Markaketa Saud etxeari

AEBek lehen aldiz erran dute Saudi Arabiak Yemengo aire erasoak eten beharko lituzkeela. Negoziazioak «30 eguneko epean» hasteko eskatu du Etxe Zuriak

Markaketa Saud etxeari.
mikel rodriguez
2018ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Historia hurbileko hilabeterik zailena izan da azken hau Saudi Arabiarentzat, arlo diplomatikoan bederen. Ondorio zehatzik ez du pairatu oraindik, baina nazioarteko irudia zeharo hondatu zaio, eta nazioarteko eragileek markaketa bat ezarri diote orain, baita aliatuek ere. Jamal Khaxoggi kazetariaren hilketak hasi zuen Saudi Arabiako Erresuman agintzen duen Saud etxearen krisia, urriaren 2an, eta, hilabetearen bukaeran, nazioartean duen aliatu handienak orain arte egin ez dion eskari bat egin dio: Yemengo gerrako aire erasoak etetea eta negoziazio mahaian jartzea.

Saudi Arabiak nazioartean irekia duen fronterik handiena da Yemengo gerra. 2015ean hasi zen esku hartzen herrialde horretan, matxino xiitek boterea hartzea eragozteko. Hiru urte eta erdiren ondoren, gutxienez 10.000 pertsona hil dira —aire erasoetan hildako zibilak gehienak, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera—, eta matxino xiitek Sana hiriburua eta bertze eremu anitz kontrolpean dituzte oraindik. AEBek hasieratik babestu zuten Saudi Arabiaren erasoaldia —Barack Obama zen orduan presidentea—, eta herenegun arratsean lehenbiziko aldiz aipatu zuten borrokak eteteko beharra.

«Bada garaia erasoak eteteko; alde batetik, huthiek [matxino xiitek] kontrolatzen dituzten eremuetatik Saudi Arabiako Erresumara egiten diren misil jaurtiketak eta UAVen [droneen] erasoak, eta, ondoren, [Saudi Arabiaren] koalizioak Yemengo gune populatuetan egiten dituen aire erasoak». Mike Pompeo Estatu idazkariak adierazi zuen hori. Pompeorekin bat egin zuen Jim Mattis Defentsa idazkariak, eta epea ere paratu zion gerra gelditzeari. «Nahikoa denbora eman dugu gatazkari begira. Bake ahaleginen bat egin behar dugu, eta ezin dugu erran etorkizunean noizbait eginen dugula. Datozen 30 egunetan egin behar dugu».

Mattisek zehazki aipatu zuen Martin Griffiths NBEren mandatari bereziaren bitartekaritza ahalegina babestuko dutela, eta gerraren alde guztiei eskatu zien horretan parte hartzeko. Pompeok bezala, Mattisek huthiei erran die lehenbiziko pausoa emateko. «Eta, gero, bonba jaurtiketak eten ondoren, Martin Griffiths mandatari bereziak Suedian bildu ahalko ditu alde guztiak, eta gerra hau bukatu». Griffithsek eskerrak eman zizkion Mattisi, eta Jeremy Hunt Erresuma Batuko Atzerri ministroak atzo adierazi zuen«izugarri iragarpen ona» dela AEBek egindakoa.

AEBek eskaera egin dute Saudi Arabiaren koalizioak Yemen mendebaldeko Hudaida hirian 30.000 soldaduko indar bat borrokan hasteko prest duenean. Koalizioak joan den ekainean hasi zuen Hudaida hartzeko erasoaldia, gerran egin duen handiena. Orain, operazio handi bat prestatu du huthiak «negoziazio mahaian jartzera behartzeko».

Khaxoggiren hilketa

Mendebaldeko herrialdeak abuztuaren bukaeran hasi ziren gerrarengatik deserosotasun xume bat agertzen Saudi Arabiari, zibilen aurka egin zituen pare bat sarraski handiren ondoren. Khaxoggi kazetaria Saudi Arabiaren Istanbulgo kontsulatuan hil ondoren, berriz, Riaden jarrerarekiko deserosotasuna nabarmenago agertu dute. Turkiako Fiskaltzak atzo adierazi zuen Khaxoggi itota hil zutela kontsuletxera sartu bezain agudo. Jean-Yves Le Drian Frantziako Atzerri ministroak, berriz, Saudi Arabiari leporatu zion «behar adina» ez egitea hilketa ikertzeko. AEBetan, Alderdi Errepublikanoko senatari talde batek Donald Trump presidenteari eskatu dio bertan behera uzteko gobernuak Saudi Arabiarekin dituen elkarrizketak azpiegitura nuklear zibilari buruz, eta erran dute akordioren bat eginez gero Senatuan blokeatuko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.