Etenik ez duen argazki tragikoa

Atzoko egunez duela 30 urte dokumentatu zen lehen aldiz iheslari baten heriotza; ordutik, 6.714 lagun hil dira Gibraltarko itsasartean. Aurten 239 immigrante ito dira jada

Gibraltarko itsasartean joan den ekainean erreskatatutako immigranteak, Tarifan. A. CARRASCO RAGEL / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Egunsenti hotza. Grisa. Sortaldeko haizeak gogor jotzen du, hondar aleak zabalduz, eta itsasoa zakar dago, zerua bezain grisa. Tarifako Los Lances hondartzaren itsasertzean bost metro luze eta hiru metro zabal den itsasontzi bat dago.Handik gertu, gorpu bat. 1988ko azaroaren 1a da. Gibraltarko itsasartean zendutako eta dokumentatutako lehen iheslariaren argazkia.

Zuri-beltzeko irudi horretatik gaur arte, antzeko beste milaka daude, koloretan badira ere, tragedia beltz bera islatzen dutenak. Afrika eta Europa bereizten dituen hamalau kilometroko tarte horretan 6.714 lagun hil dira 30 urtean. Aurten, urriaren 15a bitartean, 239 lagun hil eta 279 desagertu dira itsaso hartan. OIM Migrazioen Nazioarteko Erakundeak emandako datua da, eta, haren ustez, itsasoan hil dela baieztatzen den immigrante bakoitzeko beste bi hiltzen dira, inoiz haietaz ezer jakiten ez bada ere. Mediterraneo osoan, berriz, 1.852 dira aurten itotakoak.

Nadorko 23 urteko gazte batena zen egunsenti hartan hondartzan agertu zen hilotza. Tangerretik gauerdian itsasoratu zen txalupa batean zihoan, beste 22 lagunekin batera, eta horietatik lau baino ez ziren bizirik atera. Goizaldeko lauretan bare zegoen itsasoa harrotu egin zen, eta, lurretik hogei metrora zeudela, eskuinera makurtu zen txalupa. Ordutik, behin eta berriz gertatzen da etenik ez duen tragedia hori. Batzuek iristea lortzen badute ere. Espainian 235.568 iheslari sartu dira itsasotik 1999tik 2017ra. Aurten jada 43.467 lehorreratu dira, 1.636 itsasontzitan. Urrian, 10.042. Irailean, 8.054. Inoiz baino gehiago dira.

«Politika hiltzaileak»

Abu Baker Soli urriaren 11n lehorreratu zen Espainian. Guinea Conakryko 17 urteko umezurtza da. «Ez daukat ez amarik eta ez aitarik», dio. Nadorko kostaldetik itsasoratu zen, eta zazpi orduko zeharkaldiaren ostean erreskatatu zituzten, artean itxaropena galdua zutela, noraezean ibili ostean, txalupa hondoratzen hasia zela. Egun horretan 763 lagun erreskatatu zituzten hegoaldeko mugan. Andaluziako Giza Eskubideen Aldeko Elkarteak jasotako lekukotza da Barrena. Txosten batean jaso dute, itsasoan zendutakoak «30 urteko politika arrazista eta hiltzaileen emaitza» direla salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.