Milaka manifestarik debekuari desafio egin diote Hong Kongen

Poliziak 180 pertsona atxilotu ditu Txinako Herri Errepublikaren 70. urteurrenaren egunean protesta egiteko martxetan. Manifestari bat balaz zauritu dute. Desfile handi bat egin dute Pekinen

Gobernuaren aurkako manifestariak Poliziak jaurtitako gasaren artean, atzo, Hong Kongen. JEROME FAVRE / EFE.
mikel rodriguez
2019ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Txinako Alderdi Komunistak herrialdea superpotentzia gisa erakustea zuen helburu atzo, Mao Zedong buruzagi komunistak Herri Errepublika aldarrikatu zueneko 70. urteurrenean. Txinan inoiz egin den desfile militarrik handiena antolatu zuen horretarako, Pekinen, herrialdeak duen armategi boteretsua erakutsi eta harrotasun nazionala aldarrikatzeko. «Indar bakar batek ere ezinen du inoiz Txinaren jarrera ahuldu, ezta Txinako herria eta nazioa geldiarazi ere», adierazi zuen Xi Jinping presidenteak desfilearen aitzinean eman zuen hitzaldian, Tiananmenen, Maok Herri Errepublika aldarrikatu zuen toki berean. Agintariek, ordea, ezin izan zuten eragotzi eguna zapuztu ziezaiekeen bertze argazkia: Hong Kongeko istiluak.

Gobernu autonomoaren eta Pekinen aurka dauden manifestariek atzoko deitutako martxak debekatu zituzten aitzineko egunetan, baina milaka pertsonak desafio egin zioten debekuari, eta liskar gogorrak piztu ziren Poliziarekin; azken lau egunetan, hirugarrenez. Stephen Lo Hong Kongeko Poliziako buruak jakinarazi zuenez, 180 manifestari baino gehiago atxilotu zituzten atzo. Aitzineko hiru egunetan 157 izan ziren atxilotuak, ekainean protestak hasi zirenetik kopururik handiena.

Horrez gain, Poliziak 18 urteko gazte bat zauritu zuen balaz atzo, protestak hasi zirenetik suzko armekin zauritu duten lehena. South China Morning Post egunkariaren arabera, bularrean jaso zuen tiroa, baina Yolanda Yu Hoi-kwan Poliziako ordezkariak egunkari horri erran zion besoan zauritu zutela. Interneten zabaldutako bideo batean metalezko barrak dituzten manifestariak eta poliziak elkarren aurka borrokan ageri dira, polizietako batek tiro egin zuen unean.

Lo Poliziako buruak tiro egin izana justifikatu zuen. «[Agenteak] Bizitza arriskuan zuela uste zuen». Egunaren bukaeran eman zuen prentsaurrekoan adierazi zuen Poliziak guztira sei aldiz tiro egin zuela suzko armekin. «Egunik kaotikoenetakoa eta biolentoenetakoa izan da Hong Kongen».

Hong Kongeko osasun iturriek jakinarazi zuten gaztea larri eraman zutela ospitalera, baina haren bizitza ez zegoela arriskuan. Guztira, 66 zauritu artatu zituzten, horietako bi «egoera larrian». Loren arabera, manifestariek 25 polizia zauritu zituzten.

Hong Kongeko Parlamentuko oposizioko 24 legelariek ohar bateratu batean Carrie Lam gobernu autonomoko presidentea egin zuten indarkeriaren erantzule, eta atzo Pekinera joan izana kritikatu zuten: «Polizia utzi du Hong Kong administratzen. Talde demokratikoko kideek Lami eskatzen diote elkarrizketa itxurak bukatzeko eta Poliziaren indarkeria ez babesteko. Arazoei aurre egin behar die, eta bortz eskakizunei erantzun». Bortz eskakizunak manifestariek udan egin zituztenak dira: Txinarako estradizio legea kentzea —duela hilabete onartu zuen hori Lamek—, Poliziaren aurkako salaketak ikertuko dituen batzorde bat sortzea, manifestariei «istilu sortzaile» ez deitzea, atxilotuei amnistia ematea eta parlamentua eta gobernu autonomoa aukeratzeko sufragio unibertsala ezartzea.

Pekinen aldeko alderdiek, ordea, bertzelako iritzi bat dute atzo gertatutakoaz. «Ospakizun nazionalerako egun bat izan beharko zukeen, baina Hong Kongeko manifestari erradikal eta biolento batzuek hondamendia eragin dute hainbat barrutitan», adierazi zuen DAB Hong Kong Hobetzeko eta Garatzeko Aliantza Demokratikoak ohar batean —parlamentuko alderdirik handiena da—. South China Morning Post egunkariaren arabera, gutxienez hamahiru tokitan piztu ziren manifestarien eta Poliziaren arteko liskarrak, eta 91 metro geltokitatik 44 itxi behar izan zituzten txikizioak eragozteko.

Xiren aipamen laburra

Hong Kongen ez bezala, Pekinen espero zen moduan egin zuten ospakizun handia. Erakutsi zuten armamentuaren artean zeuden Dongfeng 41 kontinente arteko misil nuklear estrategikoak, «herrialdearen disuasio armarik boteretsuena», Xinhua estatuko berri agentziaren arabera. Bezperako hitzaldian bezala, Xik aipamen labur bat baino ez zion egin Hong Kongi, eta Macao Portugalen kolonia ohiarekin batera aipatu zuen, «herrialde bat, bi sistema» printzipioari eutsiko diotela errateko —Erresuma Batuarekin eta Portugalekin hitzartuta kolonia ohietan ezarritako sistema politiko eta ekonomiko bereziak—.

Atzoko desfilean arlo militarraz gain, Alderdi Komunistak haren eta «herriaren arteko batasuna» irudikatu nahi izan zuen. Horregatik, 100.000 zibil inguruk desfilatu zuten, Txinako historiaren pasarteak antzeztuz, hainbat ofiziori omenaldia eginez, Mao eta gainerako agintari gorenak oroituz, eta bertzelako ekintza batzuekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.