Mila eguneko zigorgabetasuna

Marielle Franco 2018ko martxoan hil zuten. Brasilgo ekintzailearen gertukoek aurrerapausoak eskatu dituzte hilketaren arduradunak atzemateko. Bi polizia ohi daude atxilotuta hiltzaileak direlakoan

Merielle Franco 2018ko martxoaren 14an hil zuten. Brasilgo ekintzaile eta politikariaren irudi bat, joan den azaroan, Rio de Janeiroko kale batean. ANTONIO LACERDA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Erantzunen zain eta ikerketak aurrera egiteko esperoan segitzen dute Marielle Franco Brasilgo ekintzaile eta politikari zenaren hurbilekoek, hura hil zutela mila egun bete direnean. «Marielle nork hil zuen eta krimenaren egile intelektuala nor izan zen argitu gabe mila egun betetzea lotsagarria da Brasilentzat», adierazi du Monica Benicio Francoren alargunak. Orain arte, ikerketari buruzko datu gutxi jaso dituztela nabarmendu du Anielle Franco hildako ekintzailearen ahizpak. «Zoritxarrez, ez dugu inolako berririk izan azken hilabeteetan. Isilean gordetako ikerketa da. Ulertzen dugu isiltasuna garrantzitsua dela, baina informazio gehiago izatea gustatuko litzaiguke».

Marielle Franco 2018ko martxoaren 14an hil zuten tiroz, Rio de Janeiroko erdiguneko kale batean, Anderson Gomes bere ibilgailuko gidariarekin batera, emakume beltzekin ekitaldi batean parte hartu ostean. Francoren hilketak oihartzun handia izan zuen Brasilen eta nazioartean, ekintzaileak giza eskubideekiko eta gutxiengoen babeserako agertu zuen konpromisoarengatik. Favela batean hazitako emakume lesbiana eta beltz hura ez zen isildu talde parapolizialen gehiegikerien aurrean eta argi kokatu zen horien jardun kriminalaren aurka. PSOL Sozialismoa eta Askatasuna Alderdiko zinegotzia zen hirian, hil zutenean. Berriki, Benicio haren bikote zenak hartu du bere tokia, Rio de Janeiroko zinegotzi aukeratu baitzuten joan den azaroko udal bozetan, PSOL alderdiaren ordezkari gisa.

Giza eskubideen aldeko hainbat elkarteren iritziz, Francoren hilketa kasu enblematikoa da, ezin hobeto islatzen duelako Brasilen baztertutako sektoreen kontra krimenak egiten dituztenek askotan izaten duten zigorgabetasuna.

Ekintzailearen hilketatik mila egun bete ziren atzo, eta AI Amnesty Internationalek eta Marielle Franco fundazioak ekintza sinboliko bat egin zuten Rio de Janeiroko udaletxearen aurrean. 550 alarma joarazi zituzten, «justizia eta segurtasun publikoaren organismoak esnatzeko eta horien arreta pizteko, haiek baitira mila egunez luzatu ezin daitekeen ikerketaren arduradunak», azaldu du Jurema Werneck AIren Brasilgo zuzendari exekutiboak.

Orain arte, bi pertsona atxilotu dituzte Francoren hilketarekin lotuta. Biak polizia ohiak dira, eta krimenaren egile materialak izatea leporatzen diete. Epaiketa zain daude. Hilketaren agindua eman zuenari buruzko eta krimenaren motiboen gaineko informaziorik ez da ezagutarazi, ordea. Poliziak hainbat hipotesi ditu mahai gainean. Horien artean, krimena Rioko talde parapolizialek egin dutenarena eta hilketa Francoren etsai politikoekin lotzen duena. Guztiak susmagarri atxiloturik gabe eta aurrerapauso ezagunik gabe.

«Brasilgo eta Rio de Janeiroko organoei presio egiten ari gara erantzunbat jasotzeko. Ez Marielle egunero hiltzen diren gainerako pertsona guztien aurretik jartzeko, baizik eta oso ondo antolatutako krimen bat izan zelako, oso ondo antolatutako feminizidio politikoa», nabarmendu du ekintzailearen ahizpak.

Polizia Federalaren esku

Ikerketa atzeratuta doan arren, Francoren gertukoak kasua Brasilgo Polizia Federalaren esku uztearen kontra agertu dira, eta ikerketak Rio de Janeiroko Polizia Zibilaren ardurapean jarraitzeko eskatu dute. «Ez dago arrazoi teknikorik eskumen aldaketa justifikatzen duenik. Ulertzen dugu mila egun denbora luzea dela, baina ikerketa bat dago abian», esan du Beniciok.

Haren iritziz, adierazgarria da Brasilgo Gobernuak kasua Polizia Federalaren esku gelditzeko proposamena egin izana, hain justu, Jair Bolsonaro herrialdeko presidentearen izena gertaera batzuekin lotuta agertu zenean, nahiz eta azkenean gertaera horiek ikerketarekin zerikusirik ez zutelakoan kasutik baztertu ziren. Benicioren arabera, «orduan erakutsi zuen presidenteak kasua federalizatzeko interesa». Bolsonarok jakinarazi zuen lekuko bat galdekatzeko eskatu ziola Polizia Federalari. «Ez dugu nahi Bolsonarok kontrolatu nahi duen Polizia Federalaren esku hartzerik kasuan. Brasilgo politikan txanpon baten kontrako bi alde badaude, horiek Bolsonaro eta Marielle dira».

Francoren gertukoek ohartarazi dutenez, «ezin da demokraziaz hitz egin estatuak Marielle eta Anderson nortzuk hil zituzten erantzun arte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.