Euskaltelen kontrola eskura du Zegonak, akziodun nagusi bihurtu ondoren

Garcia Erauzkinen estrategiarekin kritiko azaldu da funts britainiarra, eta aldaketa sakonak egin nahi ditu. Ezer egin aurretik itxarotea erabaki du Jaurlaritzak

Euskaltelen akziodunen batzarra, apirilaren 1ean, Derioko egoitzan. MIGUEL TOÑA / EFE.
Iker Aranburu.
2019ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Euskaltel kontrolatzeko eta haren ildoa aldatzeko lehen urratsa egin du Zegona inbertsio funts britainiarrak. Azken asteetan burtsan erositako akzioekin, bera da dagoeneko Euskalteleko akziodun nagusia, tituluen %20,94 baititu. Zegonak baino parte hartze txikiagoa du orain arteko akziodun nagusiak, Kutxabankek (%19,88), eta horrek aldaketa handiak ekar ditzake enpresaren zuzendaritzan eta estrategian. Aldaketa horiekin kezkatuta azaldu dira Eusko Jaurlaritza, alderdi politiko batzuk eta sindikatuak, erabakigunea Euskal Herritik urrundu eta lanpostu eta inbertsio galerak etor daitezkeen beldur baitira. Halakorik ez gertatzea espero du Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak.

Gasteizko gobernuaren beraren ekinaldiz sortu zen Euskaltel, 1995. urtean. BBKren, Kutxaren eta Vital Kutxaren finantza laguntza izan zuen operazio horretarako. Aurrezki kutxak eta haien ondorengoa, Kutxabank, Euskaltelen %60en jabe ere izan ziren. Azken urteetan, baina, Kutxabank akzioak saltzen aritu da, enpresa ez daukalako estrategikotzat eta Europako Banku Zentralaren arau berriek zigortu egiten dutelako bankuek industria enpresen parte hartzeak izatea—kapitala gordetzera behartzen ditu—.

Kutxabanken babesa izan du orain arteko zuzendaritzak, Alberto Garcia Erauzkin presidentea eta Francisco Artetxe kontseilari ordezkaria buru dituztela. Karguak arriskuan dituzte,Zegonak auzitan jarri dituelako haien kudeaketa eta ildo estrategikoa. Bi taldeen arteko harreman handirik ez dago; joan den astean egin zuen Euskaltelek akziodunen batzarra, eta bertara ez zen Zegonako ordezkaririk joan. Administrazio kontseiluko bileretara ere ez da joan aspaldian.

2017an sartu zen funts britainiarra Euskaltelen akziodun taldean. Asturiasko Telecable enpresaren jabea zen Zegona —hura zen bere inbertsio bakarra—, eta Euskalteli saltzea onartu zuen. Trukean, dirua eta Derioko enpresaren akzioen %15 jaso zituen.

Urtebetez akzioen kopuru hori ez aldatzeko konpromisoa hartu zuen orduan Zegonak. Abuztuan amaitu zen epe hori, eta urrian jakinarazi zuen Euskaltelen kontrola hartu nahi zuela. Iragarpena ez zen ezusteko handia izan, jakina baitzen Zegona ez zegoela gustura Euskaltelen akzioak burtsan zuen beheranzko bidearekin—balioaren %26 galdu zuen 2016an, eta beste %17 2017an—, eta kostuen jaitsiera eskatu ziola Garcia Erauzkinen taldeari.

Akzioak erosteko eskaintza partzial bat iragarri zuen Zegonak, Euskaltelen %29,9 erosteko, baina, operazioa garesti aterako zitzaiola ikusita —iragarpenak Euskaltelen akzioa garestitu zuen—, merkatuan tituluak banan-banan erosteko estrategia hobetsi zuen. Hainbat asteko isiltasunaren ondoren, atzo jakinarazi zion CNMV merkatuen arautzaileari jada akzioen %20,94 eskuratu dituela. Pentsatzekoa da %29,9 kontrolatzeko helburuari eutsiko diola; horren zati bat, %2,4 hain zuzen ere, Talomon bazkidearen esku dago.

Zegonaren azken erosketek aldaketarik eragin ez badute, March bankuaren inbertsio adarrak, Corporacion Financiera Albak, akzioen %11 ditu, eta Abanca banku galiziarrak, beste %4,48. Halaber daude akziodunen artean Capital Group (%5), Artemis Investment (%3,75) eta NN Group ere (%3).

Hedapena, auzoetatik

Garcia Erauzkinen eta Artetxeren gidaritzapean, Euskaltel bere hasierako eremutik zabaldu da, hau da, Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik. 2015. urtean, Galiziako R Cable telefono konpainia erosi zuen, eta Asturiasko Telecable 2016an. Iberiar penintsulako iparraldeko kable bidezko operadore nagusia izateko helburuarekin, iaz Nafarroan hasi zen zerbitzuak eskaintzen, eta duela aste gutxi,beste lurralde batzuetan, hala nola Leonen, Kantabrian eta Errioxan. Kataluniara ere hedatu nahi du, RACCtel markarekin.

Zegonak helburu handinahiagoak azaldu ditu: Espainia osora zabaldu nahi du, eta Virgin marka erabili nahi du horretarako. Virgin Phone 1999. urtean eratu zen, Erresuma Batuan, eta gaur egun telefono zerbitzuak eskaintzen ditu dozena bat herrialdetan (Frantzia, AEBak, Australia, Txile...). Virginek berak eta Barclays bankuak 34 milioi euro mailegatu dizkiote Zegonari Euskaltelen akzioak erosteko, eta 116 milioi euro gehiago jaso ditu kapital handitze baten bidez.

EH Bilduren eskaera

Zegonaren asmoekin oso kezkatuta azaldu zen atzo EH Bildu. «Oso albiste txarra da euskal ekonomiarentzat», Iker Casanova legebiltzarkidearen hitzetan. Jaurlaritzari eta Kutxabanki «utzikeriaz eta arduragabekeriaz» jokatzea egotzi zien. «Euskaltel enpresa estrategikoa da herri honentzat estrategikoa den sektore batean», eta horregatik eskatu dio Jaurlaritzari akzioak berriro erosteko eta Kutxabanki parte hartzea handitzeko.

Otsailean, BERRIAri emandako elkarrizketan, Euskaltelen akzioak erosteko aukera aipatu zuen Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak: «Herri honek Euskaltel sortu zuen, eta, aurrera begira ere, behar dugu horrelako enpresa bat hemen egotea». Horretarako goiz dela zehaztu zuen atzo Erkorekak: «Zuhurrena eta bidezkoena da itxarotea jakin arte operazioa nora iritsiko den». Gobernuak espero du egoera berriak ez egitea kalterik enpresaren erroei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.