Kooperatibisten ardura ekonomikoa soilik kapital soziala da gaurdanik

Kooperatiben lege berria onartu dute, 1993. urtetik zegoena ordezkatuta. Kooperatibak «gizarte eragile» gisa onartu arren, Lanbiden ordezkaritza izatearen aurka azaldu dira EAJ, PSE eta PP

Maria Jesus San Jose Lan eta Justizia sailburua, atzo, Eusko Legebiltzarrean legea onartu osteko agerraldian. IREKIA.
aitor biain
Gasteiz
2019ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Bigarren saioan eta bide luze bezain korapilatsu baten ondotik onartu dute kooperatiben lege berria Eusko Legebiltzarrean. Orain arte indarrean zeuden araudi guztiak testu bakar batean bateratu eta eguneratu ditu legeak, eta mugimendu kooperatibistaren eskaera askori erantzun die. Ez denei, ordea. Testuak ez du jaso kooperatibek Lanbide enplegu zerbitzuen administrazio kontseiluan ordezkaritza izan behar dutela. Adostasun zabala izan du legeak, baina ez erabatekoa. Elkarrekin Podemosek zenbait artikuluren aurka bozkatu du, eta abstentziora jo du beste batzuetan, egungo legea baino «okerragoa» dela iritzita.

Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia sailburuaren hitzetan, lege berriak mugimendu kooperatibista «finkatzeko eta indartzeko» balioko du, eta merkatu globalean lehiatzeko «tresna baliagarria» izango da sektorearentzat. Kooperatibistak, hain zuzen ere, pozik azaldu dira legea onartu izanarekin. Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Gorenaren hitzetan testua «mugarri esanguratsua» da, arauak «argitasun eta zehaztasun handiagoa» eskaintzen dituelako zenbait arlotan.

Fagor Etxetresnen porrotaren arrastoa nabarmena da lege berrian. Izan ere, testuak jasotzen duen berritasunetako bat da bazkideen erantzukizun ekonomikoarena. Testuak jasotzen du kapital soziala dela bazkideen erantzukizun bakarra, eta ezin zaiela exijitu euren ondare pertsonalarekin erantzutea galerak eta zorrak daudenean. Kontseilu errektoreetan gizonen eta emakumeen arteko berdintasun egon behar dela ere jasotzen du lege berriak, besteak beste.

Bazkide ez diren langileak

Kooperatiben antolaketa ere malgutuko du lege berriak. Enpresek aukera izango baitute bazkide ez diren langileen kopurua handitzeko: %25etik %30era igoko da langa orain, salbuespenak jasotzen baditu ere. Hain zuzen, neurri horrek sortu du desadostasun gehien legebiltzarreko alderdien artean. Larraitz Ugarte EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi du «akats estrategiko handia» dela bazkide ez direnen kopurua handitzea, «prekarizazioa» ekarriko duelako. «Kooperatiba bati 400 euro merkeago ateratzen zaio hilero bazkide baten beharrean bazkide ez den langile bat kontratatuta». EH Bilduk baiezko «kritikoa» eman dio legeari, ondorioz.

Elkarrekin Podemos kritikoago azaldu da legearekin, eta iritzi dio bereziki «txarra» izango dela kooperatiba txikientzat. «Arizmendiarretaren ametsa urrunago dago», adierazi du Jose Ramon Becerrak. Ohartarazi du desberdintasunak handituko dituela bereziki bazkide ez direnen kopurua handitzeak, eta bidea irekiko diela kooperatiba faltsuei. «Eskubide eta soldata gutxiago izango dituzten langile masa bat baino ez dakar lege honek, krisi garaian askatzeko balioko diena».

Lanbideko ordezkaritzari ez

Kooperatibak «gizarte eragile» gisa aitortzen ditu lege berriak, eta horri esker, hainbat erakundeetan ordezkaritza izateko aukera izango dute. Ez du jasotzen, halere, Lanbideri dagokiona. Kooperatibismoaren urteetako eskaria izan da, baina aurka azaldu dira EAJ, PSE eta PP. Horren harira, EH Bilduk Confebasken «legez kontrako esku hartzea» salatu du. Izan ere, patronalak gutun bat bidali zuen irailean legebiltzarrera presio egiteko. «Alderdiok ez genuke horrelakorik onartu beharko», esan du Ugartek.

Aitor Urresti EAJko legebiltzarkideak ere aitortu du Confebasken gutuna «hanka sartze itzela eta ulertezina» izan zela. Iritzi dio, halere, «hausnarketa partekatuak» behar duen erabaki bat dela oraindik, eta beharrezkoa dela eragile sozial, ekonomiko eta politikoen akordioa.

Egun, 1.700 kooperatiba inguru daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 60.000 enplegu ematen dute denera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.