Marokok NBEren bitartekaritza nahi du Saharako su-etenaren auzirako

Rabatek dio nazioarteko erakundeak zehaztu behar duela nork urratu duen menia azaroko gatazka izan zenetik. SEADek esan du prest dagoela beste aldearekin elkartzeko, okupazioa amaitu dadin

Naser Burita Marokoko Atzerri ministroa, artxiboko irudi batean. JALAL MORCHIDI / EFE.
ander perez zala
2021eko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Mendebaldeko Sahararen eta Marokoren arteko gatazkak fronte politiko eta diplomatikoan jarri du arreta egunotan, bi aldeek beren interesen araberako mugimenduak eta eskariak egin ostean. Rabaten jarrera izan da entzutetsuena, NBE Nazio Batuen Erakundearen bitartekaritza eskatu baitu 1991n Fronte Polisarioarekin adosturiko su-etenaren auzirako, nahiz eta nazioarteko erakundearen eta haren ebazpenen aurrean hainbatetan ez ikusiarena egin duen.

Naser Burita Marokoko Atzerri ministroaren ustetan, NBEri dagokio zehaztea Fronte Polisarioak ala Rabaten armadak, bietako nork urratu duen menia iragan azaro erdialdetik. Nazioarteko erakundearen apirilaren 21eko bilkurari begirako eskaria litzateke, orduan elkartuko baitira berriz Segurtasun Kontseiluko kideak Mendebaldeko Sahararen auziaz aritzeko. «Alde batetik, NBEren Segurtasun Kontseiluak ebatzi behar du, objektibitate osoz, nork hausten duen egunero su-etena, eta nork eskatu zuen hori amaitzeko; eta, beste alde batetik, nor lotzen zaion menia horri», adierazi zuen atzo Buritak.

Iragan azaroaren 13an, Mendebaldeko Sahararen eta Marokoren arteko tentsio militarrak gora egin zuen nabarmen, Rabat herrialde okupatuaren eta Mauritaniaren arteko mugan dagoen Guergueraten sartu zenean—Mendebaldeko Sahararen hegoaldean dago—. Eskualde hori desmilitarizatua da, bost kilometrokoa, baina Marokok militarrak hara bidaltzea erabaki zuen sahararren protesta bat desegiteko; dozenaka manifestari urriaren 21etik ari ziren protestan, inguruko errepide bakarra trabatzen. Zehazki, Minurso NBEren misioari exijitzen zioten bete dezala autodeterminazio erreferendum bat antolatzeko egindako promesa; Minurso 1991n eratu zuten helburu horrekin, eta su-etena zaintzeko egitekoarekin.

Gertakari horren harira, Brahim Ghali SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidenteak gerra egoera ezartzea erabaki zuen, hautsitzat jo baitzuten 1991ko su-etena. Hala, Fronte Polisarioak erasoei ekin zien berriz, baina Marokok beti ukatu du halakorik jaso dituenik eta bere soldaduak hil direnik.

Azaroko gertakariez, Salem Uld Salek Mendebaldeko Saharako Atzerri ministroak herenegun adierazi zuen «urak gainezka egiteko falta zen tanta» izan zirela, eta Mendebaldeko Saharako gatazka «hasierako puntuan» jarri zutela berriz.

NBEren erantzunarentzat kritikak ere izan zituen, meniaren urraketaren aurrean «ekintzarik eta salaketarik eza» izan zirelako nagusi; ezkortasuna da nagusi sahararren artean, Salekek uste baitu apirileko bilkuratik ere ez dela ezer aterako, eta, horregatik, eserleku bat izateko eskatu du nazioarteko erakundean, estatu kide gisara.

Bien bitartean, beste aldeak izan ditu garaipen diplomatikoak hilabeteotan, azkena herenegungoa izanik, Senegalek Mendebaldeko Saharan dagoen Dakhlan ireki baitu bere kontsulatua; jada 21 herrialdek egin dute hori Marokok «hegoaldeko probintziatzat» duen lurraldean. Horrez gain, AEB Ameriketako Estatu Batuek ere, Donald Trump presidente zela, Mendebaldeko Sahararen gaineko subiranotasuna aitortu zioten Marokori, eta «eskualde autonomo» bilakatzera deitu zuten; Joe Biden egungo estatuburuak, oraingoz bada ere, ez du atzera egin erabakian.

Preso bat indarrez elikatzen

Giza eskubideen auzian ere, kezka eragin du preso saharar baten egoerak. Mohamed Lamin Haddi kazetaria indarrez elikatzen ari dira iragan martxoaren 22az geroztik; gose greba urtarrilaren 13an abiatu zuen, eta RSF Mugarik Gabeko Kazetariak-en arabera, egungo «haren egoera fisikoa oso kezkagarria» da.

RSFk hura askatzeko eskatu du, eta haren sendiak presoa bisitatzeko aukera izan dezan, hari buruzko informaziorik ez baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.