko debekua «krudela» dela iritzi dio: «Italia pertsonen bizitza ari da baliatzen negoziatzeko. Premiazko laguntza behar zuten pertsonak egunak eman dituzte itsasoan. Etsita zeuden pertsonak dira, eta abandonatuak izan dira, janaririk, urik eta arroparik gabe». Bellirentzat, estatu kideen artean kuotak ezartzeko trikimailua izan da Italiarena.

Mediterraneoan errefuxiatuak erreskatatzen aritzen diren gobernuz kanpoko erakundeen lan «heroikoa» trabatzea ere egotzi die erakundeak estatuei. «Italiako eta Maltako agintariek bizitzak salbatzen ari diren erakundeak difamatu, kritikatu eta kriminalizatu egin dituzte». Uda honetan erreskate ontziek izan dituzten arazoak zerrendatu ditu txostenak. Proactiva Open Arms erakundearen ontziak, uztailaren erdialdean, bi lagunen gorpuak aurkitu zituen hustutako txanela baten hondakinen artean —artean bizirik zegoen emakume bat ere erreskatatu zuten—, eta, gerora jakin zutenez, Libiako kostazainek atzeman zuten. Italiari eman zioten abisua, eta Asso Ventotto Italiako salgaiontziak lehorreratu zituen, Tripolin —108 lagun zeramatzan ontziak—.

AIk uste du gobernuak nazioarteko zuzenbidea urratzen ari direla, eta horrelako operazioak ikertu egin behar direla. Ibilbide seguruak bermatzeko ere eskatu dio AIk Europako Batasunari.

Espainiako protokoloa

Mediterraneoko egoera, baina, makurra da, udan, tenperatura lagun, areagotu egiten baita itsasoratzen diren lagunen kopurua. OIM Migrazioaren Mundu Erakundearen arabera, iaz 3.116 lagun ito ziren itsasoan eta aurten, ekainaren erdialdera arte, 857 izan ziren.

Estatu kideek, berriz, politika hertsiak ezartzen dituzte. Italiako Parlamentuak Libiako kostazainei hamabi salbamendu patruila emateko ebazpena onartu zuen astelehenean.

Espainiak, berriz, ez diie aurrerantzean ongietorri berezirik egingo erreskate ontzietan lehorreratzen diren errefuxiatuei. Aquarius ontzian iritsi ziren 630 laguni 45 eguneko epea eman zieten bizitzeko baimena eskatzeko, eta lehentasunezko tratua eman tramiteak egiteko. Open Armsen ontzian gerora lehorreratu ziren beste bi operaziotako errefuxiatuak ere baldintza horietan artatu zituzten. Aurrerantzean, baina, lehendik ezarrita zegoen «protokoloa» jarriko dute berriz indarrean.

Open Armsen ontzia bihar lehorreratuko da berriz ere Espainian. Libiako kostaldean 87 lagun erreskatatu zituen joan den ostegun gauean, bi orduz noraezean ibili eta gero, eta astebeteren ondoren lehorreratuko da. Espainiako Gobernuak Algecisaren porturatzeko baimena eman dio ontziari, eta, gobernuz kanpoko erakundeak keinu hori eskertu badu ere, salatu du ibilaldia behar baino luzeagoa izango dela. Ricardo Gatti misioaren arduradunak adierazi du beharrezkoa zena baino hiru egun gehiago eman dituztela itsasoan.

CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordeak errefuxiatuak artatzeko protokolo garden bat egiteko eskatu dio gobernuari: «Protokoloak ezin dira apetaren araberakoak izan, protokolo bakar bat behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.