Lan gatazka. Mercadona

Mercadona enpresaren «tratu txarrak» salatzeko manifestazioa egin du ELAk

Langileak «zapaldu» dituztela eta «jazarri» zaiela salatu du sindikatuak, osasun arloan batik bat. Euskal Herriko eta Galiziako langileek salatu dute egoera hori

Mercadonako langileak Bilboko manifestazioan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Maialen Arteaga.
Bilbo
2020ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Mercadonako langileek «jazarpena» jasaten dutela salatzeko manifestazioa egin zuen atzo ELAk, Bilbon. 11:00etan hasi zen martxa, Jesusen Bihotzean, eta San Mamesen amaitu zuten. Amaierara heldu baino lehen, Mercadonako ate aurrean egin zuten geldialdia, eta «Mercadona zapaltzailea, kaleratzerik ez» oihuak entzun ziren enpresaren parean.

ELA sindikatuak dio Mercadonak «familia handiaren» irudia saldu nahi duela, «baina, egiaz, langileen kontrako erasoak eta praktika antisindikalistak» dituen enpresa bat dela. Hain zuzen ere, sindikatuen aurkako jardunagatik zigortu zuten Mercadona azaroan, eta 3.550 euro ordaindu behar izan zizkion ELAko ordezkari bati.

Sindikatuaren iritziz, langileek jasaten dituzten presio eta erasoak «enpresaren jarrera estrategikoaren» ondorio dira. «Argi esan dezakegu Mercadonak modu orokorrean ematen dizkiela tratu txarrak bere langileei», adierazi zuten sindikatuko kideek. «Osasuna galdu duten langileei jazartzen zaie, eta alde eginarazteraino presio egiten die», erantsi zuten.

Osasun eskubidearen urraketak nabarmendu zituen gehien ELA sindikatuak. Bozeramaileek azaldu zuten Mercadonako langile gazteek «lesio fisiko larriak» dituztela, beste banaketa enpresetan gertatzen ez den neurrian, eta konpainiaren zerbitzu medikoaren «kontrol zorrotzaren» bitartez «estaltzen» dituztela. «Mercadonak A eta B aurpegia ditu. A aurpegia soldata egonkorren aurpegia da, eta B aurpegia,azaltzen ari garen eskubide urraketa guztiena», salatu zuen Arabako Mercadonako langile batek; ez zuen izenik eman nahi izan.

Osasunaren inguruko salaketak nabarmendu baziren ere, lanorduak ere aipatu zituzten: «Lan erritmo eta txandak onartezinak dira, eta ezin da bateratu bizitza pertsonalarekin».

Mercadona Euskal Herrian

2014an iritsi zen banaketa enpresaezaguna Euskal Herrira. Ordutik, hegoaldeko herrialde guztietan dago. Honako hau adierazten du euskaraz webgunean: «Langilea oso garrantzitsua da. Gure bezeroei zerbitzu ezin hobea eskaintzeko, langileek pozik egon behar dute. Gure helburuetako bat da langileak pozik eta motibaturik egotea. Gure langileez oso harro gaude». Enpresa horretako langile batzuek aurkakoa adierazteko atera ziren kalera atzo.

Iruñeko langileek ere 2018ko abenduan salatu zuten enpresa. Akordio bat lortzeko, ELA sindikatuak bilera bat eskatu zion zuzendaritzari, baina Mercadonak uko egin zion sindikatuarekin biltzeari.

Arabako langileen hitzetan, Mercadona enpresa «esplotatzailea eta sektarioa da», langileen bizitza eta osasuna jokoan jartzen duena. Basauriko (Bizkaia) egoitzakoek legez ezarritako gutxieneko atsedenaldia betetzen ez dutela salatu zuten: «Mercadonak lanaldiak zatitzearekin mehatxatu gintuen, eta ELAren erruz denak izorratuko ginela esan zigun».

Gipuzkoako langileek azaldu zuten astean bost eguneko lanaldia ezartzea lortu dutela «ELAk lehengo ordutegi sistema salatu duelako». Hala ere, asteburuetako langileek «hamar orduko lanaldiak» dituztela azpimarratu zuten.

Halaber, herritarrei «kontsumo arduratsua» egiteko eskatu zien ELAk, «langile klasearen eskubideak urratuz aberasten direnak ez laguntzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.