Haddad izango da PTren hautagaia, Lulak aurkezteari uko egin baitio

Brasilgo presidente ohiak kartzelatik bidalitako eskutitz baten bidez eman du erabakiaren berri, presidentegaiak aurkezteko epea amaitzear zela. Hezkuntza ministro ohiak hartu du haren lekukoa

Lula eta Haddad, 2016ko udal hauteskundeen kanpainan, artxiboko irudi batean. SEBASTIAO MOREIRA / EFE.
ander perez zala
2018ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Bi urte eta erdiko borroka judizial etengabearen ostean, eta presidentegaiak aurkezteko epea amaitzear zela iragarri du Luiz Inacio Lula da Silvak uko egin diola Brasilgo hauteskunde orokorretan parte hartzeari. Ustelkeria eta diru garbiketa leporatuta, presidente ohia espetxean da hamabi urteko zigorra betetzen —apirilaz geroztik—, eta Hauteskunde Auzitegi Nagusiak haren hautagaitza baliogabetzeko erabakiari hamaika helegite aurkeztu dizkion arren, ez du lortu debekuari aurre egitea. Horiek horrela,Fernando Haddad izango da PT Langileen Alderdiaren presidentegaia, Lularen Hezkuntza ministro izandakoa eta duela gutxira arte Sao Pauloko alkate zena.

Urriaren 7an dira egitekoak hauteskundeak —balizko bigarren itzulia, urriaren 28an—, eta atzo amaitu zen hautagaiak aurkezteko epea. Berez, PTk bi aukera zituen mahai gainean: helegiteekin jarraitu eta Lulari aurkezten utziko zioten itxaropenari eutsi, edo beste hautagai bat aurkeztu. Azkenean, bigarren aukeraren alde egin du, presidentegairik gabe gelditzeko arriskua baitzuten. PTren hautagai ohiak eskutitz bat bidali zion atzo alderdiaren exekutibo nazionalari, erabakiaren berri eman eta Haddaden alde egin zezaten. Gutunean adierazitakoaren arabera, Lulak salatu du «injustizia bat» jasaten ari dela, baina alderdiari eta jarraitzaileei dei egin die proiektu politikoarekin jarrai dezaten, oraingoan Haddad presidentegai dela: «Nire ahotsa Fernando Haddadena da». Izan ere, PTren buruzagitzan gutxik egiten zuten Hezkuntza ministro ohiaren alde —mundu akademiko eta intelektualetik datorrelako—, baina, eskari horren bidez, Lulak barne zatiketak saihestu nahi izan ditu une erabakigarri batean —buruzagitzak aho batez onartu zuen hautagai berria—. Brasilgo hainbat hedabidek zabaldu dutenez, PTren presidentegaia herenegun izan zen kartzelan Lula bisitatzen, eta orduan adostu zuten hautagai aldaketa; espetxeratua aurkeztu izan balitz, Haddad izango zen presidenteordegaia.

Inkesten arabera, Lula izango zen boz gehien zuen presidentegaia, botoen %40 ingururekin, baina, hautagaitzari uko egin dionez, eskuin muturraren presidentegai Jair Bolsonaro bilakatu da faborito nagusia —ospitalean da, joan den astean labankada bat jaso baitzuen—. PTk hamahiru urtez gobernatu zuen Brasil, 2003tik 2016ra, lehenik Lula presidente zela, eta gero Dilma Rousseffek haren lekukoa hartu zuenean; oraingoan, ordea, badirudi zail duela berriz ere irabaztea, inkestek botoen %9 soilik ematen baitizkiote Haddadi. PTren presidentegaiak, beraz, erronka handia du aurretik, eta hauteskunde kanpaina oso arrakastatsua egin beharko du Brasilgo presidente bilakatzeko. Alegia, boto transferentzia eta Lularen legatu politikoa, herrialdeko politikaririk ezagunenaren legatua erabakigarriak izango dira harentzat.

Haddadek, gutxienez, badaki zer den botere politikoa izatea. Sei urtez izan zen Brasilgo Hezkuntza ministro —Lularekin eta Rousseffekin—, eta Sao Pauloko alkate ere izandakoa da. Gaztea da, eta hura hautatu izana alderdiaren eraberritzerako lehen pausotzat har daiteke, askok beharrezkotzat duten belaunaldi aldaketa gauzatzeko.

Debekuaren arrazoia

Lula presidente zenean hauspotutako lege bati heldu zion auzitegiak aurkeztea debekatzeko ebazpena argudiatzeko. 2010ean onartutako lege horren arabera, bigarren instantzian zigortua izan dena ezin da kargu publiko baterako hautagai izan.

PTk ohar batean salatu zuen «eliteen esanetara» jokatzen ari dela auzitegia. Bide judiziala agortu arte «borrokan» jarraituko duela esan zuen orduan alderdiak, eta jakinarazi zuen Lularen kartzelatzearen kontrako bi helegite jarrita dauzkala STJ Auzitegi Nagusian eta STF Auzitegi Gorenean. STJk eta STFk, ordea, ez dute erabakirik hartu helegite horien inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.