Gonzalezek deklaratu du ez zekiela ezer Villarejoren legez kanpoko jardunaz

Espainiako Auzitegi Nazionalean izan da BBVAko presidente ohia, ikertu gisa. Aitortu du polizia ustela kontratatu zuela, baina «irregulartasunak» mugatu ditu

Francisco Gonzalez BBVAko presidente ohia, bere abokatuarekin batera, Espainiako Auzitegi Nazionalean sartzen, atzo. ZIPI / EFE.
jokin sagarzazu
2019ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalaren marmolezko zoruaren hotza sentitu zuen atzo Francisco Gonzalez BBVAko presidente ohiak. Ikertu gisa deklaratu zuen Jose Villarejo Poliziako komisario ohiaren espioitza sarearen auzian. Ateak itxita egin zuen, baina komunikabideen aurrean mintzatu zen gero. Bankua Villarejorekin tratuan aritu zela onartu zuen, baina «irregulartasunak» mugatu zituen «banakako batzuen jardueretara». «Eta horiei buruz momentu honetan ez dakit ezer. Ezin naiz xehetasunetan sartu, sumarioa sekretupean dagoelako, baina esan dezaket ikerketa hau amaitzean argi eta garbi geratuko dela BBVAk eta bere zuzendaritzako kideak modu zintzo eta eredugarrian lan egin dutela beti».

Bi ordu pasa iraun zuen deklarazioak. Eta kautelazko neurririk ez zion jarri epaileak. «Deklaratzeko interes handia nuen», azpimarratu zuen Gonzalezek. Fiskaltzak leporatzen dio 2004tik 2017ra Villarejoren zerbitzuak kontratatzea, bankuko beste akziodunak eta agintaritzan lehiakide izan zitzakeenak espiatzeko, haien asmoei aurre hartzeko.

Horietako bat izan zen Sacyr eraikuntza enpresa: BBVAren %5 zuen, eta kontrola hartu nahi zuen; horretarako, Luis del Rivero enpresaburua Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuaren (PSOE) babesa lortzen saiatu zen. Sacyrren asmoa frogatuko lukete gobernuko kide batzuei Villarejok eginiko legez kanpoko grabazio batzuek. Horiez gain, kazetari, bankari eta enpresaburuei egindakoak aipatzen dira ikerketan. Ustezko operazio horrek, azkenean, ez zuen arrakastarik izan, eta Gonzalezek beste hamalau urte egin zituen BBVAko buruzagitzan, 2018ra arte, bankuarekin loturiko entzuketak komunikabideetan zabaltzen hasi ziren arte.

Fiskaltzaren ikerketaren arabera, BBVAk 10 milioi pagatu zizkion Villarejori. Gonzalezek, baina, azaldu du 2018ra arte ez zuela ezer jakin; urte horretan eginiko barne ikerketa egin arte. «Jakin genuenean [Villarejoren] Cenyt taldeak zerbitzu batzuk eskaini zizkiola BBVA taldeari, berehalaabiarazi genuen ikerketa bat lan horien irismena zehazteko. Gero zabaldu zuten auzibidea».

Florentino Perez, akusazio

Komisario ohiaren aurkako auzibideak hainbat adar ditu. Horietako batek lotura dauka Euskal Herrian sortutako beste enpresa batekin: Iberdrolarekin. Komunikabideetan zabaldutako salaketa batzuek agerian utzi dute horrek ere bere lehiakideak, politikariak eta partikularrak espiatu zituela polizia ustelaren bidez.

Informazio horien arabera, beste eraikuntza enpresa bat, kasu honetan Florentino Perezen ACS, saiatu zen Iberdrolaren boterea eskuratzen: 2009an kapitalaren %20 lortu zuen, baina, azkenean, ez zuen kontrola lortu.

Perezek jakinarazi du akusazio partikular gisa aurkezteko asmoa duela auzibidean. Ohar labur baten bidez jopuntuan jarri ditu, halaber, Iberdrolako presidente Ignacio Sanchez Galan, bere zuzendaritzako kideak, Villarejo eta «delituzko jarduera» horietan haiek «erabili» zituzten komunikabideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.