Estatu Islamikoak hartu du bere gain Sri Lankako atentatuen erantzukizuna

Gobernuak uste du balitekeela Zeelanda Berrian martxoan bi meskiten kontra eginiko erasoaren mendekua izatea. 321 dira hildakoak, eta 521 zaurituak

Igandeko atentatuetan hildako hainbat lagun lurperatu zituzten atzo Kolonbon. Dolu egun nazionala izan zen atzo. M.A. PUSHPA KUMARA / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Negombon hildakoak lurperatzeari ekin zioten atzo, dolu egun nazionalean, zuri koloreko ikurrez inguratuta, zuria heriotzaren kolorea baita Sri Lankan. Kolonbo hiriburutik 40 kilometro iparraldera dago Negombo. Han izan zen sarraskirik handiena, elizkizuna hastear zela. Guztira 321 lagun hil eta 521 zauritu ziren igande goizaldean hainbat hotelen eta elizen kontra izandako atentatu katean. Hogei minututan sei atentatu egin zituzten: Negombon, hiriburuan eta beste bi hiritan; Katanan eta Batticaloan. Handik bost ordura, beste bi atentatu egin zituzten hiriburuan. Ekintzaile suizidek egin zituzten eraso guztiak, lehergailuak zartaraziz.

Atzo jakin zen nor izan zen erantzulea. Estatu Islamikoak komunikatu labur baten bidez aitortu zuen berak egin zituela erasoak. Amaq albiste agentzian jakinarazi zuen ekintzaileak bere izenean ari zirela: «Herenegun koalizioko herrialdeetako herritarren eta kristauen aurka egindako erasoen egileak Estatu Islamikoko borrokalariak dira». AEB Ameriketako Estatu Batuek muturreko talde islamistari aurre egiteko zuzentzen duten nazioarteko koalizioari egiten dio erreferentzia testuak; gaur egun, 30 eta 40 artean dira koalizioarekin bat egiten duten herrialdeak.

Sri Lankako Gobernuaren tesia berretsi da horrela; izan ere, komunikatua kaleratu baino ordu batzuk lehenago jakinarazi zuen bertako taldeek «nazioarteko sare» baten laguntza izan zutela erasoa egiteko. Rajitha Senaratne gobernuko bozeramaileak atentatuaren biharamunean bertan egindako agerraldian babestu zuen teoria hori: «Ez dugu uste eraso hau soilik herrialde honetara mugatzen den talde batek egin duenik. Nazioarteko sare bat zegoen. Ez dugu uste herrialde honetako erakunde txiki batek egin dezakeenik hau dena».

Muturreko islamistak

NTJ National Thowheeth Jamaath da talde txiki hori, eta harremana dauka beste batekin; JMI Jammiyathul Millathu Ibrahimekin. Talde islamikoak dira biak, eta, orain arte hilketarik egin ez badute ere, maiz egin dituzte estatua budisten kontrako erasoak.

Adituek aditzera eman dutenez, Estatu Islamikoak herrialdean dituen besoak dira, islamaren muturreko bi adarren —salafismoaren eta wahabismoaren— abaroan sortuak. Sri Lankak 22 milioi biztanle ditu, eta etnia eta erlijio anitz, baina budistak dira nagusi, %70 inguru, gehienak zingalesak. Musulmanak bi milioi pasa dira, mairuak eta malaiarrak nagusiki, eta hinduak, berriz, 1,2 milioi, gehienak tamilak.

Azken urteotan, areagotu egin da komunitateen arteko talka, musulmanen eta budisten artekoa bereziki, eta, iaz izandako liskarren harira, gobernuak larrialdi egoera ezarri zuen. Budistek ere badute muturreko talde armatua: Bodu Bala Sena. Iaz, indarkeriazko 86 ekintza izan ziren, eta aurten beste 26 istilu erregistratu dituzte, tartean kristauen kontra egindakoak. Uhartean herritarren %7 dira kristauak, eta gehienak budista eta hindu ez diren zingalesak eta tamilak dira.

Tamilak baztertuta egon dira urteetan. Gobernuak euren eskubideak urratu ditu, eta etengabeak izan dira haien kontrako erasoak; desplazatuak eta hildakoak eragin ditu. LTTE Tamil Eelameko Askatasun Tigreen eta gobernuaren arteko gerra zibila ia 30 urtez luzatu zen, 1983tik 2009ra, eta duela hamar urte eman zuten amaitutzat, gobernuak erasoaldi militar zabal baten ostean garaipena aldarrikatu zuenean. LTTE talde tamil nazionalista sekular bat zen, eta gatazkan 80.000 eta 100.000 lagun artean hil zituzten. Uhartearen iparraldean eta ekialdean bizi dira bereziki tamilak, eta bazterketa bere horretan da.

Segurtasun akatsak

Igandeko atentatuek, baina, herrialdearen muga zeharkatu dute. Gobernuko iturriek aditzera eman dute Zeelanda Berrian martxoan izandako erasoen erantzuna izan dela. Ruwan Wijewardene Estatuko Defentsa idazkariak parlamentuan egindako agerraldian esan zuen ikertzen ari direla horrela izan ote den, baina ez dutela baztertzen atentatua eraso haren «mendeku» moduan egin izana. Zeelanda Berrian, Christchurch hirian, 50 pertsona hil zituzten martxoaren erdialdean, bi meskitari eraso eginda. Brenton Tarrant Australiako supremazista zuria izan zen atentatu horien egilea.

Sri Lankako Gobernua, dena den, autokritika egiten hasi da; izan ere, ikertzen hasi dira zergatik ez zieten arreta jarri segurtasun indarrek hilaren erdialdean egindako ohartarazpenei. Sri Lankako Poliziaren buruak apirilaren 11n jakinarazi zion gobernuari atentatu suiziden arriskua zegoela. Maithripala Sirisena presidenteak, baina, salatu du informazio hori ez zela berarengana iritsi, eta, hortaz, iragarri du aldaketak egingo dituela segurtasun sailean: «Horren berri izan banu, berehalakoan hartuko nituen neurriak».

Poliziak, bien bitartean, 40 lagun atxilotu ditu erasoekin lotura dutelakoan, eta herritarrei adi egoteko eskatu die, zartarazi gabeko eta lehergailuz betetako kamioi bat egon litekeelakoan. Agintariek, berriz, batasuna eskatu dute indarkeriari aurre egiteko. «Ez dugu utziko beste 30 urteko gatazka bat hasten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.