Euskara, normaltasunerantz?

Koronabirusaren krisiaren ondorengo «normaltasun berrian» euskarak izan beharko lukeen lekuaz eztabaidatu dute Idurre Eskisabelek, Amelia Barquinek eta Josu Amezagak Martin Ugalde foroan

Idurre Eskisabel, Amelia Barquin, Josu Amezaga eta Goizalde Landabaso, atzo, Martin Ugalde foroan, Andoainen. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Andoain
2020ko ekainaren 5a
00:00
Entzun

«Normaltasuna eta euskara oximoron bat da. Zertaz ari gara?». Koronabirusaren pandemiaren testuinguru berrian euskarak izan beharreko lekuaz mintzatu ziren atzo Martin Ugalde foroan, eta horixe izan zen Idurre Eskisabelek hasieran botatako galdera. Euskara ere normalitaterantz? izenburua jarri zion Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak atzo Andoainen (Gipuzkoa) antolaturiko mahai inguruari, eta galdera horren bueltan aritu ziren Eskisabel bera, Josu Amezaga eta Amelia Barquin aditu, aritu eta irakasleak, Goizalde Landabasok gidatuta.

[YouTube]https://youtu.be/asLQ5FX-qdg[/YouTube]

Normaltasuna bera zalantzan jartzea izan zen hiruren abiapuntua: izan ote daitekeen euskara «normala», eta egokia ote den pandemiaren aurreko egoerara itzultzea. Zendu berri den Mattin Larzabal kazetariaren ibilbidea jarri zuen Eskisabelek adibide, pandemiaren aurreko «normaltasuna» azaltzeko. «Haren egunerokora baldin bagoaz, prekaritatea izan da. Eta prekaritatea izan da, euskaraz lan egitea hautatu zuelako». Koronabirusaren krisiak agerian utzi du, haren hitzetan, zein den euskararen egoera «prekarioa», eta, beraz, normaltasunera itzultzea prekaritatera itzultzea litzatekeela. «Hartara itzultzea? Txarrena da prekaritate hori desio bihur litekeela». Ez luke hala behar, haren ustez: «Lehengora bueltatzeak ez du izan behar desio bat. Gutxienekoak berreskuratzeak bai, baina kontuan izanik gutxienekoak direla». «Marra gorriak» ezartzeko garaia dela aldarrikatu zuen Eskisabelek, «oinarrizko hitzarmenak abiatzeko»: «Honek guztiak erakutsi digu euskara ez dagoela oinarrizkoetan».

Barquini ere «gazi-gozoa» iruditzen zaio normaltasunaren ideia, eta baita hori aldarrikatzea ere. «LGTB mundutik datorkigu hausnarketa hori: normaltasuna kolokan jartzea». Azaldu zuen, hain justu, zapalduriko kolektibo ugariren gisan, zokoratua gelditu dela euskara ere COVID-19aren eta haren aurkako neurrien ondorioz. «Minorizatua zegoena are gehiago dago orain. Subalternitateek, prekarizatuek, presoek, desabantailan zeudenek euren egoera okertzen ikusi dute, eta ez dirudi datorrena gozoagoa izango denik. Arlo honetan, euskara ere sufritzen ari da». Hegemoniko izan nahiak, gainera, arrisku bat lekarke, Barquinen hitzetan. «Agian ez dugu izan nahi hizkuntza hegemonikoak bezalakoak: ez dugu horrela jokatu nahi. Gure gizartean, ehun hizkuntza baino gehiago daude momentu honetan, eta badakigu hizkuntza hegemonikoek nola jokatzen duten horiekin». Amezagak ere ohartarazi zuen «besteek bezala» jokatu nahiaz. «Duela 40 urte errazagoa zen: besteen pare izan nahi genuen guk. Baina gaur egun zer gertatzen da? Ez gara iritsi horretara. Eta besteen normaltasuna ere kolokan dago: hizkuntza guztiak daude gaur egun dantzan. Akademian, gaur egun normala dena ingelesez idaztea da».

Euskara, «ezinbestekoa»

Marra gorririk izatekotan zein izan beharko lukeen galdetu zuen Landabasok. Amezaga: «Marra gorria izan beharko luke euskara ezinbestekoa izateak. Krisian ikusi dena da euskara ez dela ezinbestekoa: kengarria da. Tsunami bat dator, etorri den moduan, eta euskararik gabe egiten diogu aurre». Azaldu zuenez, euskara «desagertu» egin da azken hilabeteotan espazio publikotik: «Aholku, agindu eta informazio askotatik». «Eta ideia bat nagusitu da: gauza garrantzitsuetarako, erdara hobeto». Haren ustez, euskarak «ezinbestekoa» izan beharko luke herritar ororen bizitzako momenturen batean. Erraterako, hezkuntzaren alorrean.

Hezkuntza presentzialean izandako etenaz eta pantailaren presentziaz ere aritu ziren atzoko solasaldian. Barquinek nabarmendu zuen, erraterako, anitz hitz egin dela arrakala teknologikoaz, baina ez hainbertze hizkuntzarenaz. Haren ustez, lotuta daude. «Batzuetan, gainezarri dira: desabantaila ekonomikoan daudenak dira euskaratik urrunago daudenak. Ez beti, baina bai askotan». Irakaskuntza modu telematikoa oraindik «traketsa» dela ohartarazi zuen, eta harremanak galdu egin direla, pantailaren bertze aldean ikaslerik ba ote dagoen ez jakiteraino. «Edukien transmisioa» lehenetsi da, haren hitzetan, eta ez «tutoretza»: «Euskara lotu da autoritatearekin, edukiekin… ez harremanekin». Ideia bat nagusitzen da orduan: «Euskara zertarako da? Irakasleari entzuteko eta lanak egiteko. Euskararen izaera akademikoa indartzen ari da». Emozioak berreskuratzeari eman zion garrantzia, pantailek ekarri dutenari buruz Mari Luz Estebanen ideia bat berreskuratuta. «Gorputza desagertzen bada, emozioa desagertzen bada, euskararen kalterako izango da. Euskararen biziraupena ez da pantailekin lotuta egongo den zerbait».

Eskisabelek ere ohartarazi zuen pantailaren kalteaz: «Guk eman dizkiegu umeei pantailak eta horietarako sarbidea, baina hori guztia euskara ez den hizkuntza batean datorkie». «Erreakzionatzeko gaitasuna» falta izan zaie erakundeei, Amezagaren hitzetan, eta egindakoaren ebaluazio bat egin eta gerta daitezkeen bertze halako egoeretarako «aurreikuspenak» egiteko deia egin zuen:«Beste halakorik badago, egon gaitezen prestatuak etorriko denerako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.