ELAk nagusitasuna indartu du, ordezkari sindikalen %36,85 eskuratuta

2014tik hona 1,77 puntu hazi da, eta inoizko ordezkaritzarik zabalena izango du Hegoaldean. LABek 1,31 puntu egin du gora, UGT eta CCOOren kaltetan

Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2019ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Inoizko presentziarik handiena izango du ELAk Hego Euskal Herriko lantegietan eta bulegoetan. «Emaitza historikoak dira: marka guztiak hautsi ditugu. Are, sinestezinak lirateke datuak, egia izango ez balira». Pozik eta harro mintzo da Joseba Villarreal ELAko hauteskunde sindikalen arduraduna, 2018ko irailetik aurtengo apirilaren 30era arte egin den hauteskunde sindikaletako epe trinkoaren balorazioa egitean. Hauteskunde sindikal gehien biltzen duen garaia amaituta, 8.487 ordezkari izango ditu ELAk lantokietan datozen urteetan, 2014ko epe trinkoaren amaieran baino 426 gehiago.

Bere nagusitasuna berretsi du Mitxel Lakuntzaren sindikatuak: ordezkarien %36,85 eskuratu ditu, 2014an baino %1,77 gehiago; eta Nafarroa ez beste lurraldeetan lehenengo indarra da ELA.

Oro har, emaitzen «hazkunde homogeneoa» azpimarratu du Villarrealek, baina bada alderik lurraldeen artean. Bizkaian izan da aldaketarik apalena —1,43 puntu egin du gora—, eta Araban, berriz, nabarmenenena: 2014an baino 3,31 puntu gehiago ditu. Halere, Gipuzkoan du oraindik ere ordezkaritzarik zabalena: ordezkarien %45,39 ditu ELAk bertan.

Nafarroan, hirugarren indarra da —UGT eta CCOOren atzetik—, baina aldea geroz eta estuagoa da: ordezkarien %25,17 ditu UGTk, %23,86 CCOOk, eta % 23,23 ELAk. Sindikatuak 108 ordezkari gehiago izango ditu Nafarroan: «Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan bigarren indarra [LAB] bikoizten dugu, eta Nafarroan 117 ordezkariren aldea dago lehen hiru indarren artean», zehaztu du Villarrealek.

Zenbakiek errealitatean duten garrantziaz mintzatu da Amaia Muñoa sindikatuko idazkari nagusiaren albokoa: «Zilegitasuna ematen digute emaitzek: langileek ELAren eredua babesten dute». Eredu hori nolakoa den esplikatu du Lakuntza idazkari nagusiak: «Kontraboterean oinarritzen da gure eredua, oinarritik hedatzen da».

Eredu paktistagoa defendatzen duten sindikatuak, berriz, behera egiten ari dira urtetik urtera. Azken lau urteetan, 194 ordezkari galdu ditu CCOOk, eta beste 357 UGTk. Azken hori sindikatu bozkatuena da oraindik Nafarroan, baina behera egin du nabarmen lau lurraldeetan.

LABi ere ongi joan zaizkio gauzak, azken urteetan 313 ordezkari irabazi baititu. Hego Euskal Herriko sindikatu handienetan hirugarrena da, baina lortu du bere helburuetako bat: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bigarren lekuan sendotzea, postu hori berreskuratu nahi zuen CCOOren kaltetan. ELAk bezala, LABek ere sindikalismo borrokalari bat aldarrikatzen du.

Borroka moldeetan dago erakunde batzuen arrakastaren eta besteen porrotaren arrazoia, Lakuntzak ziurtatu duenez: «Sindikatuek behera egiten dute euren hiztegitik greba,konfrontazioa eta halako hitzak kentzen dituztenean». Galtzaileen artean sartu du Eusko Jaurlaritza ere—«gure arrakasta gobernuaren porrota ere bada»—, Elkarrizketa Sozialaren Mahaia bultzatzen ari delako, nahiz eta, ELAren etaLABen ukoaren ondoren, negoziazio gune horretan ordezkaritzaren %29ra iristen ez diren bi indarrekin soilik ari den. «Elkarrizketa mahaia gutxiengoarekin eratzea sindikalismoaren kontra egitea da», Lakuntzaren arabera.

Batzuen alde, besteen kalte

ELAren eta Jaurlaritzaren arteko harremanak oso hotz daude. Aurrez aurreko azken elkarrizketa 2017an egin zuten, eta orduz gero lotutako hitzordua azken unean bertan behera utzi zuen gobernuak.«Jaurlaritzak oso ondo daki guk dugula nagusitasuna, baina ELAren kontrako estrategia aurrera atera nahian dabil».

ELAren emaitza onen arrazoietako bat ordezkari sindikalen ondorio dela esan du Muñoak: «Guk prekaritatearen aurka antolatu nahi dugu, eta sindikatua horretarako tresna eraginkorra bihurtu; ordezkariak lortzea da lan sindikala aurrera eraman ahal izateko lehen baldintza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.