CCOO: «Datuek erakusten dute ez dagoela arazorik lan itunen estatalizazioarekin»

Sindikatuak nabarmendu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako alor pribatuko langileen %86,6k lurralde horietara atxikiriko lan hitzarmena dutela

CCOOk metalgintzako akordioen alde Donostian antolaturiko manifestazio bat. ANDONI CANELLADA. / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lan hitzarmena duten alor pribatuko langileen %86,6k lurralde horietara egokitutako itunak dituzte. Datua CCOO sindikatuak eman zuen atzo, eta, Garbiñe Espejo sindikatu horretako EAEko ekintza sindikaleko arduradunaren arabera, batezbesteko horrek garbi uzten du ez dagoela arazorik «lan hitzarmenen estatalizazioarekin», eta hori sindikatu batzuek —abertzaleek— haizatzen duten «mamu» bat dela.

Sindikatuak ordezkarien bilera bat antolatu zuen Bilbon, eta hura baliatu zuen 2019an Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eginiko negoziazio kolektiboen balantzea helarazteko. Espejoren ustez, «urte oso positiboa» izan zen iazkoa, sindikatuen kalkuluen arabera %14,4 handitu baitzen bere lan baldintzak hitzarmen kolektibo baten arabera arautuak dituzten langileen kopurua. Igoera hori 2018koa halako bi da —%7,25—, eta, gaur egun, langileen %61,1 daude lan hitzarmen baten menpe. Hazkunde horren arrazoia hiru hitzarmen sektorial dira: ikastolena, itunpeko irakaskuntzarena eta Bizkaiko metalgintzarena.

Espejok, halaber, Espainiako negoziazio kolektiboari egotzi zion Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako soldatak %2,25 igo izana 2019an. Azaldu zuenez, Espainia mailako lan hitzarmenetako soldata igoera %2,86 izan zen; Araba, Bizkai eta Gipuzkoara mugatzen direnena, berriz, %1,78. Datuak Lan Harremanen Kontseilutik bildu ditu sindikatuak.

Loli Garcia CCOO Euskadiko idazkari nagusiak ere datuen bere analisia egin zuen: «Lan hitzarmen kolektiboa da erreminta bakarra sektore bateko langile guztiek baldintza duinak dituztela bermatzeko», eta, haren hitzetan, baldintza horiek enpresa mailako itunenak baino «hobeak» izaten dira. Idazkariak goratu zuen «mobilizazioei» eta «plataforma bateratuei» esker egin zirela lorpen horiek. Elkarrizketa sozialaren garrantzia nabarmendu zuen, eta aurreratu zuen 2020n, hauteskunde urtea izanda ere, lanean jarraituko dutela industriako lanpostuen alde eta soldata arrakalaren aurka. CCOO elkarrizketa sozialerako mahaian dago UGTrekin, Confebaskekin eta Jaurlaritzarekin batera. ELAk eta LABek, aldiz, ez parte hartzea erabaki dute.

Pozik aldaketarekin

Mari Cruz Vicente CCOOren Espainia mailako akzio sindikaleko arduradunak nabarmendu zuen Espainiako Gobernuan izandako aldaketak onurak ekarri dituela. «Elkarrizketa sozialean sinesten duen gobernu bat dugu, eta uste dugu enpresariek ere arreta jarri behar dutela lan baldintzen hobetzean. Elkarrekin aurrera egin dezakegula uste dut, eta horren eredu da 2020an gutxieneko soldata igotzeko lorturiko akordioa».

2020ra begira, CCOOk negoziazio mahai gainean jartzeko asmoa duen hainbat puntu zenbatu zituen Vicentek: akordioen ultraaktibitatea, sektore mailako akordioak enpresa mailakoen gainetik egotea, eta langileen arautegiko 42. artikulua eraldatzea. «Hori beharrezkoa da modu esternalizatuan diharduten langile guztiek erreferentziazko hitzarmen bat izan dezaten. Esaterako, hoteletako garbitzaileen arloan aplikatu ahal izango da». Langile azpikontratatuek enpresaren jardun bera egiten badute enpresakoen baldintza berak izatea lortu nahi dute eraldaketa horrekin, eta, jardun hori bera ez bada, gutxienez euren sektorekolan hitzarmeneko baldintzak izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.