Gaza, bonben azpian

2014ko gerratik, erasoaldi bortitzena izan da asteburukoa. Israelek eta Hamasek su-etena adostu badute ere, Netanyahuk ohartarazi du «kanpaina» ez dela eten

Haurrak jolasean, atzo, Israelgo armadak asteburuan egindako bonbardaketek suntsitutako eraikinen artean, Gazan. MOHAMMED SABER / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Ramadana hondakinen artean hasi dute Gazan. Israelek asteburuan egindako bonbardaketek argazki lazgarria utzi dute aire zabaleko munduko kartzelarik handienean: dozenaka etxebizitza, hainbat bulego eta meskita bat erabat suntsituta geratu dira, eta laurehun bat eraikinetan kalte handiak eragin dituzte bonbek. Haien azpian, senar-emazte batzuen gorpuak aurkitu zituzten atzo goizaldean.

Israelek 25 palestinar hil ditu larunbat goizaldean hasi eta bi egun iraun duen erasoaldi horretan. Osasun Ministerioaren arabera, hamabi zibil daude hildakoen artean, tartean haurdun zeuden bi emakume eta bi haur. Israelen kontakizuna, baina, oso bestelakoa da. Armadak jakinarazi du milizien 350 jomugari eraso dietela, eta zehaztu miliziek jaurtitako suzirien ondorioz hil zirela haurdun zeuden emakumeetako bat eta hamalau hilabeteko haurra.

Batera edo bestera izan, bonben azpian izan da beste behin Gaza. 2014ko gerraz geroztiko erasoaldirik bortitzena izan da asteburukoa, eta, atzo goizaldean bi aldeek nolabaiteko su-etena adostu bazuten ere, ahula eta isilekoa, ez dirudi luzerako izango denik. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak atzo bertan ohartarazi zuen operazioa ez dela amaitu: «Kanpaina honek pazientzia eta zolitasuna eskatzen ditu, eta jarraitzeko prestatuta gaude. Helburua izan da hegoaldeko herritarren segurtasuna eta bakea bermatzea, eta horixe da orain ere».

Hamaseko eta Jihad Islamikoko miliziek 690 suziri jaurti eta lau zibil hil dituzte. Israelek apirileko bozen aurretik adostutako akordioa urratu izanari emandako erantzuna izan da. Martxoaren amaieran izandako erasoen ondoren ezarri ziren baldintzak: Gazako bizi baldintzak hobetzea, arrantza esparrua handitzea eta dirua eta giza laguntza sartzen uztea. Israelek neurri horietako batzuk bete ditu. Apirilean, esaterako, hamabost itsas miliara zabaldu zuen palestinarren arrantza eremua. Joan den ostiralean, baina, berriz murriztu zuen eremua, argudiatuta asteartean milizianoek suziri bat bota zutela itsasora.

Menia

Egun horretan bertan, palestinarrek ostiralero egiten dituzten protestetan, liskarrak izan ziren berriro. Jihad Islamikoko miliziano batek tiro egin zien soldaduei, eta haietako bat zauritu; armadak bonbardaketei ekin zien, eta bi miliziano hil. Israelek ukatu egin du bonbardaketen eraginez hil zirela milizianoak, aditzera emanez euren suziri batek hil zituela.

Kontua da biharamunean bonben eta misilen trukea hasi zutela, atzo goizaldeko lau eta erdiak arte. Aurretik Israelgo armadak milizien 30 azpiegitura militarri egin zien eraso; besteak beste, suziriak jaurtitzeko plataformak, arma biltegiak eta entrenamendu esparruak suntsitu ditu.

Egiptoren bitartekaritzarekin lortu zuten akordioa, eta, atzo goizean sirena hotsak eten eta pasabideak ireki bazituzten ere, iluntze aldera pasabideak itxi zituen berriz ere. Gaza eta Zisjordania itxita egongo dira heldu den ostiralera arte, independentziaren urtemugaren ospakizunak direla eta.

Hamasek 2006ko bozak irabazi zituen, eta ordutik ia erabat blokeatuta dago Gaza. Bi milioi lagun bizi dira han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.