Kirgizistango hauteskundeetako emaitzak baliorik gabe utzi dituzte

Manifestariek parlamentua hartu dute, eta bozak berriz egiteko exijitu. Poliziarekiko borroketan gutxienez pertsona bat hil da, eta ehunka zauritu. Lehen ministroak dimisioa eman du

Kirgizistango Legebiltzarrerako bozetako emaitzetan iruzurra izan dela salatzeko protestak, Bixkeken. IGOR KOVALENKO / EFE.
Arantxa Elizegi Egilegor - Jone Bastida Alzuru
2020ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Urriaren 4an egin zituzten legebiltzarrerako hauteskundeak Kirgizistanen, eta Sooronbai Zheenbekov presidentearen aldeko alderdi errusiazaleek eskuratu zituzten botoen erdiak; are, lau alderdik soilik lortu zuten ordezkaritza izateko beharrezkoa den %7ko babesa. Oposizioak, baina, ez zituen emaitzak onartu, bozen prozesuan urraketa larriak izan zirela argudiatuta: salaketa jarri zuen Hauteskunde Batzordean, eta emaitzak bertan behera uzteko eskatu zuen. Horiek horrela, biharamunean protesta sutsuak piztu ziren Bixkek hiriburuan eta beste zenbait hiritan; Poliziarekiko borroketan gutxienez pertsona bat hil eta 650 lagun zauritu dituzte. Batzordeak, azkenean, baliogabetu egin zituen atzo bozetako emaitzak. Haren arabera, aho batez hartutako erabaki horren helburua «herrialdeko tentsioa areagotzea eragoztea» da.

Zheenbekov herrialdeko presidenteak bideo bidez jakinarazi zuen berak ere ea iruzurrik izan den ikertzeko eskatu ziola Hauteskunde Batzordeari, eta beharrezkoa balitz emaitzak baliogabetzeko. Oposizioko «zenbait indarri», berriz, hauteskundeen emaitzak «ordena publikoa urratzeko» baliatzea leporatu zien, baita indar politiko batzuk «boterea legez kanpo eskuratzen saiatu zirela» salatu ere: «Ez diete segurtasun indarrei men egin, osasun langileak jipoitu dituzte, eta eraikinak hondatu». Jarraitzaileak «lasaitzeko» eta «pilaketetatik aldentzeko» eskatu zien indarrei. «Herrikide guztiak deitzen ditut bakea babestera eta indar probokatzaileen deiei jaramonik ez egitera».

Parlamenturako hauteskundeetan parte hartu zuten hamasei alderdietatik 11k egin zuten protestak egiteko deia, horiek iruzurrean oinarrituta zeudelakoan. Hala, mobilizazioetan emaitzak baliogabetzeko eta bozak berriro egiteko exijitu dute.

Bixkek hiriburuan lehertutako protestetan, manifestariak parlamentura sartu ziren, eta hainbat bulegori ere eraso zieten. Horrez gain, ustelkeriagatik preso zeuden Sapar Isakov eta Zhantoro Satibaldiev lehen ministro ohiak eta Almazbek Atambaiev presidente ohia askatu zituzten, beste goi kargudun ohi batzuen artean.

Atambaiev 11 urteko espetxe zigorra betetzen ari zen, ustelkeriagatik eta «talde kriminal bateko burua» aske uzteagatik. Zheenbekoveren gertukoa zen Atambaiev, lehenengoak 2017ko presidentetzarako bozak irabazi zituen arte; geroztik urrundu egin dira bien jarrerak.

Zheenbekovek «agintea lapurtu» nahi izatea egotzi zien oposizioko alderdiei, eta geroago eginiko adierazpenetan salatu zuen dagoeneko jazotakoa «boterea legez kanpo hartzea» dela, herrialdeko hainbat goi kargudunen dimisioa tarteko. Bestalde, adierazi zuen gertaerek erakutsi dutela manifestaziora datozenen helburua ez dela soilik hauteskundeen emaitzak indargabetzea, baizik eta herrialdeko egoera ezegonkortzea. «Presidente legitimoa naiz», gaineratu zuen, eta jakinarazi prest dagoela indar politikoekin biltzeko eta hitz egiteko.

Bada, egoerak bultzatuta, Kirgizistango Parlamentuak ezohiko saioa egin zuen atzo, Bixkeken dagoen Dostuk hotelean. Bilkuran, Kubatbek Boronov herrialdeko lehen ministroak dimisioa eman zuen, kaleko presioek behartuta, eta haren ordezSadyr Zhaparov onartu zuten behin-behinean aritzeko; AKIpress agentziaren arabera, protestariek herenegun askatu zuten espetxetik diputatu ohia. 2018an sartu zuten kartzelan Zhaparov, eta 11 urte eta erdiko espetxe zigorra ari zen betetzen, 2013. urtean Karakolen manifestazio bat antolatu eta orduko eskualdeko gobernadorea bahitzeagatik.

Atzoko saioan, Boronov ez zen izan kargua utzi zuen bakarra: bide bera hartu zuen Dastan Jumabeko Parlamentuko presidenteak ere, eta diputatuek Miktibek Abdildaev hautatu zuten haren lekurako. Oposizioko kideak dira azken bi izendapen horiek. Protestariek, eraikinean sartu, eta saioa eten zuten.

Oposizioak ez ezik, ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeko bitartekariek ere susmoak agertu dituzte igandean egindako hauteskundeen inguruan. Thomas Boserup bozeramailearen esanetan, kanpaina modu egokian kudeatu bazuten ere, nabarmena izan zen gobernuko alderdien presentzia komunikabide nagusietan, eta kezka agertu du oposizioko kideen aurkako mehatxu eta oztopoen inguruan; baita alderdiek jasotako diruaren inguruko argibide faltaren inguruan ere. Hala ere, Boserupen arabera, «botoak erosi izanaren susmoak» dira okerrenak: «Ez dira funtsik gabeko salaketak».

Oposizioaren erantzuna

Parlamenturako bozetako emaitzak bertan behera utzi zituztela jakin eta gutxira, Kirgizistango zenbait alderdik Koordinazio Kontseilua eratu zutela jakinarazi zuten. Halaber, argi utzi zuten zein den beren exijentzia: herritarren konfiantza duen gobernu bat sortzea. Adahan Madumadov Kirgizistan Batuako buruak eman zuen Kontseiluaren osaketaren berri. Sinatzaileek adierazpen bat argitaratu zuten salatzeko Hauteskunde Batzordeak bozetako azken emaitzak manipulatu zituela.

Manifestariek eraikin ofizialak hartzearen ondorioz sortutako botere hutsunea dela eta, Koordinazio Kontseiluak «egonkortasun soziala eta politikoa ahalik eta lasterren berrezartzeko» beharra defendatu zuen, eta azaldu organo hori sortzea erabaki dutela «prozesu horren kudeaketa zentralizatua egiteko». Gobernuak funtzionatzen jarraitzen duela aldarrikatu zuen. Mekenchil oposizioko alderdiak, berriz, gaitzetsi egin zuen Koordinazio Kontseilua eratu izana. «Ez dugu onartzen: denak legearen barruan egon beharko luke», esan zuen Kamchybek Tashievek alderdiko liderrak. Ildo beretik jo zuen Zhaparov haren kideak ere.

Kirgizistanen gertatutakoak erreakzioak eragin zituen nazioartean, eta Europako Batasuna horren inguruan mintzatu zen. Herrialdeko indar politiko guztiei eskatu zien konstituzioaren esparruan jarduteko eta desadostasunak modu baketsuan konpontzeko. Adierazi zutenez, estatu kideek hauteskunde «sinesgarri, garden eta inklusiboak» egitea espero dute. Dimitri Peskov Errusiako Presidentetzako idazkaria, aldiz, arduratuta agertu zen: «Kezkatuta gaude, eta egungo egoerari irtenbidea ahalik eta azkarren topatzea itxaro dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.