Boris Johnsonek jarrera gogortu du Europako Batasuna estu hartzeko

Gaur helduko diete berriz harremana adosteko negoziazioei. Urriaren 15erako ez badago itunik, Johnsonek «aurrera» egingo du. Irteera Akordioa auzitan jartzen duen legea prestatzen hasi da

Trantsizio epea abenduan amaituko da. Hortik aurrerako harremana ari dira negoziatzen Erresuma Batua eta Europako Batasuna. Irudian, Boris Johnson. ANDY RAIN / EFE.
Irune Lasa.
2020ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Astea gogor hasi du Boris Johnsonek. Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren arteko harreman berria adosteko negoziazioen zortzigarren itzulia hasiko da gaur, eta badirudi lehen ministro britainiarrak presioa areagotu nahi duela. Batetik, epea jarri du: harreman berriari buruzko akordio batek egina egon behar du urriaren 15eko EBko Kontseilurako. Bestetik, plan bat atondu du lege baten bitartez brexit-erako Irteerako Akordioan jada sinatutako puntu batzuen eragina ezeztatzeko, behar izanez gero.

Urriaren 15erako akordiorik ez badago, «ez zait iruditzen gure artean merkataritza librerako itunik izan daitekeenik; hori onartu, eta aurrera egin beharko dugu», esan zuen atzo Johnsonek. Gaineratu zuen, halaber, adostasunik gabeko harreman berria «positiboa» izango litzatekeela aurrerantzean ere Erresuma Batuarentzat.

Johnsonen ustez, «Erresuma Batuak ezin die uko egin herrialde independentea izateko funtsezko oinarriei», zeharka aipatuz arrantzarako eremuak eta estatu laguntzak emateko askatasuna.

«Bi munduetatik onena»

Michel Barnier Europako Batasunaren negoziatzaile nagusia «kezkatuta» dago, France Inter irratian esan duenez. «Zaila da, britainiarrek bi munduen onena nahi baitute». Barnierrek berretsi zuen arrantzari buruzko adostasuna derrigorrezkoa dela akordio zabalagoetarako.Aldiz, Erresuma Batuko negoziatzaileek nahiago dute gai errazagoak hitzartzea aurrena, eta zailenak bukaerarako uztea.

Ezin da ukatu harremanak gaiztotzen ari direla. Erresuma Batuko zenbait hedabidek joan den astean iradoki zuten Europako herrialde batzuk Barnier baztertzen ari zirela, akordiorako oztopoa zelakoan. EBko negoziatzaile nagusiak ukatu egin du halakorik dagoela, eta esan du «gezurrezko zurrumurruak» direla. Dena den, zalantzarik bazegoen, asteburuan Alemaniaren babes esplizitua jaso du Barnierrek.

Atzoko elkarrizketan, Barnierrek ez zuen adierazpenik egin nahi izan Erresuma Batuaren barne merkatuari buruzko planez. Hori bai, Ursula von der Leyenek adierazi du espero duela Erresuma Batuak bere hitza betetzea: «Irteera Akordioa ezartzea betebeharra da nazioarteko araudiaren pean, eta derrigorrezkoa etorkizuneko edozein elkarlanetarako. Irlanda eta Ipar Irlandarako protokoloa funtsezkoa da irlan bakea eta egonkortasuna eta merkatu bakarraren osotasuna babesteko».

Dibortzio akordioa auzitan

Financial Timesek atzo plazaratutako albistearen arabera, Johnsonen gobernua barne merkatuari buruzko legedi berria prestatzen ari da, zeinaren ondorio nagusia brexit-erako akordioaren eragina murriztea edo desegitea litzatekeen. Atzerapausoa, batez ere, Ipar Irlandaz oraindik erabat finkatu gabeko gaietan etorriko litzateke, hala nola estatu laguntzei eta aduanei buruzkoetan. Urrian sinatu zen akordioaren helburu nagusia, hain zuzen, Irlandako iparraldearen eta hegoaldearen arteko muga zurrunera ez itzultzea zen.

Bihar da aurkeztekoa lege proiektua. Erresuma Batuko Gobernuaren iturrien arabera, nolabaiteko erresalbua da, negoziazioek porrot egiten duten kasuan erabiltzeko.

Irlandako Atzerri ministro Simon Coveneyk berehala gaitzetsi zuen Johnsonen mugimendu hori: «Jarduteko modu oso zentzugabea litzateke».

Brexit-erako akordioa joan den urrian adostu zuten Erresuma Batuak eta Europako Batasunak, bien arteko dibortzioaren baldintzak hitzartuz. Horiek horrela atera zen herrialdea Batasunetik joan den urtarrilaren amaieran, eta trantsizio epea hasi zen, aurtengo abenduaren 31 artekoa.

Bi fakzio

Jada sinatutako baldintza edo adostasun horietan orain alde bakarrez atzera egiteak —edo aukera hori mahai gainean jartzeak— bi ondorio esanguratsu izan ditzake, iturri diplomatikoek adierazi dutenez. Batetik, are gehiago gaiztotuko lituzke harreman berrirako negoziazio jada lardaskatuak. Eta, bestetik, Erresuma Batuak bere konpromisoak betetzeko duen gaitasunari edo borondateari buruzko zalantzak piztuko lirateke nazioartean, noiz, eta herrialdea merkataritza akordioak negoziatzen ari denean hainbat herrialderekin.

Londresko zenbait egunkariren arabera, Johnsonen gobernuan bi fakzio daude oraintxe, nor nagusituko lehian. Hori uste du Bruselako negoziatzaile taldeak ere. Batetik, jarrera errealistagoarekin, akordio bat egitea ezinbestekoa dela uste dutenak daude, eta, bestetik, brexit-aren beraren ideologoak izan eta azken bururaino joan nahi dutenak.

Erresuma Batua abenduaren amaieran aterako da Europako Batasuneko merkatu bateratutik eta aduana eremutik, orduan iraungitzen baita brexit-erako trantsizio epea. Ordurako ez badago adostasunik Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren arteko harreman berrirako, baliteke mugetan eta aduanetan nahasmen handia sortzea eta batetik bestera igaro behar duten salgaiek muga zerga handiak izatea, Munduko Merkataritza Erakundearen baldintzak ezarriko bailirateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.