Ahots berria, mezua ez

Christine Lagardek zortzi urteko agintaldia hasi du Europako Banku Zentralean. Draghik bezala, Alemaniari eta Herbehereei gehiago gastatzeko eskatu die

Christine Lagarde EBZko gobernu kontseilua gidatzeko kanpaia jasotzen Mario Draghiren eskutik, iraganen astelehenean, Frankfurten. BERND KAMMERER / EFE.
Iker Aranburu.
2019ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Mario Draghik amaitu zuen moduan hasi du Christine Lagardek bere agintaldia: poltsikoa irekitzeko eskatuz kontu saneatuak dituzten euroguneko estatuei, haiek eskaria handituz gero euroguneko ekonomiak atzeraldiari izkin egin eta behingoz inflazioa desiratutako %2ra iritsi ahal delako. Draghiren mezua, baina alde txiki batekin: Lagardek ez du arazo handirik izan norentzakoa zenargitzeko. «Aurrekontuetan [gastatzeko] tarte kronikoa duten herrialdeek, Alemaniak eta Herbehereak kasurako, ez dute asko egin beren hazkundea handitzeko», esan du aste honetan, RTL irratian.

Adierazpena Europako Banku Zentraleko presidentetza hartu aurretik egin du Lagardek (Paris, 1956), atzo sartu baitzen ofizialkiEBZren Frankfurteko egoitzako bulego berrian. Lehen aldiz, emakume bat da euroguneko diru politikaren gidari nagusia. Lehen aldiz, bankari zentral gisa lan egin ez duen bat izango da euroguneko bankari zentrala.

Lagarderen kasuan, agian egokiagoa izango litzateke gidari baino ahots deitzea. Frantziarra ez da datuetan arakatzen arituko den teknikari bat —matematika gorrotatzen duela esatera iritsi da—, baizik eta politikari bat. Batez ere hautatu dute EBZren barruan adostasunak lortzeko, eta banku zentralaren politika ahalik eta modurik onenean esplikatzeko. Eta, noski, EBko estatuen arteko kuoten eta botere borroken ondorioz ere bai, oraindik ere ezinezkoa baita EBZko burua Maltakoa, Lituaniakoa edo Esloveniakoa izatea.

Pilotu automatikoan

«Pilotu automatikoan dagoen diru politika bat hartu du oinordetzan Lagardek». Horrela definitu dio egoera Efe agentziari Marco Valli Unicredit bankuko azterketa ekonomikoen arduradunak. Deskribapen egokia da, Draghik etxeko lanak eginda utzi baitu banku zentrala. Iraileko bileran, berriro dirua inprimatzeko makinaren botoia sakatu zuen—berez, atzo ekin zion berriro zorra erosteari—, bankuei nahi beste mailegu merke agindu zizkien, eta gordailuen tasa negatiboa %0,5era igo zuen, maileguak ukatzeko arrazoirik izan ez dezaten. Are gehiago, politika horri «inflazioa %2ra modu egonkorrean itzuli arte» eutsiko diotela agindu zuen Draghik. Hau da, gauzak ongi joanez gero, 2021era edo 2022ra arte bidea zein den markatu diola Draghik Lagarderi, eta neurri horiek zer ondorio duten ikustea baizik ez zaiola geratzen EBZko buruzagi berriari.

Batetik, ildoa garbi izatea ona da Lagarderentzat, bere mezuak batez ere merkatuentzat direlako, eta haiei ez zaizkielako ustekabeak gehiago gustatzen.

Baina, aldi berean, opari pozoitsua utzi dio Draghik Lagarderi, gaur-gaurkoz oso zaila delako irudikatzea EBZk zer gehiago egin dezakeen ekonomiari bultzada emateko. Horretara dator Lagardek bere komunikazio lana gobernu batzuei errieta eginez hasi izana. Tresna gehiago bazituela esan arren, inplizituki Draghik onartu zuen ezer gutxi gehiago egin zezakeela EBZk, eta gobernuen txanda zela aurrekontuen eta zerga politikaren bitartez jarduera ekonomikoari bultzada emateko. Italiarrari kasu gutxi egin zion Berlinek, eta frantziarrak nekez jasoko du erantzun hobea, Angela Merkelekin harreman ona landu duen arren.

Barne batasun zartatua

Edonola ere, Lagarderen lehen eginbeharra izango da EBZren gobernu kontseilua batzea. Draghiren agintaldian beti izan dira desadostasunak: iparraldekoek presio egin dute diru politika zuhurrago baten alde, aurreztaileak ez zigortzeko; hegoaldekoek, berriz, ahalik eta interes tasarik txikienak nahi zituzten, bestela ezin zituztelako beren zorrak pagatu. Horien alde egin du nabarmen Draghik, eta gehiengo baten babesa izan du. Bere agurrean, egindakoaz harro azaldu zen, eta garaipenen artean aipatu zuen euroaren krisi existentziala itxi zela eta azken urteetan 11 milioi lanpostu sortu direla.

Baina azken hilabeteetan EBZren barne kohesioa erabat zartatu da. Azken neurrien aurka ez zuten soilik ohiko susmagarriek egin —Bundesbankeko Jens Wiedmannek—, eta EBZko ekonomistek beraiek esan zuten ez zela beharrezkoa. Banku zentralaren orkestrak doinua batera jotzea izango da, beraz, Lagarderen xedea. NDFn erakutsi zuen talde lanerako gaitasuna eta diplomazia ez dira alferrikakoak izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.