ELAk pribatizazio asmoak ikusi ditu lanpostu publikoen prekarizazioan

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoko behin-behinekotasun tasa arlo pribatukoa halako bi da. Etziko greba deialdian parte hartzera deitu du, «60.000 langileren enplegua finkatzeko»

ELAk pribatizazio asmoak ikusi ditu lanpostu publikoen prekarizazioan.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko apirilaren 20a
00:00
Entzun
«Propagandatik harago doazen neurriak hartu behar dira langile publikoen egoera hobetzeko», eta haien lan baldintzak hobetzeko erabakiak «baldintzatzeko» babestu du ELA sindikatuak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore publikoan etziko egina dagoen greba deialdia. LABekin, CCOOekin, ESKrekin eta Steilasekin bat egin du —UGT eta Interinok sindikatuak ez dira batu—, eta helburuak argi ditu: egun behin-behinean dauden 60.000 langile publikoen egoera «finkatzea», lan estruktura publikoak dituen beharrak kalkulatzea, eta azpikontratazioaren bitartez gertatzen den pribatizazio prozesuari aurre egitea. Hori salatzeko, grebaz gain, manifestazioak antolatu dituzte ostegun goizez Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

Igor Eizagirrek, ELAko sektore publikoaren arduradunak funtzionarioen behin-behinekotasun tasaren inguruko datu argigarriak eman ditu: «Europan, langileen %20k sektore publikoan dihardute; Espainian, %16k; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, %12k. Azken horien artean %40 behin-behineko baldintzetan daude; sektore pribatuan, aldiz, behin-behinekotasuna %23koa da». Eizagirreren hitzetan, behin-behinekotasun hori sistemikoa da, erakunde eta sektore guztietan gertatzen delako.



Egoera transbertsal horren datuak eman ditu, behin-behinekotasun tasa sektorez sektore aletuz: %56koa da Jaurlaritzaren administrazio orokorrean —2010ean egin zituzten azken oposizioak—; %48koa hezkuntzan; %58koa Osakidetzan; eta %44koa Justizian. Salbuespen bakarra Ertzaintza litzateke, behin-behineko agenterik ez dagoelako. Udaltzainen artean, berriz, badago behin-behinekotasuna, %30 ingurukoa, sindikatuaren datuen arabera. Halere, Eizagirrek ohartarazi duenez, Ertzaintzan ere pribatizazioa apurka sartzen ari da garbiketan eta zaintzan. Esaterako Erandioko (Bizkaia) eta Arkautiko (Araba) ertzain etxeek segurtasun pribatua dute.

Datuak horiek dira eta, sindikatuaren diagnosiaren arabera, hiru arrazoi ezkutatzen dituzte: «Pribatizaziorako pausoak ematea, enplegu publikoa suntsitzea erraztea eta diziplina tresna gisa erabiltzea». ELAren ustez, egoera horrek langileen baldintzetan eragina du, baita herritarrek jasotzen duten zerbitzuaren kalitatean ere. Alde horretatik, alderdiei gogoratu die «zeresan handia» dutela Espainiako Gobernuan, eta Langile Publikoen Oinarrizko Estatutuaren aldaketa baldintzatu dezaketela. Jaurlaritzaren ahalmen legegileari dagokionez, orain arte harturiko neurriek ez dutela balio salatu du, besteak beste langile eta sektore asko bere aplikazio eremutik kanpo uzten dituelako.

Antzinatasuna, meritu

Baina nola lortu kontsolidazio hori? ELAk hainbat proposamen plazaratu ditu. Horretarako, lehenbizi esparru bakoitzean estrukturalak diren lanpostuak zehaztu behar dira, beharren benetako dimentsioa ezagutzeko. Esaterako, behin-behineko langile batek postu bat hiru urtez betetzen badu, estrukturaltzat jo beharko litzateke, eta plaza finkoa sortu. Balizko finkatze prozesua ere definitu du: oposiziorik gabe, edo, hautatze proba egotekotan, gehienezko puntuazio globala duena —gehienez 1,5 urteko esperientziaren parekoa—. Era berean, meritu gisa baloratu beharko litzateke postu horretan lan eginiko denbora. Azkenik, halakoak betetzen ez dituzten administrazioak zigortzeko mekanismoa sortu beharko litzateke.

Egitasmo horrek zalantza bat azaleratzen du: justua al da inoiz langile publiko ez izan eta postu hori lortzeko lehian sartu nahi dutenentzat? Eizagirre: «Salbuespen egoera batek salbuespen konponbideak behar ditu. Ez da egoera normala. Prozesu honekin pribatizazioa gelditu nahi dugu, eta lanpostu publiko berriak finkatu. Langile publiko gehienen adina 50 urtetik gorakoa dela kontuan hartuta, epe motzean postu publiko bat lortzeko aukerak asko handituko dira».

Etziko greba deialdia Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara mugatzen da. Halere, Nafarroako egoera antzeko dela salatu du ELAk. Osasunbidean, esaterako, behin-behinekotasun tasa %45etik gorakoa da, eta han ere mobilizazio dinamika hasi nahiko luke. «15.000 langile daude behin-behinean. Guk gure esku dagoena egingo dugu kontsolidazioa bultzatzeko. Beste sindikatuak dira egun behar hori ikusten ez dutenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.