Udalek gehiago gastatu ahal izango dute, Madrilek gastu araua etengo duelako

2018ko eta 2019ko superabitaren zati bat inbertsio jasangarrietan erabiltzeko aukera eman nahi die Espainiako Gobernuak. Beste dekretu bat landuko du

Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroa, joan den astean, Kongresuan. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Gorteetan jasandako porrot bat arindu nahian dabil Espainiako Gobernua. Joan den astean, hutsegin zuen udalek azken urteetan pilatutako superabiten bitartez bere burua finantzatzeko saioan, Teruel Existeren diputatu bakarraren babesa besterik ez baitzuen jaso. Galera historikoa izan zen, azken 40 urteetan hiru aldiz baizik ez baitu galdu gobernu batek lege dekretu bat berresteko bozketa bat. Udalek beren dirua erabiltzeko dituzten mugak kentzearen aldekoak ziren PSOE-Unidas Podemos gobernuaren ohiko aliatuak, EAJ eta EH Bildu barne, eta badirudi lortuko dutela beren helburua, hein baten bederen. Izan ere, azken urteetako superabiten zati bat erabiltzeko baimena eman nahi die orain Espainiako Gobernuak. Gainera, aurten ez dute gastu araua bete beharko, eta, horri esker, gastua handitu ahal izango dute pandemiak eragindako behar batzuei aurre egiteko. 2020rako %2,9ko gastu muga ezarri zuen Madrilek; hau da, erakunde publiko baten gastua ezin zela 2019an baino %2,9 handiago izan.

2021ean ere gastu araua alde batera uzteko aukera onartu du Maria Jesus Montero Ogasun ministroak, La Sexta telebista katean. Azaldu zuenez, lege dekretu bat landu nahi dute orain, Ā«ustez adostasun handiena jaso zutenĀ» aurreko dekretuaren neurriekin. Ministerioak kalkulatu duenez, atzera botatako dekretuaren %85 joango da dekretu berrian. Kanpoan geratuko da udalek beren kutxetan dituzten soberakinak Espainiako Gobernuari mailegatzeko aukera. PSOEko alkate batzuek baizik ez zuten ontzat hartu aukera hori.

Gastu araua aldi baterako bertan behera uztea jada agertzen zen Kongresuak atzera botatako dekretuan. Zehazki, Aurrekontuen Egonkortasun Legeak ezohiko egoeretarako aurreikusten duen artikulu bat baliatu nahi zuen Madrilek gastuaren araua aldi baterako indargabetzeko.

Egonkortasun Legeak mugatzen du, hain zuzen ere, erakundeen gastu publikoa, lehentasuna ematen baitio kontu publikoak orekatzeari. 2012an jarri zuen indarrean orduko Espainiako Gobernuak, PPrenak, eta, orduz gero, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Hegoaldeko beste erakunde publikoek ezin dute nahi beste gastatu, eta defizit muga batzuk bete behar dituzte. Udalen eta tokiko beste erakundeen kasuan, zero defizita. Oraingo dekretuak ez du debekua kenduko, eta, hortaz, tokiko erakundeek soilik daukaten dirua gastatu ahal izango dute.

Pilatutako superabitak

Espainiako Ogasun Ministerioa k azaldu duenez, 2019. urtean pilatutako superabita gastatzeko aukera izango dute udalek aurten, betiere jasangarritzat jotzen diren inbertsioak egiten badituzte. Gainera, 2018ko superabitarekin finantzatzen ari diren inbertsio horietako batzuk 2021ean bukatu ahal izango dituzte.

Foru aldundiei bereziki eragiten dien puntu bat ere aipatu du Ogasun Ministerioak: 2019ko superabita erabili ahal izango dute aurten zerga bilketan izandako galera konpentsatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.