Gertu dago amaieraren hasiera

'Brexit'-aren inguruko eztabaidak amaitzea dute helburu abenduaren 12ko hauteskundeek. SNPk autodeterminazio erreferendum bat nahi du 2020rako; Plaid Cymruk, 2030erako

Komunen Ganberako diputatuak, hauteskunde data zehazteko bozketaren emaitzaren zain, herenegun. JESSICA TAYLOR / EFE.
Iosu Alberdi.
2019ko urriaren 31
00:00
Entzun
Komunen Ganberako presidente John Bercowk parlamentua agurtu zuen atzo. Haren order! (ordena) oihuak izan dira azken hilabeteetan brexit-aren inguruko eztabaidetako ezaugarririk esanguratsuenetako bat. Bercow joatearekin batera —astelehenean erabakiko dute haren ondorengoa—, alderdiak hauteskundeei begira jarri dira, bozekin eztabaidei amaiera emate aldera. Abenduaren 12an egingo dituzte, erreferendum itxura hartuko duten hauteskundeetan. Fronte gehiago ere badaude, ordea, tartean luzapenaren nondik norakoak, Irlandako mugaren gaineko eztabaida amaiezina eta SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren independentzia nahia.

HAUTESKUNDEAK

Lehenik ezetz, gero baietz. Azkenean, oposizioak men egin dio Erresuma Batuko lehen ministro Boris Johnsonen nahiari, eta Komunen Ganbera berritzeko hauteskundeak egingo dituzte abenduan; modurik onena, Johnsonen esanetan, brexit-a zailtzen duten «eragozpen parlamentarioak» albo batera uzteko.

Abenduaren 12an egingo dituzte, laboristek eta liberal-demokratek hilaren 9a nahiago bazuten ere. Gauzak horrela, brexit-erako bigarren erreferendum baten itxura hartuko dute bozek; kontserbadoreek adostutako akordioaren defentsa dute helburu, eta faborito dira hauteskundeak irabazteko: botoen %37 eskuratuko lituzkete, YouGov inkesta etxearen arabera.

Gai horretan aliatu izango duten alderdi bat ere sartuko da Westminsterren: Nigel Farageren Brexit Alderdia, Europako Batasunetik irteteko nahiak sustatu zuena; UKIPeko lider ohiaren alderdiak bozen %11 lortuko lituzke. Ipar Irlandako DUP Alderdi Demokratiko Unionista ere irteeraren aldekoa da; egungo akordioa, ordea, ez du oso gustuko. Irlandako mugaren gorabeherak.

Beste aldean leudeke laboristak, «asmo handikoa» eta «erradikala» izango den kanpaina bat martxan jartzeko intentzioa adierazi dutenak; liberal-demokratak, gorako bidean, baita SNP ere. Inkesten arabera, laboristak bigarren indarra lirateke berriz, botoen %22 eskuratuta. Liberal-demokratek bozen %18 irabaziko lituzkete, eta azken inkestatik gora egin duen alderdi bakarra da, puntu bat bada ere. Alderdi txikiagoak ere badaude balantzaren alde horretan, tartean Berdeak,Westminsterren ordezkaritza izango luketenak, eta Galesko Plaid Cymru alderdi independentista.

IRTEERA

Hauteskundeak aurreratzea gakoa izan da Europako Batasunak irteerarako hirugarren luzapena emateko; urtarrilaren 31 da epe muga berria.

Atzerapenez nazkatuta, Frantzia aukera hori ukatzear egon zen asteburuan, baina, bozek Komunen Ganberaren noraeza bideratu dezaketelakoan, beste aukera bat eman dio Londresi. Azken aukera da, edo hala beharko luke, Europar Kontseiluko presidente Donald Tuskek herenegun adierazi zuenez, estatu kideek akordioa «formalki» onartu zutenean. «Mesedez, eman erabilerarik onena denbora honi». Gomendioa baino gehiago, Kontseiluaren eta 27 kideetako gobernu eta estatuburuen abisu bat dirudi.

Johnsonek kosta ahala kosta bete nahi du epea, urriaren 31koa bete nahi zuen bezala. Lehen ministroak behartuta eskatu zuen luzapen hau, hirugarrena, Komunen Ganberak Bruselaren eta Londresen arteko akordioaren gaineko zuzenketa bat onartu ostean.

Gauzak horrela, Erresuma Batuak Europako Batasunetik kanpo behar luke otsaileko lehen egunerako. Abenduaren edo urtarrilaren hasieran ere izan liteke, luzapena «moldagarria» baita; hau da, baliteke harremana lehenago amaitzea. Baina hauteskundeak baino 25 lan egun lehenago Komunen Ganbera desegin beharrak —datorren asteazkenean izango da— asko zailtzen du azaroan akordioa onartuta egotea. Hauteskundeak abendu erdian eginda, hilabete hori amaitu baino lehen akordio bat lortzeak ere ia ezinezkoa dirudi.

Dena ez da irteerarekin amaituko, ordea, Londresen eta Bruselaren arteko etorkizuneko harremanaren inguruko negoziazioak hasteko daude eta.

IRLANDAKO MUGA

Brexit-aren arazo nagusietako bat izan da Ipar Irlandaren eta Irlandako Errepublikaren arteko muga. Zurruna edo biguna, hor gakoa.

Egungo akordioaren arabera, Ipar Irlandak Erresuma Batuko aduana batasunean jarraituko du, eta beraz, Londresek lor ditzakeen akordio komertzialen onuradun izango da. Halere, Ipar Irlandako ekonomia EBko merkatu bakarreko hainbat legek mugatuko dute: BEZa, nekazaritza sektoreko araudia, estatuaren laguntzen inguruko arauak... Muga gogorra eragoztea da horien asmoa. Aduana kontrolak, beraz, Ipar Irlandaren eta Britainia Handiaren artean kokatuko dira, baina zergak produktuen helmugaren araberakoak izango dira.

Kontuan hartu beharrekoa da akordioak EBko estatu kide guztien baiezkoa behar zuela; horregatik, Irlandako Errepublikako gobernuburu Leo Varadkarren posizioak berebiziko garrantzia izan du negoziazioetan. Hark beharrezkotzat jo du 1998ko bake akordioak arriskuan ez jartzea, eta pertsonen eta produktuen zirkulazioa ahalik eta libreena izatea.

Erresuma Batuak, berriz, estatuaren lurralde batasunari eutsi nahi izan dio. DUP izan da horren defendatzailerik sutsuena, eta, gobernu kontserbadorearen babesle izan den arren, akordioaren kontra agertu da. Mugari erreferentzia egiten dion atalari zuzenketak jartzeko asmoa adierazi du, haien ustez ez baita lurraldearen batasuna bermatzen.

Bestalde, Sinn Feinek adierazi du Irlandaren batasunaren inguruko erreferendum bat egin beharko litzatekeela, brexit-a gauzatzen bada.

ESKOZIAKO GALDEKETA

Eskoziarrek 2014an egin zuten autodeterminazio erreferendumean, Europako Batasuna gakoetako bat izan zen. Kanpaina hartan, unionistek behin eta berriz adierazi zuten independentzia gauzatuz gero Eskozia EBtik kanpo geratuko zela. Bi urte geroago, ordea, Erresuma Batuak erabaki zuen erreferendum bidez EBtik irtetea; kasu hartan, Eskozian brexit-aren aurkako botoa gailendu zen.

Orain, bigarren autodeterminazio erreferendum bat du helburu Eskoziako lehen ministro Nicola Sturgeonek, eta «hurrengo urtean egin beharko litzateke». Laboristak eta kontserbadoreak ez daude halakorik baimentzearen alde, ordea; ez 2021. urtera arte gutxienez.

Lehenengoan, independentistek hamar puntugatik galdu zuten —%55-%45—; EBtik kanpo geratzeko beldurra albo batera utzita, irabazteko aukera ikusten dute oraingoan.

GALES, EPE LUZERA

Galesen ere indarra hartzen ari dira independentistak, eta, inkesten arabera, Plaid Cymruk egun baino diputatu bat gehiago lortuko luke bozetan. EBtik irtetearen aurkakoa da alderdia, eta Adam Price liderrak hilabete hasieran adierazi zuen autodeterminazio erreferendum bat egin nahi dutela, 2030. urtea baino lehen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.