Aldi baterako erregulazioak luzatzeko negoziazioak hasiko dituzte bihar

Urtarrilaren 31 arte daude indarrean oraingo baldintzak. Aldaketa gutxi egin nahi ditu Espainiako Gobernuak, eta enpresek gutxiago ordaintzea patronalak

Ostalarien protesta bat, itxieren aurkakoa, Eguberrien atarian, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Iker Aranburu.
2021eko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Pandemia luzatu ahala, hartara egokitu behar izan dute hari aurre egiteko neurri bereziek. Horietako bat da ABEE aldi baterako enplegu erregulazioen baldintza bereziena. Urtarrilaren 31n da amaitzekoa azken luzapena, baina bihar elkartuko dira dira Madrilen Espainiako Gobernua, CCOO eta UGT sindikatuak, eta CEOE patronala, hurrengo hilabeteetan erregulazioek zer baldintza izango duten erabakitzeko.

Luze jo zuen aurreko negoziazioak, irailean, eta epea gainditu ondoren itxi zen. Oraingoan gauza bera ez gertatzeko helburua jarri dio bere buruari Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroak, esan baitu negoziazioa hilaren 15erako itxi nahi duela. Horretarako badu formula bat: gauzak dauden bezala uztea, edo aldaketa txiki batzuk besterik ez egitea.

Inork ez du zalantzan jartzen aldi baterako enplegu erregulazioak oso tresna garrantzitsua izan direla koronabirusaren krisiaren kalte soziala arintzeko. Erruz erabili dira, eta, horri esker, langabezia, asko handitu izan arren, aurreko krisi gogorretan baino gutxiago hazi da.

Horrela, herenegun zabaldutako datuen arabera, 2020. urteak 22.500 langabe gehiago ekarri ditu Hego Euskal Herrian, eta 24.200 enplegu gutxiago (Gizarte Segurantzaren afiliazioak). Baina urtearen amaieran beste ia 50.000 lagun zeuden ABEE batean, hau da, aldi baterako lanik gabe edo lanaldi murriztuarekin, baina kontratua hautsi gabe. Martxoan, 235.000 ere izan ziren, baina kopuruak behera egin zuen nabarmen urrira arte—26.000 geratzen ziren—. 2020ko azken bi hilabeteetan berriro gora egin du, batik bat tabernak eta jatetxeak itxita egon direlako hainbat astez, eta ondoren muga handiekin ireki dituztelako.

«Ñabardurak»

Azken asteetan COVID-19 kasuek berriro gora egiteak pentsarazten du sektore ekonomiko askok muga handiekin funtzionatuko dutela hurrengo asteetan eta hilabeteetan. Ondorioz, enplegu erregulazioen baldintza bereziak luzatzearen alde mintzatuko dira alde guztiak biharko bileran. «Eredu arrakastatsua da», azaldu du Israel Arroyo Gizarte Segurantzako Estatu idazkariak, «baina aldaketa batzuk beharko ditu, ñabardurak». Arroyok berak gogorarazi du duela aste batzuk zenbait aldaketa dekretu bidez egin zituela Espainiako Gobernuak berak, ezinbesteko arrazoiengatik erregulazioa eskatzeko baimena eman zielako beste sektore batzuei, hala nola ostalaritzari, edarien banatzaileei, dendei eta apustu aretoei.

Aldaketa sakonagoak egin nahiko lituzke, berriz, CEOE patronalak —haren kide dira Confebask eta CEN—. ABEEn araudi berriaren puntu batekin dago tematuta enpresaburuen elkartea: erregulazioa eskatu duen enpresa batek ezin du inor kaleratu egoera horretatik atera ondorengo sei hilabeteetan.

Gai horretan aurrez aurre izango ditu sindikatuak, baina baita Diaz ministroa ere, enpresek jasotzen duten laguntza publikoaren ordaintzat baitu klausula hori. Salbuespen bat ere sortu dute: hartzekodunen konkurtso baten arriskuan dauden enpresek badute langileak botatzeko baimena.

Patronalaren beste eskari nagusia da erregulazioan jarritako langileen Gizarte Segurantzaren kotizazio guztiak estatuak bere gain hartzea. Hala izan zen pandemiaren hasieran, konfinamenduak iraun zuenean, baina gero gobernuak kotizazioen gero eta zati handiagoa utzi nahi izan du enplegatzailearen esku, hartara enpresak bultzatzeko langileak berriro hartzera eta jarduera normaltzera.

Epeei dagokienez, sindikatuek gutxienez lau hilabetez luzatu nahi dituzte, eta patronalak «pandemia bukatu arte» egiteko eskatu du. «Behar den guztia» luzatzeko promesa egin du gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.