Aurrera egiteko «atzera begiratzea» proposatuko dute Memoria Egunean

Batez ere, gazteak hartuko dituzte aintzat. Herrietan ez dute sustatuko elkarretaratzerik, baina azaroaren 10ean ekitaldi bat egingo dute Bilbon

Beatriz Artolazabal. J. FONTANEDA / FOKU.
gotzon hermosilla
2020ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
«Atzera begiratu, aurrera jarraitzeko», hori izango da aurtengo Memoriaren Egunaren goiburua, eta batez ere gazteak hartuko ditu aintzat, «haiek direlako etorkizuna». Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek azaldu duenez, iragana, oraina eta etorkizuna «kate bereko katebegiak» dira, eta beharrezkoa da iraganari «begirada berri, kritiko, ausart eta etikoaz» so egitea «Euskadi justuago eta kohesionatuago bat» lortzeko.

Artolazabalek esan duenez, gakoa ez da besterik gabe «orria pasatzea», eta beharrezkoa da atzera begiratzea iraganetik ikasteko eta «zauriak ondo ixteko». Haren irudiko, gertatutakoaren inguruko analisiak askotarikoak izan daitezke, baina gizarteak gauza izan beharko luke ados jartzeko «indarkeriaren zentzugabekeriaren deslegitimazioan eta giza eskubideen urraketen gaitzespenean». «Ez dago giza duintasunaren gainetik dagoen kausa politikorik edo estatu arrazoirik», esan du.

Gogora institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrok esan duenez, pandemiak sortutako egoera dela eta, aurten Memoriaren Egunean ez dute elkarretaratzerik sustatuko, nahiz eta zenbait herritan udalek horrelakoak antolatuko dituzten, eta, batez ere, zenbait material jarriko dute udalen eta ikastetxeen esku.

Gainera, azaroaren 10ean ekitaldi bat egingo dute Gogoraren Bilboko egoitzan, 17:00etan. Iñigo Urkullu lehendakaria han egongo dela iragarri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.