Ebru Timtik hil da, Turkian gose greban zegoen ezkerreko abokatua

238 egun pasatu ditu elikagaiak hartzeari uko eginda. «Epaiketa justu bat» eskatzeko hasi zuen protesta. DHKP-Cren aurkako prozesuetan «erakunde terrorista bateko» kide izatea leporatu zioten

Turkiako Gobernuaren aurkako protestak, atzo, Timtik ezkerreko abokatuaren heriotza salatzeko eta hari babesa emateko. TOLGA BOZOGLU / EFE.
Jon Ordoñez Garmendia - Jone Bastida Alzuru
2020ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Turkian gose greban dauden ezkerreko abokatuetako bat hil egin zen herenegun: Ebru Timtik. 238 egun —zortzi hilabete— zeramatzan elikagaiak hartzeari uko egiten. Aytac Unsal beste abokatu batekin batera ekin zion protestari, «epaiketa justu bat» eskatzeko. Unsal, berriz, ospitaleratuta dago, eta Mehmet Durakoglu Istanbulgo Abokatuen Elkargoko presidenteak ohartarazi du haren bizia «arrisku larrian» dagoela. Biak Herriaren Lege Bulegoa (HKK) ezkerreko erakundeko abokatuak dira.

DHKP-C Askapen Nazionalerako Alderdi-Fronte Iraultzaileko kideen aurkako prozesuetan zigor luzeak ezarri zizkieten abokatu horiei, Turkiako «terrorismoaren kontrako» legeak baliatuz. Hala, 2019ko martxoan hamahiru urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten Timtiki, «erakunde terrorista» bateko kide izatea leporatuta. Hainbat ekintzailek salatu dute abokatu gisa egindako lanagatik espetxeratu zutela, eta polemikoa izan zen epaiketa. Harekin batera, beste hamazazpi abokatu ere atxilotu zituzten, DHKP-C taldearekin lotura izatea egotzita; denen artean 159 urteko kartzela zigorra jaso zuten. Erakunde marxista-leninista da DHKP-C, eta «talde terroristatzat» du Turkiak.

HKK erakundeak berak eman zuen herenegun Timtiken heriotzaren berri. Ostegunean jakinarazi zuen bihotzekoa izan zuela, eta Istanbulgo Sadi Konuk ospitalearen atarian biltzeko deia egin zion jendeari; ordu batzuk geroago komunikatu zuen hil egin zela. Bi abokatuak euren borondatearen kontra ospitaleratu zituzten.


Ebru Timtik abokatua. / BERRIA

Turkiako Auzitegi Konstituzionalak abuztuaren 14an ukatu egin zuen bi abokatuak aske uzteko eskaera. Ebatzi zuen ez zutela eskura bizia arriskuan zutela zioen informaziorik. Aurretik, ordea, Auzitegi Medikuntzako Institutuak esana zuen bien egoera zela-eta ez zutela espetxean egon behar.

Atzo lurperatu zuten Timtik, Istanbulen, Gaziko hilerrian, eta ehunka lagun bildu ziren haren heriotza salatu eta abokatuari agurra emateko. «Ebru Timtik hilezkorra da!», eta horrelako mezuak zabaldu zituzten.

Erreakzioak

Timtiken heriotzak haserrea eta mina eragin zituen Turkiako herritarren artean, eta berehalakoak izan ziren erantzunak. CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoko diputatu Sezgin Tanrikuluk gertatutakoa gaitzetsi zuen: «Gose grebaren ondoriozko heriotzak jendearen kontzientzia astintzen du. Zoritxarrez, badira prozesu horren arduradunak. Lehenik eta behin, batzorde politiko eta judiziala dago. Epaiketa justu bat egin genezakeen gure laguna hil baino lehen, baina ez zen hala izan». Sinan Zincir abokatuaren arabera, «demokraziaren eta borroka iraultzailearen martiria» izan zen Timtik.

HKK erakundearen kideko borrokaren aldekoek gogorarazi zuten zeren ondorioz hil zen abokatua, eta zein zen haren helburua: epaiketa justu bat izatea. Erinc Sagkan Ankarako Abokatuen Elkargoko presidenteak kritikatu zuen haren eskaerei muzin egin ziotela: «Justizia eta kontzientzia hil dituzte». Era berean, HDP Herriaren Alderdi Demokratikoak gobernuaren politika gaitzetsi zuen, eta erantzun bat galdegin: «Premiazko deia egiten diogu gobernuari: ez dugu beste heriotzarik onartuko. Unsal berehala askatu behar dute». Komunikatu baten bidez adierazi zuten Timtikek ez zuela «pribilegiorik exijitzen», herritar guztiek izan beharko luketen «epaiketa justu baterako eskubidea» baizik. Justiziaren alde borrokan jarraituko dutela azpimarratu zuten.

Turkian gose greban aurten hil den laugarren pertsona da Timtik. Aurretik, Grup Yorum folk musika taldeko hiru kide hil ziren: apirilean zendu ziren Helin Bolek eta Mustafa Koçak, eta maiatzean, berriz, Ibrahim Gokçek. Gobernuak taldeko zazpi kideri egozten die lotura izatea «erakunde terroristatzat» daukan DHKP-C erakundearekin, eta, besteak beste, taldeko kideak askatzeko eskatzen zuten Gokçek eta Bolekek. Koçakek «bidezko epaiketa bat» exijitzeko abiatu zuen gose greba —2017an bizi guztiko kartzela zigorra ezarri zioten, hilketa baten konplize izatea egotzita, defentsak eskuratu ezin izan zituen lekukotasun sekretu batzuetan oinarritutako epai batean—. 288 egun egin zituen gose greban Bolekek, 323 Gokçekek, eta 297 Koçakek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.